2020ko irailaren 3a

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 10.000 plaza eskainiko ditu ia 700 ikastarotan, langabetuentzat eta lana dutenentzat

Dagoeneko izena eman daiteke erakunde horren webgunea, baita lan-orientazioa eskatu ere
Formazio kanpainako promozio irudia.
Formazio kanpainako promozio irudia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Enplegu Zerbitzua – Nafar Lansarek (SNE-NL) langabetuentzako zein lana dutenentzako 696 ikastaro eskainiko ditu urte-bukaera bitartean; 10.000 plaza izanen dira orotara. Plaza horietako 7.000 ingurutan sartzeko lehentasuna izanen dute lanean daudenek, baina %40 langabetuak izatea onartuko da. 

Eskubide Sozialetako Departamentuaren barneko erakunde horren zuzendari kudeatzaileak, Miriam Martónek, izena ematera deitu du argiki: “Trebakuntza beti da lagun ona, eta are hobea noraezeko une hauetan. Suspertzea prestatzeko dugun armarik indartsuena da trebakuntza”.    

Kudeatzaileak nabarmendu duenez, 2020aren bukaerari begira aurreko urteetan baino heziketa gehiago eskainiko du SNE-NLk, eskualde bakoitzean presentzia handiturik eta lansaio ez-presentzialak egiteko malgutasunez. “Baliabide publiko horiek baliatzea garrantzitsua da”, azpimarratu du.        

Trebakuntza-proposamena aldiro berritzen da empleo.navarra.es-en, izen-emateak zabaldu ahala. Lan-orientazioa behar dutenek hitzordua eska dezakete empleo.navarra.es-en. Diruz laguntzen da %100 ordaintzeko eta zentro publikoetan edo heziketa-entitateetan ematen da, maila eta arlo orotako ikastaroak daude, oinarrizko gaitasunak jorratzetik ikastaro tekniko trinkoetara. “Banaka zein kolektiboki, pandemiak ekonomia-ereduan azkartu dituen aldaketei egokitu behar gatzaizkie: gero eta digitalizazio, espezializazio eta eskaera-maila handiagoak, energi trantsizioa… Suspertzea prestatzeko dugun armarik indartsuena da trebakuntza”, berretsi du.

Martónek oroitarazi du SNE-NL dela enplegua suspertzeko politika guztiak biltzen dituen Nafarroako erakunde bakarra, “beste departamentu batzuetako (Kultura, Turismoa, Garapen Ekonomikoa – S3, eta abar) politika publikoak lurzorura jaitsi eta enpresen beharrak asetzeko tresna arina”.   

 SNE-NLk programa berriak sortuz erantzun zion pandemiari, “oinarrizko gaitasun digitalen eta mendekoen zaintzaren eremuetan, eta COVID-19ak kalteturiko sektoreetan trebakuntza eskaintzeko, eta Youtubeko kanal bat bultzatu zuen trebakuntza ez-formalerako”, azaldu du. 

“Ekoizpen-sistemaren aldaketari aurre egiteko konponbideak eta gaitasunak ematen ditugu, harremanetan jartzen ditugu lana bilatzen ari direnak eta soslai jakinak eskatzen dituzten enpresak, horri guztiari orientazioa eta lan-eskaintzak erantsiz. 2019an 17.200 parte-hartzaile izan genituen 1.200 ikastarotan, 2018an baino %10 gehiago, eta azken bost urteetako kopururik handiena”, adierazi du. 

700 ikastaroetatik, 160 izan ezik orain hasiko dira guztiak, eta 2020an bertan bukatuko dira. Aipaturiko 160 horiek heldu diren egunetan ezagutaraziko dira, eta ondorengo hilabeteetan programatzen ahal izanen dira, 2021eko ekaina baino lehen bukatzen baldin badira betiere. COVID-19aren karietara eginen den ezohiko deialdi baten barnekoak dira; entitate hezitzaileek eta sektore ekonomikoek pandemiari erantzuteko ikastaroak diseina ditzaten bultzatu da deialdi hori, eta ebazteke dago oraindik.

