2020ko uztailaren 30a

Ogasunak 1.300 milioi euro bildu ditu urteko lehen seihilekoan

Kopurua %15 '3 jaitsi da aurreko urteko epe berarekin alderatuta

Nafarroako Foru Ogasunak (NFO 1.300,2 milioi euro bildu ditu ekainean, hau da, 2019ko epe berean baino 235,3 milioi gutxiago, eta% 15,32ko jaitsiera urte arteko kopuruetan. Zerga-bilketaren beherakada berri hori osasun-krisiak martxoan ezarritako alarma-egoeraren ondorio da, eta eragin zuzena izan du jarduera ekonomikoan eta kontsumoan.

Kudeaketa propioari dagokion diru-bilketaren zenbatekoa 1.003,3 milioi eurokoa izan da, hau da, 2019ko ekainean  bildutakoa baino %5,8 gutxiago, nahiz eta martxoko bilketan %3,7ko igoera  eman zen. Termino homogeneoetan adierazirik, eta 2019ko urtarrilean Zerga Administrazioko Espainiako Agentziatik (AEAT) jasotako 45,7 milioi euroko ezohiko sarreraren eragina alde batera utzirik, kudeaketa zuzenagatiko diru-sarrerak %1,6 jaitsi ziren ekainean; martxoan, aldiz, %11,2ko gehikuntza homogeneoa egon zen.  

Zerga-multzoez den bezainbatean, beherakadarik handiena zeharkako zergen alorrean gertatu da; %27,1ekoa izan da beherakada hori, hau da, 224,9 milioi gutxiago jaso dira. Ondoren, jaitsiera garrantzitsuena zuzeneko zergena izan da: %1, eta -6,9 milioi euro.  Eta azkenik,  tasak eta bestelako diru-sarrerak; haien kasuan beherakada %27,4koa izan bada ere, garrantzi erlatibo txikiagoa dutenez gero aldea 4,4 milioikoa besterik ez da izan.

Zuzeneko zergak

PFEZri dagokionez, bilketa 614,7 milioi eurokoa izan da orotara. Hots, 2019ko tarte berdinean baino %3,8 gehiago.  

Zerga horren barnean lanari dagozkion atxikipenak nabarmentzen dira, bai haien garrantzi erlatiboagatik bai koronabirusaren krisiak izandako eraginagatik. Alarma-egoera  eta ekonomi jardueraren etenaldia dekretatu arren, atxikipen horien urtetik urterako hazkundea %2,94koa izan da: 2019ko urtarrilaren eta ekainaren artean 674,8 milioi euro bildu ziren, eta aurtengo ekitaldian, 694,7 milioi; hau da, 19,9 milioi gehiago.  

Diru-bilketa horrek erakusten du zer-nolakoak izan ziren enpresa handien sarrerak 2019ko azarotik 2020ko apirilera bitartean: otsailera arte %2,8 hazi ziren enpresa horiek sortutako atxikipenak, eta martxo-apirilean %6,6ko beherakada nozitu zuten. Enpresa txiki eta ertainen kasuan, martxoan agindutako konfinamenduko 15 egunen eragina baizik ez dute islatzen, baita Nafarroako Gobernuak zergadun horiei likidezia emateko onetsi zituen ezohiko geroratzeena ere. Hala, abuztura arte ez da jakinen zein izan den zehazki enpresa horiek jasandako inpaktua (handia, itxura osoz), orduan ezagutuko baita urteko 2. seihilekoko aitorpenaren emaitza. 

Bai PFEZri bai SZri egozten zaizkien kapitalaren gaineko atxikipenek ere krisiaren eragina jasan dute: iaz 64,7 milioi izan ziren, eta 2020ko ekainean, berriz, 62,9 milioikoa izan da bilduriko kopurua. Jaitsiera %2,7koa da.

Autonomoek sartzen dituzten ordainketa zatikatuetan 2019ko 4. hiruhilekoko eta 2020ko 1. hiruhilekoko diru-sarrerak daude jasota. Alarma-egoera onartu ondoko 15 egun besterik ez daude tarte horren barnean, baina hala ere %20,9koa da jaitsiera; eta kontuan hartu beharra dago martxora arte %10,8ko hazkunde nabarmena izan zela. Horren zergatia, alde batetik, ekonomi jarduera geldiarazi izana da, eta bestetik, gogoratu beharra dago lehen hiruhilekoko ordainketak etetea onartu zela, zergadun horiei likidezia emateko xedez. 

Sozietateen Zergari dagokion bilketa 28,9 milioi eurokoa izan da. Aurreko urtearekin alderaturik, %35,2 gutxiago.

Zenbateko horretatik, Sozietateen Zergaren konturako ordainketagatik 12,3milioi euro bildu dira, eta iaz, berriz, 21,1 izan ziren. Sarrera horiek bat datoz aitorpena estatuko araudiaren arabera egiten duten enpresek apirilean eginiko konturako ordainketekin. Aurreko urtearekin alderatuz gero %41,7ko jaitsiera egon izanaren arrazoia, antza, koronabirusaren pandemiak eraginiko krisiaren ondoriozko galerengatik enpresa handiek erregistraturiko hornikuntza handiak dira. 

