Descárgate la app
Chivite Lehendakariak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak "konpromiso irmoa" duela LGTBI+ pertsonak landa-eremuetan ikusarazteko
2020ko abuztuaren 31a
Chivite Lehendakariak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak "konpromiso irmoa" duela LGTBI+ pertsonak landa-eremuetan ikusarazteko
Maria Chivite, Nafarroako Lehendakariak, Nafarroako Gobernuaren "konpromiso irmoa" azpimarratu du gaur goizean, Olite /Erriberrin, sexu aniztasunaren balioetan sentsibilizatzeko eta LGTBI+ pertsonak eta kolektiboak landa eremuetan ikusarazteko.
Horrela baieztatu du sentsibilizatzeko eta ikusarazteko Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (INAI/NABI) bitartez, sortu duen lehen programa ibiltariaren aurkezpenean. Hain zuzen ere, irailean zehar, ibilgailu bat ibiliko da Foru Komunitateko Erdialdeko 20 herritan. Programa aitzindari honetan, Nafarroako zona bakoitzeko LGTBI+ aktibismoaren elkarte ezberdinek hartu dute parte.
Sexologian eta sexu- eta genero-aniztasunaren arretan espezializatutako pertsona batek, Nafarroako Gobernuko LGTBI+ arreta-zerbitzukoak—Kattalingune—, gai horri buruzko informazioa emango du ibilgailuan, tresna eta eduki didaktiko eta ikus-entzunezkoen bitartez. Halaber, herritarren zalantzak eta kontsultak artatuko ditu.
Nafarroako Lehendakaria, María Chivite; Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez; INA / NABIko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz; eta LGTBI+ Berdintasun Saileko zuzendariordea, Vanesa Eguiluz, astelehen honetan Erriberrin izan dira programaren aurkezpen-ekitaldian. Bertan parte hartu dute, halaber, herriko alkate Maite Garbayok eta Erdialdeko Zonako LGTBI+ taldearen (‘Laiak’) ordezkaria den Carlos Montoyak.
Lehendakariaren hitzaldia
Lehendakariak adierazi du Nafarroako Erdialdeko Zonako herrietara eramango den programa ibiltariak “aldaketa soziala sustatu nahi duela sentsibilizazioaren bitartez, eta LGTBI+ aniztasunaren berdintasunean, errespetuan eta errekonozimenduan oinarritzen dela”.
María Chivitek, era berean, ondorengoa nabarmendu du: “Nafarroako Gobernuak uste du sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetua balio eta aberastasun sozialeko elementu bat dela, herritar guztiei eragiten diena. Gaur hemen aurkezten dugun programa beste urrats bat da Gobernuak LGTBI+ pertsonen eskubideak bultzatzen jarraitzeko duen konpromiso sendoan”.
Bultzatze horretan, “lurralde-oreka kontuan izan behar dugu Nafarroa osoan, eta koordinazioa eta lankidetza landu behar ditugu toki-erakundeekin, haien udalerrietan LGTBI+ aniztasuna errealitate izan dadin eta LGTBI+ taldeak aldaketa sozial hori errealitate bilakatzeko motore izan daitezen”.
Ildo horretan, “Nafarroako LGTBI+ taldeen bultzatze-lana eskertu eta aitortu du, haien historia eta ezagutzen bitartez LGTBI+ arloko politiken garapenean egin diren aurrerapenen berri eman baitute”.
Aniztasun afektibo eta sexualari buruzko ikus-entzunezko materiala
Programaren helburua da, besteak beste, herriak, landa-inguruneak eta hiri txikiak aniztasun sexuala, afektiboa eta genero-aniztasuna modu positiboan, osoan eta normalizatuan bizitzeko leku izaten laguntzea. Halaber, sexu- eta genero-aniztasuna modu askean garatu ahal izatea zailtzen duten jokabideak eta jarrerak ikusarazi nahi ditu. Programa LGTBI+ Pertsonen Berdintasunerako Foru Legea garatzeko Nafarroako Gobernuaren Ekintza Planean kokatzen da, 2017an onartua.
Programa ibiltarian, tresna eta material didaktikoak eta ikus-entzunezkoak aurkitzen dira. Zehazki, gida bat egin da sexu- eta genero-aniztasunari buruzko edukiekin, eta, besteak beste, honako hauek bezalako gaiak jorratzen dira: aniztasun afektiboaren, sexualaren eta genero-aniztasunaren garrantzia; zer da sexu-orientazioa, identitate sexuala eta genero-identitatea; zer da LGTBI+fobia; edota Nafarroako LGTBI+ zerbitzuei buruzko informazioa. Gida bideo-eran ere erakutsiko da ibilgailuan bertan, narrazioaren eta animazio-marrazkien bitartez. Modu berean, gida helbide honetan eskuratu ahal izango da: ‘www.igualdadnavarra.es’.
Gidaren helburua da herritarrek LGTBI+ aniztasuna ezagutzeko erreminta izatea eta LGTBI+ pertsonen berdintasuna eta errekonozimendua lortzeko aldaketa sozialean funtsezko eragile gisa duten inplikazioa sustatzea.
Ibilgailua gaztelaniaz eta euskaraz errotulatuta dago, ‘Aniztasuna erein, askatasuna biltzeko’ leloarekin; beraz, irudietan, landa, uzta eta ereintza agertzen dira, eta gidaren eduki nagusiak jasotzen dira.
Erriberriko aurkezpenaren ondoren, ibilgailua herri hauetara iritsiko da: Kaseda (irailak 1), Berbintzana (irailak 2), Melida (irailak 3) eta Oibar (irailak 4). Hurrengo asteetan, ibilbidea egiten jarraituko du Nafarroako gainerako herrietan barrena.
Sentsibilizazio-jarduerak landa-eremuetan
Beste helburu batzuen artean, INAI/NABIko LGTBI+ Berdintasuneko Zuzendariordetzak landa-eremuetan bizi diren herritarrak sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko balioen gainean sentsibilizatzeko ekintzak sustatzen ditu. Ildo horretan, duela gutxi, INAI / NABIk LGTBI+ pertsona eta taldeentzako arreta presentziala zabaldu du, Lakuntzan eta Irurtzunen bi gune irekita. Gune horiek Iruñean eta Tuteran lehendik daudenei gehitu zaizkie, eta horietan arreta presentzialaren orduak luzatu dira.
Era berean, sexu- eta genero-aniztasunaren arloko Nafarroako informazio eta arretarako zerbitzu publikoak, Kattalingunek, eskaintzen dituen zerbitzuak aurkezten ditu Nafarroako herrietan, hedatzeko eta informazioa emateko helburuarekin. Aurtengo urteari dagokionean, aurkezpen horiek burutu ditu Sesma, Irunberri, Lekunberri, Irurtzun, Lakuntza, Bargota, Desojo eta Garralda herrietan, eta guztira 346 pertsonak hartu dute parte.
Irailetik aurrera, herri hauetan egingo dira aurkezpenak: Los Arcos, Otsagabia, Corella, Erronkari, Aranguren eta Barañain.