2020ko uztailaren 13a

Nafarroako Museoak “9 EGUZKI” ekintza artistikoen zikloa ospatuko du Begiratokian

Esnaola kontseilariak aurkeztu du egungo artearen bederatzi topaketa izango dituen eta uztailaren 15etik irailaren 9ra asteazkenero egingo den ekimena
Rebeca Esnaola, Kultura eta Kirol kontseilaria, Ignacio Apezteguía Kultur 
zuzendari nagusia eta irailaren erdialdera arte programatutako jardueretan 
parte hartuko duten hainbat kide.
Rebeca Esnaola, Kultura eta Kirol kontseilaria, Ignacio Apezteguía Kultur zuzendari nagusia eta irailaren erdialdera arte programatutako jardueretan parte hartuko duten hainbat kide.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Museoak uda honetan zabalduko ditu Begiratokiko ateak “9 EGUZKI” ekintza artistikoen zikloa ospatzeko. Aurrez aurreko programa horretan egungo artearen bederatzi topaketa eginen dira, asteazkenero, uztailaren 15etik irailaren 9ra.

Saio bakoitzean arte-ekintza bat gauzatuko da, zuzeneko bizipen bat denbora errealean, artistek eta ikusleek partekatua eta emozioak eta ideiak isurtzea eraginen duena. Parte hartuko duten artistek saiakuntzak eginen dituzte beren diziplinen mugetan –marrazketa, gorputza, ahotsa, soinua, testua, irudia- eta ikusleek jasotzen dituzten pertzepzioen espektroa handitzen ahaleginduko dira.  

Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol Kontseilariak aurkeztu du “9 EGUZKI” programa, Alexandra Baurès arte-komisarioarekin eta Leire Urbeltz artistarekin batera.

Nafarroako Museoa jendeari zabaltzeko sortu da ekimena, arte garaikideko programazioa eskaintzeko asmoz, aire zabaleko gune batean garaturik. Beste xede bat arte bisualen eremuan Nafarroako sorkuntza babestea eta kultura udako aisialdirako  aukera gisa sustatzea da.

Jarduketa horiek guztiak Kultura eta Kirol Departamentuaren “Respira Cultura/Kultura Arnastu” kanpainarekin batera datoz. Kultur guneen eta herritarren arteko topaketa berriz eragitea du xede ekimenak, pandemiak beharturik gertatu diren itxieren eta eraldaketa pertsonal eta profesionalen ondoren. 

Programaren ordutegiak, prezioak eta edukiera

Arte-ekintza 20:00etatik 21:00etara gauzatuko da Nafarroako Museoko Begiratokian. Haren ateak, eta tabernarenak, 19:00etatik 21:00etara izanen dira zabalik ikusleentzat. Edukiera 60 lagunekoa izanen da Begiratokian, eta euria bada, 40 lagunekoa Hallean.

Museoko txarteldegian hartzen ahal izanen dira sarrerak, saio bakoitzaren aurreko egunean eta egun berean, 5 euroan, edari bat hartzeko aukera barne. Ezin izanen da erreserbarik egin telefonoz edo posta elektronikoz. Arte-saio guztietara joateko interesa dutenentzat ziklo osorako hogei abonamendu jarriko dira salgai uztailaren 14an, 45 euroko prezioan.  

Leire Urbeltz ilustratzailearen “Ninfeos (fuentes rituales)” irudi hedatuak emanen dio hasiera “9 eguzki” programari, uztailaren 15ean. Saioari DJ´la Mani-lak gehituko dio musika, Rock-calipso-love-roll emanaldia eskainiz.

Bere saioan, Urbeltzek antzinako Pompaeloko ninfeoa lotuko du Koreako antzeko toki batekin. Erritu-iturri horien inguruan biltzen ziren emakumeen komunitateaz jardutea da helburua.

Uztailaren 22an “Voces errantes” ahozko performancea eginen du Zarys Falcó & Katanga Project kolonbiarrak. Lan melodiko horrekin bat egin eta hura zabalduko dute Galina Rodríguez dantzariaren mugimenduek, elkarrekin gurutzatzen diren bi istorio izanen balira bezala.

Uztailaren 29an, Ghislaine Verano dantzariak “Mirador de realidad” izeneko gorputz-performancea eskainiko du. Partekaturiko bizipena proposatuko du, errespetutik eta barneratzetik abiaturik. Gorrek eta itsuek ere gozatzen ahal izanen dute saioaz.  

Abuztuan,  J’aime musikariaren “Love and Squalor” kontzertu elektroakustikoak emanen dio segida egitarauari. Bi gitarra, omnichord bat eta erritmo-kutxa bat erabiliz, bere bakarkako lehen lanaren alderik gordeenean barrena abiatuko da.  

Museoko Begiratokira Peru Galbetek ekarriko duen proposamenak konfinamenduko bizipenak ditu oinarri: paralizatzen gaituen beldurra, gure izatean sakonki sartu eta ahotsa mututzen duena, sorkuntzaren aldetik erronka bihurtu zena. Hala, ahotsa errekuperatzea, ozentasunez erabiltzea eta bizitzara itzultzea da helburua. Azken lanetan ikus-proiekzioak erabili baditu eta beste musikari batzuekin lankidetzan aritu bada ere, obra honetan bakarrik jardutea eta ahotsa biluztea erabaki du. Lehengai gisa erabiliko du ahotsa, soinu-geruzak sortuz, loop-makina baten teknologiarekin elkartuz eta emozioetan sakontzeko hedatuz.

Abuztuaren19an Led Silhouettek espresuki sorturiko eta Bonus track-ek antzezturiko dantza garaikideko ikuskizuna emanen da. Gorputzaren eta espazioaren arteko harremana jorratuko da bertan.

Abuztuaren 26an, “Irla” izeneko gorputz-performancean, Itxaso Markiegik ileari eta espazioaren egokitzapenari buruzko hausnarketak partekatuko ditu, ikusleen sentiberatasuna piztu nahian. Berebiziko arretaz tratatuko ditu mugikortasun urria edota ikusmen-desgaitasuna dutenak.    

Zikloa bukatzeko, bi ekintza artistiko eginen dira irailean. Irailaren 2an, Itsaso Iribarren & Germán de la Rivak testu- eta mugimendu-performance bat eginen dute, “Baila, escucha, contempla: accionando palabras” izenburukoa. Ikusleekin partekatuko dituzte giza gorputza oinarri duen beren arte-ikerketarekin loturiko testuak eta keinuak.

Zikloaren bukaera irailaren 9an iritsiko da. Egun horretan, Martín Etxauri Txo!? & Xabier Erkiziak zuzeneko obra bat sortuko dute “Makinen intimitateari buruz”, ikus-entzunezko performance baten bitartez. Ekimenaren arduradunen esanetan, “makinen barne-bizia ikus eta entzunaraztea eta haien murmurioen eta auhenen alderik gordeena argi eta itzal bihurtzea” da emanaldiaren xedea.