2020ko irailaren 1a

Gaur arratsaldean hasiko da “Memoria duten irudiak” II Ikusentzunezko Topaketa

Nafarroako Memoriaren Institutuak antolatuta, zikloak bederatzi ikusentzunezko eskainiko ditu, horietariko bat Lucio Urtubia Nafarroako anarkistari eskainia
"Memoria duten Irudiak" izeneko ikus-entzunezkoen II. Topaketa iragartzen duen gaztelaniazko kartela  Deskargatu irudia Irudi galeria

"Memoria duten Irudiak" izeneko ikus-entzunezkoen II. Topaketa gaur hasiko da Iruñeko Golem Baionan: 18:30etan “De la retirada a la reconquista” flimearekin eta 20:30etan ¿Quién eres tú, Lucio? lana eskainiko da. Nafarroako Memoriaren Institutuak antolatutako zikloa gaurtik irailaren 4a bitartean izango da.

Edizio honetan erbestearen drama izango da erdigunean eta Institutuak gai horren inguruan aurten antolatutako ekintzen baitan gauzatuko da egitaraua.

Erbestea 1936ko kolpe militarraren, gerraren eta diktadura frankistaren garaipenaren ondorio larri eta iraunkorrenetariko bat izan zen. Milaka pertsonak muga gurutzatu zuten basakeria faxistatik ihes egiteko, eta haien oinazeak Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan ere jarraitu zuten. Giza kapitalaren erabateko galera izan zen, askotan behin betikoa, gizartearen pobretzea ekarri zuena. Iragan traumatikorako begiradak egungo erbesteen inguruko gogoeta egiteko gonbita ere egiten du.

Ikus-entzunezko II. Topaketaren Egitaraua

Era berean, bigarren edizioak nazioarteko izaera izango du, eta hari gidari bera duten bederatzi ikus-entzunezko produkzio emango dira; hau da, erbestea. Hasiera batean, apirilaren hasiera alderako programatu baziren ere, pandemiak eragindako aparteko egoera dela-eta berriro programatu behar izan dira irailaren lehen astean.

Egitaraua gaur hasiko da, irailak 1 asteartea, Frantzian ekoiztutako honako bi dokumentalekin:

18:30ean, Emile Navarroren eta Aymone de Chantérac-en “De la Retirada a la Reconquista” emango da, 1939ko otsailean erbesteratuak Frantziara masiboki irten zirenetik 1944an frankismoaren aurkako gerrillariak Arango haranean zehar inbaditzeko egindako saiakera zapuztura bitarteko denboraldiari buruzkoa.

20:30ean, berriz, Emile Navarrok eta Christophe Marsat-ek zuzendutako “¿Quién eres, Lucio?” ikus ahal izango da. Bi emanaldietan egongo dira. Lan honetan, hil berri den Lucio Urtubia anarkista nafarraren azalpen biografikoa egiten da, eta hil ondorengo omenaldi gisa ere balioko du.

Bihar, irailak 2 asteazkena, 18:30ean, “La herencia de mi abuela” dokumentala emango da, Fernando López Castillok zuzendua (bertan parte hartzeko konpromisoa hartu du). Dokumentalak familiako istorio batetik abiatuta izandako liskarren iraganeko eta egungo ondorioez hausnartzeko aukera emango du. Era berean, 20:30ean, “Un exilio: película familiar” izango da ikusgai, Juan Francisco Urrusti zuzendariarena. Bertan, haren familiak Mexikora egindako erbesteratzea lantzen da, eta beste erbesteratuen eta haien familien esperientziekin lotuko da.

Horrez gain, irailaren 3an, ostegunean, 18:30eko saioan, “10 días en la guerra de España” dokumentala ikus ahal izango da, Patrick Jeudy-k zuzendutakoa. Bertan, Jean Moral argazkilariak eta Joseph Kessel erreportariak gerran izandako esperientzia eta lana agertzen dira. 20:30ean, berriz, Josu Martinezek zuzendutako “Dios no me perdona” lana emango da. Josu Martinez aretoan bertan izango da. Dokumentalean, Lezo Urreiztieta euskal nazionalistaren bizitzaren berri ematen da 1975 eta 1978 artean grabatutako zinten bidez.

Azkenik, zikloari amaiera emateko, irailaren 4an, ostiralean, hiru saio eskainiko dira. 18:30ean, “Gurs, historia y memoria” aurkeztuko da, Verónica Sáenz Giménez zuzendaria bertan dela. Ikasleek landara egindako bisita, ondorengoen kontakizunak eta Paco Rocaren marrazki bizidunak nahastuko dira. 20:30etako saioan, Vicent Marieren “Bartolí, el dibujo para la memoria” ikus ahal izango da, Antonio Altarribak aurkeztuko duen dokumentala. Erretirako pintoreari zuzendutako gutunaren bidez, irudien memoriari eta haien esanahiei buruzko galdera egiten da. Azkenik, ikus-entzunezko topaketa ixteko, 22:30ean, “Diarios del exilio” emango da, Irene Gutiérrezek zuzendua, eta bertan izango da Lola Ruiz Ibarruri, Dolores Ibarruri “La Pasionariaren” biloba. Dokumentala etxeko filmazio eta irudi mordoarekin eraiki da, eta Espainiako erbestearen historia kontatzen da bertan.

Sarrera doakoa izango da harik eta edukiera bete arte, eta gonbidapenak leihatilan jaso daitezke.