2020ko uztailaren 22a

Nafarroako Artxiboan “Maleficium. Nafarroa eta sorginen ehiza (XIV-XVII mendeak” erakusketa zabaldu da

Urte amaiera arte izango da gai horren inguruan Europako dokumentu esanguratsuenak biltzen dituen erakusketa
Areto protogotikoan prestatutako erakusketa.
camera_alt Areto protogotikoan prestatutako erakusketa.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean “Maleficium. Nafarroa eta sorginen ehiza (XIV-XVII mendeak” erakusketa izango da ikusgai urte amaiera arte. Erakusketa Jesús M. Usunáriz Garayoa, Nafarroako Unibertsitateko Historia Modernoko irakasleak zuzendu du. Bertan Europan bakarrak diren dokumentuak ematen dira ezagutzera, XIV. mendean sustraiak hondoratzen dituzten prozesu judizialak, eta fenomeno horrek XVII. mendera arte Nafarroako erresumako hainbat puntutan izan duen bilakaera erakusten dute.

Erakusketa prentsaurrekoan aurkeztu dute Kulturako zuzendari nagusia den Ignacio Apeztegiak eta komisarioak berak.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian sorginkeriaren sorrera eta bilakaeraren gainean Europa-mailako dokumentu osoenetako bat bildu da. Fenomeno horrek Nafarroako Erresuman izandako eragin garrantzitsua eta zabalera kronologikoa islatzen duten prozesu judizial ugari kontserbatu direnez, xehetasun handiarekin ezagutu daiteke garai luze bat, XIV. mendearen hasieran antzemandako kasurik goiztiarrenetatik hasi eta 1609ko Zugarramurdiko pasarte ezaguneraino.

Erakusketa Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko kripta protogotikoan ikus daiteke, asteko egun guztietan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, asteburuak eta jai-egunak barne. Etenik gabe bisitatu ahal izango da urtearen amaiera arte.

Gainera, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak erakusketaren bisita gidatuen programa antolatu du; bisitak larunbatetan izango dira 12:00etan, eta, horretarako, plaza erreserbatu beharko da 848 42 46 67 telefonora deituta.

Azkenik, nabarmendu behar da erakusketaren katalogoa argitaratzea aurreikusten dela udazkenerako, eta beste jarduera-mota batzuk antolatuko direla, tartean hitzaldien zikloa (unea iristen denean, horren berri emango da).

Erakusketa

“Maleficium. Nafarroa eta sorginen ehiza (XIV-XVII mendeak)” Muraria SL enpresak egindako muntaketa bidez eskaintzen da.

Dokumentazio esanguratsuenaren aukeraketa bat aurkeztuko da jendaurrean, pasarte batzuen laburpenekin, fenomeno horrek salatzaile, auzitegi eta biktimen gogoan izan zuen dimentsioa ulertzen laguntzeko, mendeetan zehar Nafarroako gizartearen bizikidetza baldintzatu baitzuen.

Erakusketa bost bloketan zatitzen da. Lehenengoan, sorginaren asmakuntza eta fabrikazio prozesua azaltzen da, Europan eta Espainian XV. eta XVII. mende artean argitaratutako tratatu demonologiko eta sineskeriaren aurkako tratatuen bidez.

Bigarrengoan, sorginekiko imajinario kolektiboa inguratzen zuten estereotipoak zehazten dira –begizkoak, zapoak, pozoiak, hegaldiak, metamorfosiak, akelarreak– akusatuak bereizten zituen errealitate sozialaren aurrean.

Hirugarrena, berriz, Nafarroako erresuman, errege-auzitegiek, Elizbarrutiko auzitegiak eta Inkisizioak sorginkeria-kausetan ulertu zituzten jurisdikzio ezberdinetan oinarritzen da, fiskalen eta abokatuen jarrerari erreparatzeko. Epaiek leku nabarmena dute, akusatuek jasandako drama erakusten dutelako, auzokideengandik jasotako salaketekin eta torturapean lortutako aitorpen eztabaidagarriekin.

Laugarrenean, Nafarroako erresuman egiaztatutako jazarpen-une nagusietako ibilbide historikoa egiten da, eta agertzen den Europako mapan egiazta daiteke Espainian eragin txikiagoa izan zuela Europako erdialdeko beste herrialde batzuekin alderatuta, exekuzioak aparteko zifretara iritsi baitziren.

Azkenik, erakusketaren azken kapitulua Zugarramurdiko gertaera dramatikoei eta pertsekuzio-maniaren gutxiagotzeari buruzkoa da, Inkisizioaren aldetik postulatu berriak sartu ondoren.

Eskuz idatzitako dokumentu orijinalak

Erakusketa 45 piezak osatzen dute. Gehienak eskuz idatzitako dokumentu orijinalak dira, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko funtsetakoak. Batzuk balio handiko piezak dira; esate baterako, 1370eko prozesu judiziala, erromantze gaskoieraz idatzia. Testu horretan, sorginkeriaren imajinarioa islatzen da, une horretarako ezin hobeto eratua, Europan lehen kasuen arteko bat dena.

Era berean, Inkisizioak fenomeno honi Nafarroan ez ezik, oro har ere emandako tratamendurako funtsezkoak diren bi gertaerarekin loturiko dokumentuak agertzen dira. 1525eko sorginkeriaren episodioak eta Zugarramurdiko kasuak dira, 1609-1612 urte artekoak.

Horiekin batera, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak beste pieza batzuk eskatu dizkie maileguan erakunde ezberdinei, eta tartean honako hauek aurkitzen dira: Nafarroako Liburutegia, “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoa, Nafarroako Unibertsitateko Liburutegia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegia, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa, Azkona Familia eta Lozano Familia.

Horien artean aipatzekoak dira “Mallei Maleficarum-en” 1620ko edizio bat; 1610eko Fede Autoaren zerrenda laburtua”, Burgosen argitaratua 1611n eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegian ale bakarra duena; edo Pierre de Lancreren “Tableau de l’inconstance des mauvais agnes et démons”, 1613an argitaratua eta Azkona Familiaren Funtsean kontserbatua.