Zeharkako zergak

BEZak, zeharkako zerga nagusiak, 385,6 milioi euro ekarri ditu orotara, iaz baino 156,7 milioi gutxiago. Beherakada nabarmena izan da, hortaz: %28,9.

Nafarroako Foru Ogasunaren kudeaketa propioaren ondoriozko bilketak lan-atxikipenen kasuan adieraziaren antzeko egutegia du. Urteko lehen seihileko honetan %5,6ko jaitsiera izan da, 2019ko 733,7 milioietatik aurtengo 692,2etara. Enpresa handiez den bezainbatean, martxo-apirilean sorturiko kuotak %12,1 beheititu dira. Alde handia dago, beraz, 2019ko azarotik 2020ko otsailera arte aitorturiko %22,6ko hazkunde nabarmenarekin.   

Enpresa txiki eta ertainei (ETE) dagokienez, berriz, sorturiko kuotak %4,2 gutxitu dira 1. hiruhilekoan, eta era berean gora egin dute geroratzeko eskaerek. Baina atxikipenen kasuan bezala, abuztura arte ezin izanen da neurtu konfinamenduko hilabete latzenetan nola eragin dien krisiak ETEek ordaindu beharreko kuotei.

BEZaren itzulpenen beherakada %6,1ekoa izan da. Hau da, 605,1 milioi, iaz baino 39,5 gutxiago. Alde batetik, 2019an baino hileko kuota bat gutxiago itzuli da, 2019ko abuztuari zegokion kuotaren ordainketa abendura aurreratu baitzen; ondorioz, urteko lehen hiruhilekoko itzultzeei zegokienez %0,7ko igoera izan zen. Hala eta guzti ere, martxoa eta ekaina bitartean itzultzeek %12,8 egin dute behera aurreko urtearekin alderatuz gero, batez ere apirilean ibilgailuen esportazioak ia osoki eten izanaren ondorioz.       

BEZaren doikuntzaz den bezainbatean, 2020ko bigarren seihilekoko behin-behineko likidazioa eta 2019ko behin betiko likidazioa zenbatzen dira. 2019ko behin betiko erregularizazioaren emaitza Nafarroak ordaindu beharreko 23,4 milioi izan ziren; 2019ko martxoan, berriz, 21,8 milioi zeuden jasoak, eta hori da, hein batean, doikuntzan izandako beherakadaren arrazoia. Baina, halaber, beherapen nabarmena izan da 2020ko 2. seihilekoaren behin-behineko doikuntzan, bai aduanen doikuntzagatik bai barne-operazioengatik. Jaitsiera hori %25ekoa izan da orotara.     

Zerga berezietan ere jaitsiera handia izan da ekaineko bilketan: %25,2. Zehazki, 2019ko 235,6 milioietatik aurtengo 176,3retara. Beherakada kudeaketa zuzenaren jaitsieraren (-%18,6) ondoriozkoa da, baita doikuntza fiskalena ere.  

Osasun-krisiaren eta alarma-egoeraren eraginez zerga horiek aplikatzen zaizkien gaiak gutxiago kontsumitzeak ekarri dituzte beherakadak. Bilketan duten garrantziagatik azpimarratzekoak dira Hidrokarburoen gaineko zergaren beherakada (-%21,1), mugikortasuna murriztearen ondoriozkoa, eta Tabako-laboreen gaineko zergarena (-%13,9), Frantziako muga itxi izanak eraginik. Bilketan izandako inpaktua txikiagoa izanik ere, jaitsiera nabarmenak gertatu dira ere hainbat garraiobideren gaineko zergan (-%53), ibilgailuen salmentaren erortzea dela eta; argindarraren gaineko zergan (-%23,6), enpresen jarduera gelditu izanagatik; eta alkoholaren gaineko zerga (-%6,7), ostalaritza-establezimenduak ixteaz geroztik mota horretako produktuak gutxiago kontsumitzeagatik. 

Zerga bereziengatiko doikuntzak, BEZarenak bezala, 2019ko behin betiko likidazioaren erregularizazioaren zama nozitu du, baita urteko 2. hiruhilekoko behin-behineko doikuntzen beherapenarena ere. Azken horien zenbatekoa 2,2 milioi garbikoa izan da, eta 2019an, aldiz, 15 milioikoa izan zen.         

Zeharkako zergen alorrean nabarmentzekoa da, halaber, Ondare-eskualdaketen eta Egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergen portaera: ekonomia-zikloaren jarrerarekiko korrelazio positibo handia izan dute, eta metaturiko termino likidoetan eboluzioa negatiboa izan da. Beherakadak, hurrenez hurren, %26,1ekoa eta %17,5ekoa izan dira.          

Tasei eta bestelako diru-sarrerei dagokienez, esan dezakegu bilketaren jaitsiera, orobat, 4,4 milioi eurokoa izan dela. Horietatik, 2,6 milioi inguru tributu-zorrak ordaintzeko epea geroratu izanari dagozkio; izan ere, hilabetez atzeratu da alarma-egoeraren hasieran indarrean zeuden geroratzeen ordainketa-epea.