Descárgate la app
Kultur Programa Tutera, Etxarri Aranatz, Arguedas, Agoitz, Erronkari eta San Adrianera iritsiko da asteburu honetan
2020ko irailaren 2a
Kultur Programa Tutera, Etxarri Aranatz, Arguedas, Agoitz, Erronkari eta San Adrianera iritsiko da asteburu honetan
Kultur 2020 Programa iraileko lehen asteburuan Tutera, Etxarri Aranatz, Arguedas, Agoitz, Erronkari eta San Adrianera iritsiko da. Bertan folk eta musika kubatarra nahiz irlandako dantzekin osatutako ikuskizunez gozatzeko aukera izanen da.
Ikuskizunak bihar, irailak 3 osteguna, hasiko dira Tuteran Los Stompers eta Nuara Irish Dancers taldeen eskutik, zeintzuk Irlandako musika eta dantza eskainiko dituzten. Ostiralean, Etxarri Aranatzen Tolsaldeako Tempora taldea arituko da, eta Arguedasen 25 urte baino gehiagoko ibilbidea duten The 2 Blues Band.
Larunbatean, Eluntze Dantza Taldearen txanda izanen da Agoitzen, eta Jorge Sánchez eta Eva Niño, berriz, Erronkarira iritsiko da. Igandean, azkenik, Jo an Swiss Knife taldeak folk musika eramanen du San Adrianera.
Los Stompers eta Nauala Irish Dancers
Stompers-ek 25 urte daramatzate irlandar musika jotzen Europa osoan zehar, The Dubliners talde ospetsuaren pausoei jarraituz, horiek izan baitira irlandar folk-musikaren adierazgarririk handiena. “Tribute to The Dubliners” ikuskizun berriarekin, omenaldia egin nahi diete beren heroiei, Dublinera egindako bidai musikal dibertigarri baten bidez; izan ere, hiri hura Irlandako hiriburua izateaz gain, puben eta pinten hiriburua ere bada!
Kontzertuan zehar, irlandar tabernetako abesti klasikoak adituko ditugu, hala nola 'Dicey Reilly', 'I’ll Tell Me Ma', 'The Wild Rover' eta' Whiskey in the Jar', eta, horiekin tartekatuta, abesti instrumental alaiak joko dituzte: giga, polka eta reel ospetsuak. Bitartean, abestien atzean dauden istorioak kontatuko dituzte Brian eta Dara dublindarrek, baita Dublingo bizitzaren bitxikeriak ere.
Zenbait irlandar dantza tradizional ere ikusiko ditugu; eta, haietan, Nuala Irish Dancers taldeko Polinak eta Valeriak beren abilezia erakutsiko digute, bai oinetako bigunekin, baita irlandar klakeko gogorrekin ere; mundu osoan ospetsu bihurtu da azken hori Riverdance ikuskizunari esker.
“Tribute to The Dubliners” gau-emanaldia ahaztezina izanen da, ipuinez, abestiez eta dantzez betea; orain dela mende bateko Dublinen barnako ibilaldi bat (hango etxeak, pubak, jendea eta musika) Los Stompers taldearen eskutik: The Dubliners-ek utzitako ondarearen oinordeko zuzenak.
Tempora
Tenpora Tolosaldean sortutako taldea da. Ibilbide luzeko bost musikarik osatzen dute; 2012an hasi ziren jotzen eta bi disko luze argitaratu dituzte (Mundu berria 2014 eta Itzulika 2017).
Aipatzekoak dira taldearen osaera eklektikoa eta erakusten duten musika-aberastasuna; baina ez da harritzekoa, kontuan hartzen badugu beste proiektu eta talde batzuetako partaideak ere badirela, hala nola: Maddi Oihenart, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Cantus Caterva, Umama eta Et Incarnatus Orkestra. Estiloen eta sentikortasunen baturak berezko nortasun berezia ematen dio taldeari, aztarna uzten duen nortasuna. Haien musika sailkaezina da; izan ere, taldea etengabeko bilaketan aritzen da, baina beren soinuaren esentzia eta nortasuna galdu gabe. Musika-adituek diote beren kantak popetik eta jazzetik datozela eta elektronikaren eta rock progresiboaren lurraldean sartzen direla. Batez ere, honako ezaugarri hauek azpimarratu dituzte kritikariek: proposamenaren kalitatea, zuzenekoaren indarra eta kantetan islatzen den sentikortasuna, batetik, eta taldearen sendotasuna eta dotorezia, bestetik.
Etxarri Aranatzera etortzekoak dira beren hirugarren diskoa, 'Berriro asma nazazu', aurkeztera. Lan bikaina, taldearen ibilbide sendoa baieztatzen duena.
The 2 blues band
Taldea 1990ean sortu zen, Iruñean, Miguel 'Lawyer' Gonzálezen (ahotsa) eta Michel 'Montgomery' Remónen (gitarra) eskutik, eta, aurrerago, kide berriak bildu ziren taldea osatzen laguntzeko. Ehunka kontzertu dira Chicago Blues gure estiloaren berme: ingelesezko eta gaztelaniazko kantak, klasiko handiak eta abesti propioak. 25 urte baino gehiagoz, DE 2 EN BLUES BAND taldeak musika afroamerikarraren kanta handienez gozatu (eta gozarazi) du, batez ere bluesaren eta soularen alorrean. Publikoarekiko komunikazioa, kontaktua eta konplizitatea bilatzea da kontua, hala denen artean gure estiloaren gorespen-festa bat bizi ahal izateko.
