2020ko abuztuaren 19a

Nafarroak bizikletak konpontzeko eta mantentzeko laguntzak emango ditu lehen aldiz, haien erabilera sustatu eta suspertzeko

Diru laguntza pertsona eta ibilgailu bakoitzeko gehienez 50 eurokoa izango da, eta garraiobide osasungarri eta jasangarri horren erabilera bultzatu nahi dute

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, bizikletak konpontzeko eta mantentzeko 50.000 euroko deialdia onartzeko akordioa hartu du. Behin bakarrik jaso ahal izango den laguntza hori, gehienez 50 eurokoa izango da pertsona eta ibilgailu bakoitzeko.

Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren testuinguruan dator deialdia. Plan horretan mugikortasun jasangarriaren eta motordun ibilgailu pribatuen ordezko garraiobideak sustatzearen alde egiten da. Kasu honetan, COVID-19aren krisiak agerian utzi du herritarrek gero eta interes handiagoa dutela bizikleta erabiltzeko, urruntze fisikoa bermatzeko aukera ematen duen  ibilgailua den heinean.

Urriko lehen egunetan eskatzen ahal izanen dira laguntzak. Konpontze- eta mantentze-lanak entitate laguntzaile gisa atxikitako tailer batean egin beharko dira, eta honako lanengatik jasotzen ahal izanen da laguntza:  

Konponketez den bezainbatean, honakoak sartzen dira: balaztak (heldulekuak eta diskoak, zapatak eta pastillak, eta pintzak), aurreko urkila, errodamenduak, katea, piñoiak, platerak, atzeko aldagailua, aurreko desbideratzailea, aldagailuari edota desbideratzaileari eragiteko gailuak. 

Mantentze-lanen artean, berriz, dirulaguntza jasotzen ahal izanen da garbiketarako eta olioztatzeko; gurpilak zentratzeko eta erradioak doitzeko edo aldatzeko; balaztak doitzea (zapatak aldatzea eta heldulekuak doitzea, pastillak aldatzea, diskoak eta purgatzea); aldagailuak doitzea (aurrekoa –desbideratzailea- eta atzekoa; torlojuak doitzea (aulkia, potentzia eta direkzioa, eta gurpilen itxiturak aztertzea); gurpil-azalak eta ganberak; transmisioa (lubrifikazioa eta garbiketa; eta beharrezko elementuak aldatzea, hala nola katea, piñoiak, polearen gurpilak eta platerak) eta zirgak eta estalkiak (hondatzeagatik edo gaizki doiturik egoteagatik aldatzea).

Gainera, barne hartuko dira ekipamenduak eta osagarriak (hala nola argia, txirrina eta lohi-babesa) instalatzearekin zerikusia duten zenbait alderdi.

Bizikleta, garraiobide osasungarria eta jasangarria

COVID-19 pandemian zehar herritarrek gero eta interes handiagoa agertu dute bizikleta erabiltzeko, aukerako bitartekoa baita beren garraio-beharrizanak asetzeko hiriaren barneko lekualdatzeetan, eta, batzuetan, hiri artekoetan ere.

Bizikleta erabiltzea bateragarria da birusaren zabalkundea eragozteko distantzia fisikoa uztearekin, eta gainera kutsadura eta CO2 isurpenak murrizten ditu, zarata eta gune publikoen okupazioa gutxitzen ditu, eta bizimodu osasungarria eta ariketa fisikoa dakartza. 

Laguntza-deialdi honek, bestalde, ekonomia zirkularra sustatzen du, erabiltzen ez diren bizikletak berriz erabiltzea eta berraktibatzea eraginez, eta mesede egiten dio tokiko ekonomiari, bizikleten konponketa- eta mantentze-lanak egoitza soziala edo lantokia Nafarroan duten tailerretan egin daitezela sustatuz. Tailer horiek proiektuarekin bat egiten ahal izanen dute entitate laguntzaile gisa.