Descárgate la app
Hezkuntzak datorren ikasturtean eskola sustatzaileak eta bitartekari soziokulturalak kontratatzeko diru-laguntzen beste deialdi bat onartu du
2020ko uztailaren 14a
Hezkuntzak datorren ikasturtean eskola sustatzaileak eta bitartekari soziokulturalak kontratatzeko diru-laguntzen beste deialdi bat onartu du
Hezkuntza Departamentuak laguntza deialdia onetsi du Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako gizarteratze eta hezkuntza arloko proiektuetan parte hartzen duten eskola sustatzaileak edo bitartekari soziokulturalak kontratatzeko, 2020-2021 ikasturtean. Zehazki, ekimen horretarako 460.000 euro erabiliko dira, absentismoa, eskola porrota edo ikasleen gizarte bazterketako arriskua saihesteko.
Deialdia Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoei edo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateei zuzenduta dago, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatutako hezkuntzan aurrera egiteko eta laguntzeko orientazio- eta indartze-programaren barruan dago. Laguntza hori 2020-2021 ikasturtean oinarrizko 23 gizarte zerbitzutara iristen ahalko da gehienez.
Eskola-porrota prebenitzea
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek edo haien mankomunitateek zenbait jarduketa garatzen dituzte deialdi honetan ezarritako helburuak saihesteko. Egiten dituzten jardueren artean, hezkuntza-komunitateari tresnak ematen dizkiote, ikasleak eta ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko. Lan horretan, beharrezkoa da eskola-sustatzaile edo bitartekari soziokultural bat izatea, familien eta ikastetxearen arteko harreman etengabea erraztuko duena. Horretarako, familia horiek bisitatzen dituzte, haiekin elkarrizketatzen dira eta harreman arina sustatzen dute haien eta ikastetxeko arduradunen artean.
Sustatzailearen irudiari esker, sarean lan egin daiteke gizarteratzean eta hezkuntzan diharduten eskualde bakoitzeko talde eta erakundeekin, eta eskola-absentismoan dauden familien eta ikasleen hezkuntza-partaidetza hobetu daiteke, erabateko integrazioa lortzeko. Gainera, ikastetxean bizikidetza giro egokia sortzen laguntzen du, eta arreta berezia jartzen du kultura eta gutxiengo desberdinetako taldeen arteko elkarrekintza sozialeko jarrera positiboak sustatzen.
Bestalde, figura hori funtsezkoa da gatazka pertsonaleko eta gizarte-arriskuko egoeretan dauden ikasleak identifikatzeko eta kasu horiei laguntzeko neurriak diseinatu eta ezartzeko, bai eta hezkuntza-normalizazioan aurrera egiteko ere, arrakasta-tasa handiagoak lortzeko, eta irakasleek eta hezkuntza-komunitateak proiektua diseinatu, garatu eta ebaluatzeko prestakuntza eta inplikazioa izan ditzaten.
2019-2020 ikasturteko datuak
2019-2020 ikasturtean, Nafarroako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek 19 eskola-sustatzaile eta/edo bitartekari soziokultural izan dituzte, eta Nafarroa osoko 55 ikastetxetan egin dute lan. Profesional hauek Altsasun, Allon, Buñuelen, Zarrakaztelun, Castejonen, Cintruenigon, Corellan, Lizarran, Fiteron, Erriberrin, Orkoienen, Iruñean, Azkoienen, San Adrianen, Tafallan, Tuteran, Izarbeibarren, Orbaibarren, Ultzaman zein Vianan.