2020ko abuztuaren 6a

Foru Gobernuak 3 milioi euro bideratu ditu Sakanako 9 herritako azpiegiturak hobetzeko

Altsasun hainbat kaleren berrikuntza bisitatu du Ciriza kontseilariak
Ezkerretik ezkuinera: Ollo, Rodríguez eta Ciriza kontseilaria
Ezkerretik ezkuinera: Ollo, Rodríguez eta Ciriza kontseilaria  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak 3 milioi euro inbertitu ditu Sakanako eskualdean 23 obra eta tokiko azpiegiturak hobetzeko. Proiektu horiek Tokiko Inbertsio Planaren (PIl) barruan daude, eta Sakanako Mankomunitatearen 9 udalerritan eta instalazioetan gauzatuko dira.

Lurralde Kohesiorako kontseilaria den Bernardo Ciriza eta Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusi Jesús Mª Rodríguez Altsasuko zenbait lan ikusten izan dira bertako Javier Ollo alkatea lagun dutela.

Bertan, Amaia eta La Paz kaleak eta Zumalakarregi plaza erabat berritu dituzte. Horretarako, bide horien zorutik 4.500 metro karratu altxatu behar izan dituzte. Ondoren, ur-hornidurako sareak, euri-urenak eta ur beltzenak aldatu dituzte. Halaber, obrak direla-eta, elektrizitate- eta telekomunikazio-sarearen kanalizazio berria egin dute.

Zoladura-lanei esker, espaloi zabalagoak diseinatu ahal izan dira, gutxienez 2 metroko zabalerakoak eta 4 metrora bitarteko tartekoak, La Paz kaleko iparraldeko espaloian gertatzen den moduan.

Exekuzio-proiektuaren egilea eta lanen zuzendaritzaren arduraduna Pablo Torquemada Alonso  (ICCP) izan da, DITECO Ingeniería enpresakoa, eta enpresa esleipenduna, berriz, Apezetxea Anaiak S.L.

Obren aurrekontua 750.000 eurotik gorakoa izan da, BEZ sartu gabe; Nafarroako Gobernuak 542.000 euro jarri ditu Tokiko Inbertsio Planaren bitartez, eta gainerakoa Altsasuko Udalak finantzatuko du.

Aurretik, Altsasun, 2017-2019 TIP Planari esker, ondorengo lanak ere egin dira: Isidoro Melero eta Ermita kaleetako saneamendu- eta hornidura-sareak berritzea, zerbitzuen kanalizazioa eta zoladura-lanak (503.000 euro); argiteria publikoa berritzea LED instalazioarekin 1. Fasean (123.000 euro); edota Udaletxean egindako zenbait lan (134.000 euro), tartean, komunak berritzea eta irisgarritasunaren gaineko araudira egokitzea, igogailua jartzea eta estalkia iragazgaiztea.

Eskualdean gauzatzen ari diren beste proiektu batzuk

Foru Exekutiboak 3 milioi euro jarri ditu Sakanako eskualderako, eta horietatik 2 milioi euro jada ordaindu ditu. Horrela, geratzen den milioi 1eko ekarpena egingo da lanak gauzatzen eta amaitzen diren heinean.

Altsasurekin batera, honako herri hauetan ari dira azpiegiturak hobetzeko proiektuak gauzatzen: Bakaiku (udal-pilotalekua egokitzea, 13.000 euro); Etxarri Aranatz (udal-pilotalekua egokitzea, argiteria publikoa hobetzea eta beheko ura banatzeko sistema berritzea, 225.000 euro); Irañeta (biltegi erregulatzaile berria eraikitzea, 140.000 euro); Iturmendi (sareak eta zoladura berritzea, 247.000 euro); eta Lakuntza (sareak eta zoladura berritzea, 370.000 euro).

Era berean, herri hauetan ari dira lanean: Uharte Arakil (pilotalekua egokitzea, 35.000 euro); Urdiain (sareak eta zoladura berritzea, 337.000 euro); Ziordia (Toki Eder pilotalekua egokitzea, 80.000 euro); eta Sakanako Mankomunitateko instalazioak (konpostaje-planta, garbiguneak eta uren hoditeria orokorra eraikitzea, Ihabar-Irurtzun, 1.100.000 euro).