2020ko ekainaren 23a

Foru Komunitatean EITBren zerbitzuak hedatzeko hitzarmena urtebetez luzatzea erabaki dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak

2016an sinatutako eta oraindik indarrean dagoen akordioaren baldintzak bere horretan mantenduko dira

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak erabaki dute urtebetez luzatzea Nafarroan EITBren zerbitzuak emateko 2016az geroztik sinatuta duten hitzarmena; hau da, LTD bidezko telebistakoa nahiz kable bidezkoa edota FM irrati eta/edo DAB gisakoa.

Foru Exekutiboak oniritzia eman zuen bere garaian, eta gaur Eusko Jaurlaritzak baimendu du Gobernu Kontseiluan. Dokumentua datozen egunetan sinatuko dute Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak.

Hitzarmenaren baldintzak egungo berak izango dira, eta 2021eko uztailera bitarte luzatuko da, testuan isilbidez 2024ra arte luza daitekeela jasotzen den arren.

Dokumentuaren arabera, Nafarroako Foru Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak harreman berezia dute, kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturala ezaugarri duena, eta elkarlanerako tradizio luzea dute, elkarrekin hartu baitute parte kultura- eta hizkuntza-izaerako erakundeen sorreran eta garapenean, hainbat arlotan sektoreko akordioak sinatzeaz gain.

Era berean, gogorarazten du Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40.4 artikuluan ondorengoa ezartzen duela: Autonomia Erkidego bateko lurreko uhin hertziarren bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa autonomia-erkidego mugakide batean eta hizkuntza- eta kultura-kidetasunak dituen batean emititzea zilegi da betiere horrela adosten badute hitzarmenaren bidez eta elkarrekikotasuna izanez gero.

Lankidetza-protokoloa

Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak Lankidetzako Protokolo Orokorra sinatu zuten Gasteizen, 2016ko maiatzaren 10ean, eta 2009ko uztailaren 3an sinatutako aurreko protokoloan jasotako aurreikuspenak garatu eta berritzen ditu, nobazio bidez. Protokolo horren bitartez, bi gobernuek konpromisoa hartzen dute, ikus-entzunezko komunikazioaren arloan, EiTBren zerbitzuak Foru Komunitatean zabaldu ahal izateko beharrezko kudeaketak egiteko.

Konpromiso hori lankidetza-hitzarmen batean bildu zuten eta 2016ko uztailaren 15ean sinatu; orain berrituko den hitzarmena da. Dokumentuak Nafarroan EiTBren zerbitzuak emateko neurriak hartzea arautzen du, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera.

Hitzarmenean bertan lau urteko indarraldia ezarri zen, baina bederatzigarren klausulan jasotzen denez, aurreko klausulan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, sinatzaileek gehienez beste lau urtez luzatu ahal izango dute hitzarmena.