Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 1,3 milioi inbertitu zituen publizitate instituzionalean 2019an
2020ko uztailaren 14a
Nafarroako Gobernuak 1,3 milioi inbertitu zituen publizitate instituzionalean 2019an
Nafarroako Gobernuak 2019an 1.302.797,719 euro inbertitu zituen publizitatean, Parlamentura bidalitako eta Gobernu Irekiaren web atarian argitaratutako exekuzio-memoriaren arabera.Bertan jasotzen da publizitatearen %73,39 Foru Komunitateko hedabideetan egin zela.
Publizitate-inbertsioaren ia erdia, 628.093,49 euro, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen duen diru-partidari dagokio. Publizitate Instituzionalerako Urteko Plana koordinatu du Zuzendaritzak, eta hainbat publizitate ekimen finantzatu ditu zeharka.
Gainerakoa, 674.704,22 euro, Nafarroako Gobernuaren departamentuen aurrekontu-sailei dagokie. Publizitate sailik handiena Osasun Departamentuak izan zuen, 257.327,47 euro; hurrengoak Herritarrekiko Harremanak (179.668 euro) eta Kultura eta Kirola (118.227,91 euro) departamentuenak izan ziren.
Esan bezala, publizitatera bideratutako 4 eurotik ia 3 nafar komunikabideetara joan dira; %73,39, hain zuen ere. Inbertsio osoaren %38,55 Nafarroan argitaratzen diren egunkariek jaso dute; nafar irratiek, %17,46; nafar telebistek %8,53; tokiko aldizkariek %4,02; hedabide digitalek %2,82; aldizkari sektorialek %2,11. Gobernuak publizitate-zabalkundea egiteko erabili dituen beste euskarriak honakoak dira: hiri barneko eta eskualdeko garraioa, %10,34; zinema-aretoak, %8,53; liburuxkak eta kartelak, %2,40; sare sozialak, %1,23; eta gainerakoa, %6,31, bestelako euskarrietan.
Gogorarazi beharra dago 2019an hiru hauteskunde izan zirela, eta araudiak mugatu egiten duela administrazio publikoek horietan egin dezaketen publizitate instituzionala. Hain zuzen, apirileko hauteskunde orokorrei, maiatzeko foru- eta udal-hauteskundeei eta azaroan, berriz ere, hauteskunde orokorrei dagozkie hiru aldi horiek.
51 publizitate-kanpaina
Orotara, 2019an publizitate instituzionaleko 25 kanpaina nagusi gauzatu ziren, eta guztira 1.100.287,70 euro inbertitu ziren horietan.
Hauek izan ziren inbertsio handieneko bost publizitate-kanpainak: lan-istripuak prebenitzekoa (85.050,61 euro); kalamu-kontsumoa prebenitzekoa (69.838,92 euro); drogak eta alkohola hartzearen ondorioz auto-istripuak prebenitzekoa (66.869,65 euro); indarkeria matxista prebenitzekoa (56.986,34 euro), eta energia-trantsizioari eta inbertsioa sustatzeari buruzkoa (55.984,46 euro).
Gainera, Gobernuak beste 26 publizitate-kanpaina txiki eta iragarki solteen argitaraldi egin zituen, orotara 202.510,01 euro erabiliz horretarako. Horien artean daude, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren argitalpenen sustapena (18.763,28 euro); Osasun Eskolaren jardueren zabalkundea (18.590,44 euro); terrorismoaren biktimentzako arreta-zerbitzuaren zabalkundea (7.598 euro); eskola-jazarpenaren aurkako sentsibilizazioa (6.351,77 euro) eta Lanbide Heziketaren sustapena (1.411,92 euro).
Inbertsioak prentsan, irratian, telebistan eta hedabide digitaletan
Diruzko inbertsioaren aldetik, Nafarroako Gobernuak erabilitako euskarri nagusia Foru Erkidegoan argitaratzen diren inprimaturiko egunkariak izan ziren; euskarri horretarako 502.241,54 euroko partida bideratu zen guztira, irakurle-kopuruaren araberako banaketa proportzionala eginik: Diario de Navarra (265.142,03 euro); Diario de Noticias (176.548,02 euro); Gara (42.226,57 euro) eta Berria (18.324,93 euro).
Bigarren euskarririk erabiliena irratia izan zen, bai orokorra bai musikan espezializaturikoa. Hain zuzen ere, 227.544,98 euro baliatu ziren irrati-euskarrian, honako banaketa eginez entzule-kopuruei buruzko azterketak aintzat harturik: Cadena Ser (59.837,54 euro); Cope (41.394,35 euro); Onda Cero (35.425,23 euro); Cadena 100 (30.377,39 euro); Europa FM (21.142,04 euro); Rock FM (14.504,51 euro); 40 Principales (13.299,59 euro); Euskalerria Irratia (9.799,70 euro) eta Xorroxin Irratia (1.764,64 euro).
Foru Gobernuaren sustapen-kanpainetarako erabilitako hirugarren publizitate-euskarria nafar telebistak izan ziren; horietan eginiko inbertsioa 111.161,92 eurokoa izan zen. Telebistan jarritako iragarkien zenbatekoaren %73,38 Navarra TVn egin ziren (81.571,99 euro). Gainerako %26,62 tokiko telebistetarako izan ziren, honela banaturik: Hamaika TB (7.675,94 euro), Xaloa TB (6.310,56 euro), TeleRibera (5.999,57 euro), 30TV (5.533,87 euro) eta Zona Media TV (4.069,99 euro).
Hedabide digitalen euskarriaz den bezainbatean, Gobernuak 36.786,06 euro erabili ditu bere jardueren publizitatea egiteko. Hedabide horietatik, diariodenavarra.es-ek 19.788,95 euro jaso ditu, eta noticiasdenavarra.com-ek 16.997,11. Nabarmendu beharra dago 2020tik aurrera Nafarroako Gobernuak publizitate instituzionala txertatzen duela, halaber, Nafarroako informazioa duten eta CIESek ikuskatzen dituen gainerako hedabide digitaletan, alegia, navarra.com, naiz.eus, pamplonaactual.com eta berria.eus atarietan.