Descárgate la app
Arizkunek urte bukaerarako NA-2601 errepiderako irteera zuzena izanen du
2020ko uztailaren 24a
Arizkunek urte bukaerarako NA-2601 errepiderako irteera zuzena izanen du
Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazio eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, hitzarmena sinatuko du Baztango Udalarekin Arizkungo herritarrak NA-2601 errepidera zuzenean ateratzeko bidea eraikitzeko. Exekutiboak 44.000 euro bideratuko ditu obra finantzatzeko; lanak urte amaierarako amaituko dira.
Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza eta Toki Administrazio eta Despopulazioko zuzendari nagusia den Jesús Mª Rodríguez bildu berriak dira Baztango alkatea den Joseba Otondorekin, hitzarmen hori jorratze aldera. Akordioa sinatzea ostegun honetan Baztango Udaletxean egindako osoko bilkuran onartu dute.
600 biztanletik beherako herrialde batean bide berria eraikitzea egungo Nafarroako Gobernuak despopulazioaren aurka borrokatzeko duen konpromisoan kokatzen da. 2019. urtearen amaiera aldera, Foru Exekutiboak Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Departamentu arteko Batzordea sortu zuen, erronka demografiko hori zeharkakotasunetik lantzeko, Administrazioaren edozein politika edo planetan kontuan izan beharreko printzipio gisa hartuta.
Arizkun erdiko trafikoa murriztuko da
Arizkun herriko mendebalderako eremuan, Baztango udal mugartean, Pertalatx auzoa eta Erratzu nahiz hainbat baserri lotzen dituen bide bat dago. Bide horretatik NA-2601 tokiko errepidearekin lotzen duen adar bat ateratzen da. Gaur egun, ibilgailuak nekez igarotzen dira bide horretatik, zoru irregularra dela-eta.
Modu horretan, proiektuaren barnean, bide horretan hormigoia botako da, Arizkun herriko zonako nahiz Pertalatx auzoko bizilagunek tokiko errepiderako zuzeneko irteera izan dezaten, Arizkungo erdigunetik igaro beharrik izan gabe.