2020ko abuztuaren 24a

10 zentro teknologikok eta ikerketa-erakundek 2 milioi euro jasoko dituzte I+Gko ekipamendu eta azpiegituretarako

Ikastetxeak COVID-19 osteko "normaltasun berrira" egokitzea ere erraztu nahi duen deialdia 650.000 eurotan luzatu da
NUPeko fotonika laborategi baten irudia.
NUPeko fotonika laborategi baten irudia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

10 teknologia-zentrotako eta ikerketa-erakundeetako 24 proiektuk 2.050.000 euro jasoko dituzte guztira I+Gko ekipamendu eta azpiegituretarako eta COVID-19 osteko normaltasun berrira egokitzeko. Deialdiaren zuzkidura 650.000 eurotan handitu da, ahalik eta proposamen gehien finantzatzeko asmoz, jasotako eskaerek hasieran aurreikusitako kreditua nabarmen gainditu baitzuten.

Proiektu bakoitzaren %50a estaliko duten laguntza hauek ematerakoan kontuan hartu diren irizpideen artean honako hauek aurkitzen dira: proposamen zientifiko-teknikoaren bikaintasuna eta zehaztasuna aitortzea eta horretarako jarritako langileak; emaitza zientifiko, enplegu eta garapen iraunkorraren aldetik duten inpaktua; SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistema) beste agenteekin batera partekatzea; eta COVID-19aren normaltasun berrira egokitzea.

Exekutiboak deialdia berreskuratu egin du, azken edizioa 2017an egin baitzen. Berrikuntza moduan, aurten, ikerketako azpiegiturak normaltasun berrira egokitu nahi dira. Horretarako, kontuan izan da ikerketa-instalazio guztietan babesteko bitarteko egokiak eta behar adina izatea, arriskuak saihesteko, osasun eta lan arloko agintariek emandako gomendioak beteaz.

Horrez gain, aipatzekoa da diru-laguntza jasotzen duten erakundeek Nafarroako gaitasun teknologiko orokorrak hobetzen laguntzen dutela; izan ere, SIESS Sistemak (ekipamendu eta azpiegitura zientifikoen sistema partekatua), ADITECHek koordinatuak, aukera ematen du SINAIko agente guztiek ekipamenduak eta azpiegiturak erabiltzeko. SIESS Sistemara sartzea abantaila nagusietariko bat da, enpresek enpresa-berrikuntzako unitateak eratu baititzakete, era horretan SINAIko partaide izanik eta SINAIko ekipamenduen "liburutegira" ere sartzeko aukera izanik.

Puntuazio handiena duten lau proiektuak

Hona hemen puntuazio handiena lortu duten lau proiektuak:

-'Litografiarekin eta atomo-geruzen jalkitzearekin osatutako zirkuitu fotonikoak garatzeko laborategia' (85 puntu), Nafarroako Unibertsitate Publikoarena. Proiektuari esker, beste aplikazio batzuen artean, sentsore optikoak optimizatu ahal izango dira, zehazki zuntz optikoari dagokionean; biosentsoreen garapena ikertzen jarraitu ahal izango da iktusarekin eta gaixotasun neurodegeneratiboekin (Alzheimerra eta Huntingtona) loturiko biomarkatzaileak aztertuaz; gasen eta konposatu organiko lurrunkorren sentsoreak; uretako kutsatzaileen sentsoreak; eta fenomeno optikoak sortzen dituzten material berriak aztertu ahal izango dira. Proiektuaren aurrekontua 281.112 eurokoa da, eta Gobernuak 140.556 euro jarriko ditu.

-'Bereizmen ultra-handiko masen espektometroa, Orbitrap teknologian oinarritua' (82 puntu), Nafarroako Unibertsitatearena. Teknologia hau merkatuan dagoen bakarra da, eta pisu molekular oso txikiak aztertzeko gaitasuna du (azukreak, aminoazidoak, hormona begetalak edo azido organikoak bezalako metabolitoak), sentsibilitate oso altuarekin elkartuaz. Halaber, konposatu ezezagunak ikertzeko aukera ematen du. 202.268 euroko aurrekontua du, eta Exekutiboak 101.134 euro finantzatuko ditu.

-'Irudi molekularreko MicroSPECT/CT Sistema integratua, ikerketa biomediko aurreklinikorako, bakar batean konbinatuaz MicroSPECT sistema bat eta CT bat' (82 puntu), Nafarroako Unibertsitatearena. MIcroSPECT-CT Sistema berriak, maila horretako lehen ekipamendua denak Foru Komunitatean, giza gaixotasunen bereizmen handiko irudi metabolikoak eta anatomikoak eskuratzeko aukera ematen du animalien ereduetan. Botika berriak garatzeaz gain, medikuntza pertsonalizatua, terapia aurreratuak eta irratinanofarmakobiologia ikertzeko balioko du. Ekimenaren kostua 456.200 eurokoa da, eta diru-laguntza 228.100 eurokoa izango da.

-'L'Urederraren planta pilotuaren egokitzapena' (82 puntu), Garapen Teknologiko eta Sozialerako Fundazioarena. Proiektuaren bidez, egungo instalazioak egokitu nahi dira, mikrobioen aurkako efektuak (biruzidak eta bakterizidak) dituzten gainazalak desinfektatzeko produktuak eskuratzera bideratutako formulazioen ekoizpen piloturako. Halaber, osasunaren eta kosmetikaren sektorerako produktu espezifikoak probatu ahal izango dira. Ekimenaren aurrekontua 66.196 eurokoa da, eta, horretarako, 33.098 euro jarriko dira.