Bluesa eta soula pasioz bizitzen dituen seikote bat gara, eta hori barneratu egin dugu, gure bizitzaren funtsezko zatia bihurtu arte.
Besteak beste, honako artista hauen hasierako gonbidatu gisa jo dugu: Golden Gate Quartet, Pat Travers, Dave Hole, Javier Vargas, Red House (Jeff Espinoza eta Francisco Simón), Honeyboy Hickling... Eta hauekin batera eman ditugu kontzertuak: Lucky Peterson, Mighty Sam McClain, Revolver, Blues Blaster, Big Mama eta Joan Pau Cumellas, Josetxo Goia, Ñaco Goñi y los Bluescavidas, Mr.Hurricane Band, eta beste hainbesterekin musika-jaialdietan, hala nola: Getxoko Bluesa (2001), Elorrioko Jazz eta Bluesa, Aragoiko Ritmo y Blues (2001), Tolosa and Blues (2005 eta 2014), San Isidro Madrilen (2005), Burlatako Udazkena Blues (2007), Heineken Jazzaldia Donostian (2011 eta 2013), Burlatako Blues Jaialdia (2014), Zizurkilgo Blues Jaialdia (2015), Jazzfermin (2012) eta Fiteroko Festival Kultur jaialdia (2016).
Eluntze dantza taldea
Eluntze Dantza Taldea Mendillorrin sortua da, eta hemen aurkezten den ikuskizuna beren hamargarren urteurrena dela-eta sortu dute. Dantza eta antzerki amateurraren bidez, sormen-lan honetan murgilduko gara eta gizakiaren historian zehar ibiliko gara hiri-auzo batera ailegatu arte (gure auzoa ere izan daiteke). Lurrak, animaliek, nekazaritzak, jauregiak eta fabrikak osatzen dute auzolanean sortutako zuzeneko arte-lan hau, eszenografia, argiztapena eta ikus-entzunezkoak erabiliz. 75 minutuko emanaldiak gure geografian barnako ibilbide bat egiten du, dantza eta musika tradizionalak lan honetarako bereziki elkartuz.
Honako hauek osatzen dute emanaldia: Eluntze Dantza Taldea, Mendillorriko Gaiteroak eta Gaztelumendi Mendillorriko Konpartsa.
Jo and Swiss Kinife
Jo & Swiss Knife folk-musika eta musika amerikarra jotzen duen boskote bat da; 2014an abiatu zuten beren ibilaldia eta indarrez sartu ziren tokiko agertokietan Music From Small Pink lehen diskoarekin. Orduz gero, ehun kontzertu eta emanalditik gora egin dituzte Europan eta Asian, arrakastaz. 2016an zehar, bira bat egin zuten Europan barna, eta, Espainiaz gain, Frantzian, Belgikan, Alemania eta Suitzan ere jo zuten. 2017ko apirilean, beren bigarren estudio-diskoa argitaratu zuten, Flea Zirkus izenekoa; lan horrekin jauzi egin zuten arte eszenikoetara, eta biran Taiwaneraino ere ailegatu; horrez gain, hari esker, beren nortasuna, ideiak eta bandaren adierazgarri den estetika definitu zituzten. Iaz, beren azken lana argitaratu zuten: Unwanted. Lan horretan, ahotsa ematen diete baztertuei, amorrua eta haserre-sentimenduak erakusten dituzte egunero ikusten ditugun injustizia sozialen aurka; hala ere, ez dituzte alde batera uzten beren goxotasuna eta sotiltasuna, horiek ere lekua baitute Unwanted-en artean. Izan ere, Jo&SK adituak dira arlo horretan, ahots-harmoniak eta barne-paisaiak lantzen. Azken batean, banda original baten asmo-adierazpen serio bat da, ez bakarrik beren instrumentazio eta eszenaratzearengatik, baina baita beren baliabide poetiko eta literarioaren unibertso agortezinarengatik ere, horiek, amerikar musikaren tradizioan oinarrituta badaude ere, puri-purian baitaude.
Jorge Sánchez eta Eva Niño
Musikari hauek duela 18 urte baino gehiago osatu zuten bikotea eta gitarraren eta biolontxeloaren bidez ateratzen zaie trobaren musika. Euren musika-tresnekin elkarren artean hitz egiten dute eta eszenaratze horretan ahotsa da beti elementu nagusia. Kontzertuan, Jorgeren konposizioez gain, trobadore ezagunen abestiak ere eskaintzen dituzte, besteak beste, Pablo Milanés, Silvio Rodríguez, Polito Ibáñez, Santiago Feliú eta Ricardo Arjonarenak.
Jorge Sánchezek eta Eva Niñok ahotsa, gitarra eta biolontxeloa elkartzen dituzte eguneroko kontuak adierazteko, urteetan zehar bizi izandako bizitza adierazteko. Haurtzarotik inoiz amaitzen ez den heldutasunerako bidean, Jorgeren letrak norberarenak balira bezala haztatzen dira. Ikus-entzuleekin duen 18 urtetik gorako komunikazioak hurbila eta konprometitua bihurtu du bikotea inguratzen duen guztiarekin. Haiei entzutea, musika guztiok garen sentimendu bakar baten parte izatea da.