2020-2021 Ikasturte Akademikorako Kontingentzia Planak COVID-19aren bilakaeraren lau egoera posible aurreikusten ditu

2020-2021 Ikasturte Akademikorako Kontingentzia Planak COVID-19aren bilakaeraren lau egoera posible aurreikusten ditu

Ikastetxeak gune blokeagarrien bidez antolatuko dira, eta, hartara, ikasleak eremutan banatu ahal izango dira beren kide eta irakasleekin geletan lan egiteko

2020/06/23
Presentación del Plan de Contingencia COVID-19 para el curso académico 2020-2021

Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak Kontingentzia Planaren berri eman du gaur prentsaurrekoan, 2020-2021 Ikasturterako. Plan horrek lau egoera aurreikusten ditu “COVID-19 delakoaren bilakaera aurreikus ezinaren” aurrean. Ikastetxe bakoitza gune blokeagarrien bidez antolatuko da, ikasleak eremutan banatu eta beti irakasle talde berarekin lan egin dezaten. 

Hezkuntza Departamentuak normaltasun berria aitortzen duen Gobernu Akordioaren arabera egin du plana; Akordioan Departamentuari eskatzen zaio hezkuntza-jarduera presentziala prebenitzeko eta horren garapena antolatzeko protokoloa egin dezala, betiere Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren adierazpenak jarraituaz.

Gimeno kontseilariak adierazi moduan, “2020-2021 ikasturtearen garapena aurreikus ezina da, eta ezinbestekoa da eszenatoki ezberdinak aurreikustea, horietara egokitzeko dauden osasun-gorabeheren arabera; ondorioz, plana etengabe berrikusten joango dira”. Hezkuntza-komunitateak jasotako ekarpenen ondoren Departamentuak egindako dokumentua Nafarroako hezkuntza-agente guztiengana bidali da, ikastetxeak barne, “kudeatzea eta planifikatzea errazteko”, nabarmendu du Gimenok.

2020-2021 ikasturterako Plana ikastetxeen Kontingentzia Planarekin osatuko da. Ikastetxeek beharrezko datuak emango dizkiote Departamentuari plana ezartzeko irailean klaseak berriro hasi aurretik.

Eszenatokiak

Zirriborroan (pandemiaren bilakaeraren arabera, aldaketak sartzen joateko irekita dagoen dokumentua da), hainbat egoera jasotzen dira “hezkuntza-sistemak egon daitezkeen errealitate hipotetiko ezberdinetara nahitaez egokitzeko gaitasuna izan dezan”, adierazi du Gimenok; “eszenatoki horiek oso ondo baloratuta eta aztertuta ditu Hezkuntzak”, azpimarratu du.

Lehen eszenatokian, normaltasun berria deitzen den honetan, irakaskuntza-jarduera presentziala bermatzen da etapa eta maila guztietan; bigarren eszenatokian, koronabirusaren berragertze bat egon daitekeenean, ikasleak artatzeko modu ezberdinak aurreikusten dira etaparen eta mailaren arabera; hirugarrenean, berriz, agerraldiaren larritasuna dela-eta jarduera ez presentziala indartzeko aukera aurreikusten da; eta, azkenik, laugarren eta azken eszenatokian, ikastetxeak erabat ixtea aurreikusten da.

-1. Egoera: ikasle guztien irakaskuntza presentziala bermatzen da, ikastetxeen ohiko lanaldiarekin, garraio, jangela eta guzti. Haur eta Lehen Hezkuntzako talde egonkorrak finkatuko dira, eta ikastetxe bakoitzarekin, 1,5 metroko tartea mantendu ezin bada, aukera ezberdinak aztertuko dira. Gainerako hezkuntza-etapetan, taldeak pertsonen arteko gutxieneko tartea errespetatuaz zehaztuko dira; hots, pertsonako gutxieneko azalera 2,25 m2-koa.

Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasleak aldendu ezin dituzten ikastetxeen kasuan, espazioak bilatuko dira hala behar izanez gero, eta gainerako etapetan ikastetxeak hauta dezake gelak maskarak erabiltzea, taldeak mugatzea soberakinak online artatuaz ikastetxean bertan, edota goizeko eta arratsaldeko txandak ezartzea.

Talde egonkorrak espezialitate guztietan mantenduko dira banantzeko bitarteko fisikoekin.

