2020ko abuztuaren 18a

Gómez kontseilariak berretsi egin du bere Departamentuak Erremendiako etxaldearen nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera esperimentalari eusteko konpromisoa duela

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, INTIA eta Zaraitzuko Batzarrak gaur goizean lan bisita egin dute lursailean
Fernando Santafé, Natalia Bellostas, Fermín Maeztu, Pedro Mascaray, Itziar 
Gómez, Pablo Muñoz. 
Fernando Santafé, Natalia Bellostas, Fermín Maeztu, Pedro Mascaray, Itziar Gómez, Pablo Muñoz.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómezek berretsi egin du  bere Departamentuak  Zaraitzuko Erremendia lur sailaren nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera esperimentalari eusteko konpromisoa, eta finkak proiektu berrietarako kokaleku gisa dituen aukerak azpimarratu ditu.

Kontseilariak lan-bisita egin du gaur goizean lursailean, Departamentuko arduradunekin, INTIArekin eta Zaraitzuko Ibarreko Batzarrarekin batera, instalazioen egoera, bertako proiektuak eta etorkizuneko aukerak ezagutzeko asmoz. Lursailaren jabea Zaraitzuko Batzarra da, eta gaur egun izapideak egiten ari dira instalazioak Nafarroako Gobernuari lagako dizkion hitzarmen bat gauzatzeko.    

Itziar Gómez kontseilariaz gain, bertan izan dira Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz; Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé; Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuko (INTIA) zuzendari kudeatzailea, Natalia Bellostas; esperimentazio-taldeko koordinatzailea, Luis Orcaray; lursaileko teknikaria, Jone Lizarza; INTIAko ezagutza-ekipamenduen kudeatzailea, Fermín Maeztu; eta lursaila kudeatzeko esleipena duen Luis Santiago Martínez. Zaraitzuko Ibarreko Batzarra ordezkatuz, haren presidentea, Pedro Mascaray, eta Gonzalo Celay, Batzarreko kide eta aurreko presidentea joan dira.  

Remendia lursail esperimentala Jaurrietako udal-eremuan dago, eta ereintzako patata ekologikoarekin esperimentatzen du, haragitarako Nafarroa arrazako ardiak ustiatzen ditu, eta larre eta zuhainekin esperimentazioa egiten du.

Taldeak bisita egin die gaur egun erabiltzen diren instalazioei eta haiei erantsitako eraikinei, eta teknikariek laborantzako lursailak erakutsi dizkiete. Bukaeran, kontseilariak adierazi du konpromisoa duela gaur egun INTIAk egiten dituen jarduera esperimentalei eusteko, bai nekazaritzako programei bai abeltzaintzakoei dagokienez.  

Halaber, kontseilariak nabarmendu egin du “Remendiako lursailak ekimen berriak bultatzeko duen ahalmen handia, kontuan izanik haren kokapena eta ibilbidea; proiektuok nekazaritzaren eta abeltzaintzaren eremukoak izan litezke, baita hezkuntzaren, turismoaren eta aisialdiaren eremuetakoak ere”. 

Remendia lursailaren jabea Zaraitzuko Batzarra da, eta gaur egun izapideak egiten ari dira haren higiezinak Nafarroako Gobernuari lagatzeko hitzarmena gauzatzeko. Kontseilariaren esanetan, Departamentuak aurreikusia du lursaila kudeatuko duen entitatea INTIA izatea.

Remendia: Nafarroa arrazako haragi-ardiak eta ereintza ekologikoko patatak

Lursaila Pirinioetako Zaraitzu ibarrean dago, Jaurrieta udalerrian, 1.040 metroko altueran. Remendiako mugartea Zaraitzuko Ibarreko Partzuergo eta mendi komunaletako bat da, eta 1.427 hektareako azalera du. Heren bat baino gehiago zuhaiztiek osatutako baso-eremuak betetzen du, eta Haranaren gainazalaren erdian larre eta sasiak daude. Nekazaritza ekologikorako gainazalak, zuhainek eta patata-laboreak beterikoak, 54 hektareako azalera du. 

Remendia lursaila INTIAk kudeatzen dituen 9 lursail esperimentaletako bat da, eta gaur egun ereintzako patata ekologikoarekin esperimentatzen du, haragitarako Nafarroa arrazako ardiak ustiatzen ditu, eta larre eta zuhainekin esperimentazioa egiten du.

Esperientziarik aipagarriena mendi-eremuan haragitarako ardiak ustiatzeko ekoizpen- eta prozesu-plana optimizatzearen ingurukoa da. Aldi berean, erreferentzia propioak bilatzen dira haragitarako ardien ekoizpenean adierazle eraginkorrak lortze aldera, ereintza ekologikoko patatarekin batera.         

Artaldearen ekoizpen-sistema Nafarroa arrazako ardien sistema erdi-estentsiboa da, urtean behin erdituz, eta oinarri duena erditze-garaia maiatzean eta ekainean mantentzea, artaldearen errentagarritasuna lortzeko xedez. Era horretan, bateratu egiten dira artaldearen premia handiena eta larreetan belar-ekoizpena handiena den sasoia, arkumearen salmenta-prezioa altuena den urteko garaia bilatuz, eta aukera sortuz, sistema horren bidez, ardi-zaintza bertze jarduera batzuen osagarri izateko, hala nola haragitarako behien zaintza eta patata-ekoizpena, lan-karga handiena bertze jardueretakoekin batera izan ez dadin saiatuz.

2019an, lursailean zegoen Nafarroa arrazako haragitarako artaldeak 282 ardi heldu zituen batez bertze.

Ereintzako patatarekin eginiko esperimentazioaz den bezainbatean, 2019an zehar 2,7 ha-ko gainazala landu zen, eta 28.300 kg ekoitzi ziren orotara. Ekoitzitakoa APPINAren bitartez (Nafar Pirinioetako Patata Ekoizleen Elkartea) merkaturatu zen; APPINAren idazkaritza, berriz, INTIAko lantalde batek kudeatzen du.     

Gune pilotu hau 1988an sortu zen mendiko ustiategietan bertzelako aukerak bilatzeko xedez, Zaraitzuko eta Aezkoako ibarretako laborantza-ustiategiak krisi larria jasaten ari baitziren egiturazko mugen eta ekoizpen-ildoen ondorioz. Ardiek errentagarritasun txikia ematen zuten, eta ereintzako patata, aitzineko urteetan oso errentagarria izan zena, gain behera zihoan une hartan. Premia handia zegoen labore horretarako bertze bide baliagarri batzuk bilatu eta, era horretan, ekoizpena dibertsifikatu eta inguruko baliabideak baliatzen ahal izateko.

INTIA sozietate publikoa da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikia, eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren (NEKP) barnekoa. Haren egitekoa nekazaritzako elikagaien sektorean berrikuntza lantzea da, haren bideragarritasuna eta jasangarritasuna hobetzeko, baita landa-eremua bizirik mantentzea ere, ingurumena zainduz eta gizarteari kalitatezko elikagaiak eskainiz.