2020ko abuztuaren 20a

Aniztasunaren aurpegia, Nafarroa kulturanitza irudikatzeko

Ixone Gil Bengochea Iturrama Institutuko ikasleak irabazi du Nafarroako Gobernuak antolatutako "Navarra de Colores/Nafarroa Koloretan" logotipo lehiaketan
 Ixone Gil ikaslearen diseinu saritua
 Ixone Gil ikaslearen diseinu saritua  Deskargatu irudia Irudi galeria

Ixone Gil Bengochea Iruñeko Iturrama institutuko Batxiler Artistikoko ikasleak irabazi du "Navarra de Colores/Nafarroa Koloretan" logotipoa aukeratzeko diseinu grafikoaren lehiaketa, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak deituta. Haren diseinuak talde etniko ezberdinetako ezaugarri fisikoak dituzten piezez osatutako aurpegia erakusten du, eta hemendik aurrera Nafarroako Gobernuaren ikur bihurtuko da komunitate kulturanitza, plurala, askotarikoa eta elkarbizitzakoa izateko.

Nafarroako Foru Erkidegoan Batxilergo Artistikoan eta Arte Plastikoak eta Diseinua Goi Mailako Graduan diharduten ikasleek aurkezturiko beste 9 hautagaitzari gailendu zaie Ixone Gil; ikaslea izatea lehiaketaren oinarrietan azaldutako baldintzetako bat zen. “Amesten dugun Nafarroa bisualki erakusteko gazteek zuzenean parte har zezatela nahi genuen, haiek baitira gure etorkizuna”, adierazi du Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak, Patricia Ruiz de Irízarrek.

Nafarroako Gobernuak Ixone Gilen lana zabalduko du hainbat euskarri eta ekintzaren bitartez, eta horrez gain, 240 euroko saria jasoko du egileak. Deialdiaren oinarriek aukera ematen zuten beste bi accesit emateko, eta horiek eskuratu dituzte Amaia Cenoz Carlosek, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi eta Sangüesa / Zangozan bizi denak; eta Aitor Martín Redondok, Cintruénigon bizi den Corellako EASDi-ko ikasleak. Bakoitzari 120 euroko diru-saria emanen zaio, laster eginen den ekitaldi ofizial batean.  

Etorkizuneko ekintza eta kanpainen irudi grafikoa

Ruiz de Irízarren hitzetan, saritu berri den diseinuak “Nafarroa plural eta askotarikoa irudikatzen du, pertsona guztiak, haien jatorrizko lurraldea, etnia eta hizkuntza edozein direla ere, elkarrekin harmonian biziko diren Nafarroa bat”. Eta, gaineratu duenez, “kultur aniztasunaren oparotasuna eta bizikidetzaren balioa aitortzen, baloratzen eta defendatzen dituen Nafarroa baten irudia da”.  

Horregatik, diseinu hori izanen da Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak ildo horretan gauzatzen dituen ekintza guztien irudi grafikoa, “Navarra de Colores / Nafarroa Koloretan” marka erabilita. Era berean, Nafarroako Gobernuak arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka antolatzen dituen ekimen guztien irudia ere izanen da. Horretarako, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak lehiaketara aurkezturiko irudien ustiapen-eskubideak lagatzeko kontratua sinatuko du.

Epaimahaiaren balorazioa

Epaimahaiak azpimarratu du irabazi duen diseinua “logo humanizatua dela, eta ondorioz atseginagoa eta hurbilagoa; kolore eta ezaugarri fisiko desberdinen arteko elkarketa grafikoki ongi emana dagoela; eta euskarri mota bat baino gehiagotara eramateko moldakorra eta egokigarria dela”, Patricia Ruiz de Irízarrek azaldu duenez. Bi bozketa egin ziren, eta bietan lortu zuen puntu gehien. Bigarrenean, gainera, lor zitekeen puntu-kopururik altuena eskuratu zuen.    

Accesitei dagokienez, berriz, Amaia Cenozen proposamenaren kasuan epaimahaiak aintzat hartu du “harrera- eta elkartasun-ikur diren eskuen forma zirkularrak, hagitz ongi landuak, adierazten duen batasuna”; eta Aitor Martínen proposamenaz den bezainbatean, “koloreek eguzkiari egiten diote keinua, bizikidetzak argiztatu egiten gaituelako sentsazioa eraginez”.  

Oinarri araugileetan adierazita zegoen bezala, epaimahaia Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiko kideek osatu zuten, eta Félix Martínez Campos (Farrachucho) diseinu grafikoaren eta marketinaren alorreko adituaren aholkularitza teknikoa jaso zuten. Marketinean eta diseinu grafiko eta webguneetarako diseinuan ibilbide luzea izanik, Martínez Camposena epaimahaiaren kalitatezko boza zen.  

Lehiaketaren deialdia ekainaren 29an egin zen, Migrazio Politiketako Zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, pandemiaren erruz otsailean abiarazi zen proiektua atzeratu ondoren.