 “Ekimen honen xedea pertsonak eta sektoreak egokitzea da, produktibitate-mozkinekin suspertzea prestatzeko, edo beren ibilbide profesionala birbideratu nahi dutenei beste sektoreetan birziklatzea errazteko”, azaldu du Martónek, eta deialdia berritzailea dela azpimarratu du: “Heziketa emateko konpromisoa zuzenean hartu dute pandemia gehien jasaten ari diren enpresa-sektoreek: ostalaritza, merkataritza, metal-industria eta, neurri txikiagoan, garraioa, gimnasioak eta kirol-instalazioak, edertasuna eta ile-apainketa, garbiketa eta mendekotasuna dutenentzako arreta. Langabezian dauden, lana duten edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean daudenek ematen ahal izanen dute izena. Eskaintzak empleo.navarra.es webgunean jakinaraziko dira eta entitateek egoki iruditzen zaienean programatzen ahal izanen dituzte ikastaroak, 2021eko ekainerako bukatuta beharko dituztelarik.

Bestalde, garapen profesionalerako eta espezializazio estrategikorako 300 ikastaro emanen dira, besteak beste automobilgintzaren, elikadura-katearen eta energia berriztagarrien eremuetako zenbait espezialitatetan, hala nola big data, errealitate areagotua eta software aurreratuak.          

Era berean, lanbide batean jarduteko Profesionaltasun Ziurtagiriko beste 57 ikastaro eskainiko ditu SNE-NLk: zerbitzu kulturalak eta komunitarioak, kudeaketa administratiboa, kirol-jarduerak eta jarduera fisikoak, merkataritza eta marketina, lorezaintza, elektrizitatea, mantentze-lanak, eraikuntza, fabrikazio mekanikoa, informatika, e. a.      

Halaber, aurreikusi da lana duten edo langabezian dauden pertsonentzako beste 29 ikastaro eskainiko direla  Hezkuntza Departamentuko zentroetan, gehien-gehienak  Pamplona / Iruñatik kanpo.

Funtsezko gaitasunei buruzko 19 ikastaro eskainiko zaizkie Ziurtagiriko ikastaroetarako sarbide-titulaziorik ez dutenei. Mendekotasuna dutenen oinarrizko zaintzako 30 ikastaro emanen dira, lan-poltsak sortzeko xedez, eta horietatik 10 daude programatzeke, edo bete gabe dituzte zenbait plaza. Eta ahalmena dago, oraindik ere, internet bidez izapideak egiten irakasteko oinarrizko gaitasun digitalei buruzko beste 40 ikastaroren deialdia egiteko.

SNE-NLk beste 64 ikastaro sustatuko ditu bere baliabideak erabiliz, Iturrondon eta Ceniferren dituen zentroetan, edo Irakaskuntza Planaren esparruan. Honakoak nabarmendu beharra dago: 

- SNE-NL  Dohain Digitalak: oinarrizko gaitasunak, produktibitatea eta enpresa-estrategia, eraldaketa digitala … enpresen eta profesionalen arloetako entitateekiko lankidetza bidez: hacking-a, zibersegurtasuna, Python, Big Data eta industria-informatika. 

- Sormen-industriak: ideia bat proiektu bihurtzea, babesa/mezenasgoa/crowdfundinga eta  ‘Sormen-proiektuen marketina’.

- Soldatzea, elikagaien maneiua, industria-arloko oinarrizko operazioak, etab.

- Espezializaturikoak: zerga-kudeaketa, proiektuen kudeaketa, ingelesa, OSI, kostuen kontrola, esportazioa.

- CENIFER: instalazio fotovoltaikoeni buruzko teletrebakuntzako profesionaltasun-ziurtagiria,  GWO, energi ikuskaritza, mantentze-lanak, machine learning, PLCak, autokontsumoa, solidwork-ak, eguzki-pergolen eraikuntza.

- Ekintzailetza: “Goiz eta merke erratu zaitez”, “Zure negozioa 5 saiotan” eta “Zeure ideia azkartu edo hil ezazu”.  Eta “Innovation Camp” bat ekonomia zirkularreko negozioetarako.

- Lan-trebakuntzako irakasleak. SNE-NLk 100.000 euro erabiliko ditu haiek hezteko, 2019an halako bi. Egiteke daude irakasleentzako birziklatze eta berrikuntzako 10 ikastaro.