2020ko abuztuaren 10a

Lekort enpresak 23 lanpostu berri sortuko ditu Lekunberrin, haize-sorgailuen ardatzak bere bigarren ekoizpenlerroarekin

Chivite Lehendakaria enpresak Albisualdea industrialdean dituen instalazioetan izan da. Nasuvinsa Taldeak industrialde hau handitu egingo du, Udalaren laguntzarekin
Ezkerretik eskuinera: Javier Alforja (Mekatarreko finantza zuzendaria), 
Raul Moreno (plantako zuzendaria), Chivite Lehendakaria, Jorge Ruiz Martín 
(Mekatar Taldeko CEO) eta José Mª Aierdi lehendakariordea, Lekorteko 
instalazioetan.
Ezkerretik eskuinera: Javier Alforja (Mekatarreko finantza zuzendaria), Raul Moreno (plantako zuzendaria), Chivite Lehendakaria, Jorge Ruiz Martín (Mekatar Taldeko CEO) eta José Mª Aierdi lehendakariordea, Lekorteko instalazioetan.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko Lehendakariak, Jose Mª Aierdi lehendakariordearekin batera, haize-sorgailu eolikoentzako ardatzen fabrikatzailea den Lekort enpresak Lekunberriko industrialdean ezarri duen lantegi berria bisitatu du. Enpresak ia 20 milioi euro inbertitu ditu eta datozen bi urteetan 23 lanpostu sortzea aurreikusi du.

Proiektuak bultzada handia ematen dio Nafarroako haize-industriari. Energia berriztagarriak funtsezko ardatza dira Nafarroa Suspertu planak trantsizio ekologikoaren alde bultzatzen duen apustuan. Nasuvinsa sozietate publikoak, Lekorten ezarpena ahalbidetuko duten lan teknikoak eta industria-azpiegitura eta energia-hornidura obrak eginez hartzen du parte ekimenean.

Lekunberri de Corte, S.L.-ren (Lekort) proiektu berrian enpresak I+G osagai handia inbertitu du. Hirugarren lantegi bat egin du aire-sorgailuen erdiko ardatzak ekoizteko, eta Lekunberriko Albisualdea eskualdeko poligonoan 2017az geroztik martxan dauden bertze biei gehituko zaie. Industria jarduerako eremu hori udal sustapenekoa da, eta Nasuvinsak gauzatu du. Gaur egun, urbanizazio-prozesuan dago, bertze 40.000 metro koadro hartuko dituen laugarren handitze-prozesuan sarturik.

Proiektua Mekatar Group mekanizazio taldearen (lantegiak ditu Lekunberrin, Oliten eta Zestoan) eta forja industrialeko Riza taldearen (Nafarroa, Gipuzkoa eta Araba artean banaturiko 8 lantegi ditu) arteko enpresa lankidetzaren emaitza da.

Enpresa-proiektuaren garapenak, haizearen sektorearen nazioarteko merkatuan duen presentzia indartzeko eta plantilla handitzeko aukera emanen dio Nafarroako enpresari, 2021. eta 2022. urteetan 23 lanpostu sortuko baitira. Lanpostu horien ehuneko garrantzitsuak kualifikazio tekniko maila altua izanen du, eta horrek Foru Komunitateko eskualde horretako lan-eskaintza hobetzen lagunduko du.

Hala azpimarratu du Lehendakariak Lekunberriko instalazioetara egin duen bisitan. Horrela, Foru Komunitatearen “lehiakortasunerako motor gisa” berrikuntzak duen garrantzia gogorarazi du Chivitek. Lehendakariak, Nafarroa Suspertu 2021-2023 Planarekin bat datorrela gogorarazi du, eta Nafarroako industriaren sendotasuna azpimarratu du; izan ere, berrikuntzaren eskutik, “Kalitatezko enplegua eta gizarte-kohesioa” sortzea sustatzen du.

Haize-sorgailuak

Enpresa-jarduera haize-sorgailuen osagai estrategikoetako bat fabrikatzean eta muntatzean datza, errotaren ardatza, hain zuzen ere, Main Shaft izeneko ‘forja bidezko ardatz hutsa’ izeneko prozesu berritzailearen bitartez. Prozesu horrek ia % 30 murrizten du elementuaren pisua eta lehengai gutxiago kontsumitzen du.

Mundu mailan parekorik ez duen prozesuak, patentea nazioarteko hainbat merkatura zabaltzea ahalbidetu du. Lekortek ardatz huts horiek hornituko dizkie haizearen sektoreko ekoizle nagusiei.

Lekunberri de Corte, S.L.-ren ezarpen berria foru intereseko inbertsio gisa aldarrikatu zuen Nafarroako Gobernuak 2017ko uztailean, eta horrek erraztu egin zuen egungo nabea eraikitzea: 4.000 metro koadro, 2.200 metro koadroko kanpoko azalera librearekin; 100 tonako garabi zubi bat eta 25 tonako bertze bi, 25 tonako arkupe-garabiarekin; 13,5 tonako prentsa hidraulikoa; eta lau labe, forjaketako bi eta tratamenduetako bi; eta baita bi tornu horizontal handi ere. Inbertsioaren lehen fasea 14 milioi eurokoa izan zen, eta gerora bertze sei milioi inbertitu dira.

Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsiotzat jo ditzakeela Foru Komunitatearen ekonomia, gizarte edo lurralde garapenerako garrantzi berezia duten proiektuak. Izaera hori duten ekimenek, gero, lehentasunezko eta premiazko bultzada dute Nafarroako administrazio publiko guztiekin egin behar dituzten izapideetan. Horrela, adibidez, erdira murrizten dira jarduera ezartzeko aurreikusitako izapideen ohiko epeak, hirigintza arloko plangintzak edo egikaritze-, irekitze- edo funtzionamendu-lizentziak.