-2. Egoera: irakaskuntza presentziala mantenduko da maila guztietan, lanaldi jarraitua izango da ikastetxe guztietan, garraioa %100 beteko da, baina ez da jangelarik egongo. Sektoreak eta bizikidetzako talde egonkorrak blokeatzea indartuko da, eta talde ezberdinetako ikasleak nahasten diren espezialitateak kenduko dira.

-3. Egoera: irakaskuntza presentziala egongo da Haur eta Lehen Hezkuntzan; gainerako etapetan, berriz, etxeko online modalitatearekin konbinatuko da. Geletako irakaskuntzan, espezialisten sarrera kendu eta espazioak birkokatuko dira.

-4. Egoera: ikastetxe guztiak itxi eta online irakaskuntza eskainiko da, maila bakoitzera egokitua.

Hezkuntza bereziko ikastetxe edo egituretako ikasleek egiten duten hezkuntza-etapa kontuan hartu gabe, 1., 2. eta 3. egoeretan irakaskuntza-jarduera presentziala bermatuko da etapa bakoitzerako definitutako ordutegian, eta plan espezifikoak egingo dira Gizarteratze, Berdintasun eta Bizikidetzako Zerbitzuarekin batera.

Jangela-zerbitzuari dagokionean, 2., 3. eta 4. egoeretan, zerbitzua kendu egingo da. Hala ere, ekonomikoki kaltetuak diren familiek, jangelarako laguntza-eskubidea onartuta eta helbidea ikastetxearen herrian baldin badute, menua ikastetxean jaso ahal izango dute. Ikastetxea dagoen udalerriaz kanpo bizi direnei, berriz, bono bat edo elikadura-txartel bat emango zaie.

Blokeka antolatzea eta maskarak erabiltzea

Kontingentzia-planaren helburu nagusia da langileen eta ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzea. Horretarako, blokea daitezkeen sektoreen sisteman oinarritzen da, pertsonak nahiz okupatzen duten espazioa zonifikatu ahal izateko; modu horretan, agerraldi baten aurrean, kaltetutako sektore osoa isolatu ahal izango da eta gainerakoek lanean jarraitu ahal izango dute zaintza eta alerta estuko sistemapean.

Perimetratutako eremu horiek ikastetxeko gainerako eremuetatik isolatuta gera daitezke agerraldiren bat agertuz gero, eta ikasle eta haien irakasle klase batek edo gehiagok (ikasturteka, mailaka, etapaka, ikastetxearen tamainaren eta espazioen arabera taldeka daitezke) osa ditzakete, eta, horiekin batera, pertsona horiek erabiltzen dituzten ikasgelek, pasabideek, komunek, jolas-guneek, jantokiek, kiroldegiek eta abarrek ere bai.

Haur eta Lehen Hezkuntzaren kasuan, talde egonkorrak definituko dira, gainera, ikasleek beti pertsona eta irakaskuntza-talde berekin lan egin dezaten, ikastetxeko gainerako taldeetatik ira erabat isolatuta egote aldera. Talde horietan, gela barruko mugimendua librea izango da; hau da, 1,5 metroko segurtasun-tarterik mantendu edo maskara erabili beharrik ez dute izango.

Espazio guztietan, garbiketa eta higiene neurriak indartuko dira, maskarak erabiltzeko jarraibideak markatzearekin batera, osasun-agintarien adierazpenak errespetatuaz. Modu horretan, maskarak erabili beharrik ez dute izango Haur Hezkuntzako ikasleek; Lehen Hezkuntzan, berriz, talde egonkorrean baldin badaude, ez dute erabili beharrik izango, baina taldetik kanpo eta pertsona artean 1,5 metroko tartea mantendu ezin denean, bai. Gainerako hezkuntza-etapetan, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da ezarritako distantzia mantentzerik ezin bada; aldiz, ikasmahaietan eserita eta 1,5 metroko distantziara dauden bitartean, ez da beharrezkoa izango erabiltzea. Irakasleei dagokienez, maskara erabiltzea borondatezkoa izango da talde egonkorrarekin daudenean, eta derrigorrezkoa segurtasun-tartea bermatzen ez denean.

Ikastetxe bakoitzak maskara kirurgikoak izango ditu norbait sintomekin hasten den kasuetarako, eta maskara higienikoak behar dituzten irakasle eta ikasleentzat.

Eskola-garraioari dagokionean, 6 urtetik beherako ikasle guztiek maskara jarrita bidaiatu beharko dute.