2020ko abuztuaren 28a

Nafarroako Gobernuak San Cristobal gotorlekutik ihes egindako pertsona baten gorpuzkiak eman dizkio familiari

1938an Larrasoañan eraildako Leoncio de la Fuente Ramosen alabak, Paulina Lizoainekin batera parte hartu du ekitaldian, azken honen testigantza hobia aurkitzeko funtsezkoa izan baitzen
Leoncioren alaba Paula de la Fuentek Ollo kontseilariaren eskutik aitaren 
gorpuzkiak jaso ditu.
camera_alt Leoncioren alaba Paula de la Fuentek Ollo kontseilariaren eskutik aitaren gorpuzkiak jaso ditu.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Gobernuko Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari, 82 urte geroago; hain zuzen ere, 1938ko maiatzean Larrasoañan fusilatu zuten San Cristobal gotorlekuko ihesaldian parte hartutako  presoetako bat.

Gorpua deshobiratze batean  aurkitu eta berreskuratu zuten 2018an, eta Nafarroako DNA Bankuaren ikerketa genetiko baten ondorioz, identifikatu. Horri esker, gorpuzkiak senitartekoei eman ahal izan dizkiete, gaur goizean Nafarroako Errege Artxibo Nagusian egin den ekitaldi batean.

Haren gorpua 2018an aurkitu eta berreskuratu zuten hobitik, eta, ondoren, Nafarroako DNA Bankuaren ikerketa genetikoari esker identifikatu zuten. Modu horretan, haren senitartekoei eman ahal izan zaie gaur goizean Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean egin den ekitaldian.

Topaketan, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok hartu du parte, eta han izan dira baita ere, Paula de la Fuente, Leoncioaren alaba, eta haren alaba eta biloba. Horrela, Paulina Lizoainekin elkartzeko aukera izan dute; hots, gertaeren lekukoarekin, haren testigantza funtsezkoa izan baitzen hobia aurkitzeko eta gorpuzkiak handik ateratzeko.

Ekitaldian izan dira, halaber, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusia, Martín Zabalza; Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria, Josemi Gastón; eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti.

Naserticen laborategia Nafarroako DNA Bankuaren ikerketa genetikoaren lanez arduratzen da, eta horren egitekoa funtsezkoa izan da Leoncio de la Fuente identifikatzeko ekainaren amaiera aldera, haren alabaren lagin genetikoei esker. Kontaktua Txinparta Elkarteak eman zuen, eta familiarekin harremanetan jarri zituen.

Ekitaldian zehar, Ollo kontseilariak nabarmendu du “unea dela memoriaren politika publikoekiko, hobitik ateratzeko ekimenekiko eta identifikazioekiko konpromisoa berresteko; lan hori egiten etengabe jarraituko dugu”. Gainera, Leoncioren gorpuzkiak lurpetik ateratzea eta entregatzea ahalbidetu duten pertsonen eta taldeen lana aitortu eta azpimarratu nahi izan du.

Paulina Lizoain, funtsezko lekukotza

Hobia aurkitzerakoan funtsezkoa izan zen Paulina Lizoainen lekukotza; garai hartan haurra zen, eta gizon haiek nola lurperatu zituzten ikusi zuen. Paulina ekitaldian izan da, eta Paula de la Fuenterekin, Leoncioren alabarekin, elkartu da; unerik hunkigarrienetariko bat izan da. 90 urte inguruko bi emakume horiek elkar ezagutzeko aukera izan dute azkenean.

Leoncio de la Fuente Ramos, San Cristobaleko gotorlekuko presoa, ihes egindako beste hiru lagunekin batera erail zuten 1938ko maiatzean, eta 2018ko uztailean haren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera zituzten Larrasoañako inguruetan.

Leoncio de la Fuente, Fresno el Viejo herrikoa (Valladolid), 1938ko maiatzaren 22an dakigun ihesaldi handienetarikoa egin zuten 795 presoren taldeko kidea zen. Ihesaren ondorengo jazarpena benetako sarraskia izan zen. Gehienak atxilotu egin zituzten eta asko berriro gotorlekura eraman. Baina, ausaz, 206 pertsona hil zituzten harrapatu ondoren. Hori gertatu zitzaien Leoncio de la Fuenteri eta oraindik ezagutzen ez diren iheslariei. Larrasoañan atxilotu ondoren, erail eta herriko hilerriaren inguruan lurperatu zituzten.

Gorpuzkiak entregatzeko ekitaldian izateaz gain, bertaratuek San Cristobal Gotorlekua, ihesa gertatutako presondegia, eta Larrasoañako hobia bisitatu ahal izan dituzte. Fermin Ezkieta ikerlariak, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, ihesaldiari buruzko xehetasunen eta lurpetik ateratzeko prozesuaren berri eman du.