Descárgate la app
Lehendakariak Nafarroako herritarrei esan die ‘normaltasun berria’ “beldurrik gabe bizitzeko, baina birusarekiko errespetua izanda”
2020ko ekainaren 22a
Lehendakariak Nafarroako herritarrei esan die ‘normaltasun berria’ “beldurrik gabe bizitzeko, baina birusarekiko errespetua izanda”
Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek birusa ez zabaltzeko segurtasuneko distantzia fisikoa mantentzea beharrezkoa dela azpimarratu du gaur, eta normaltasun berria "beldurrik gabe, baina birusarekiko errespetua izanda" bizitzea garrantzitsua dela esan du. Nafarroako Jauregiaren aurrean adierazi du, eta, bertan, ‘Metro eta erdi, zure konpromisoaren neurriak aldatu gabe jarraitzen du’ gizartea kontzientziatzeko kanpainaren barnean beste ekintza bat ere aurkeztu du.
“Nahi dut eta espero dut normaltasun berriko igarobidea positiboa izatea eta gure bizitza berreskuratzen joatea, betiere beste joko-arau batzuekin bizi behar dugula ulertuta”, azpimarratu du. Ildo horretan, honela gogoratu du: “geldiarazten duen” beldurraren aurrean, errespetuak “aurrera egiten uzten du, baina ardura eta zuhurtziarekin”.
Chivitek Nafarroako Jauregiaren fatxadan jarritako bi mezu handiei begiratu die; izan ere, bizi izandako egoeraren eta abiapuntura eramango gaituzten ekintzak ez errepikatzeak duen garrantziaren inguruan herritarrak kontzientziatzeko jarri dira. Ekitaldian izan dira, baita ere, lehendakariordea eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria den Javier Remírez, Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin.
“Distantzia fisikoari eta higieneari buruzko gomendioak betetzea funtsezkoa da pandemiari aurre egiteko. Horiek dira birusa ez hedatzeko ditugun erremintak. Ezin ditugu alde batera utzi ezta une bakar batean ere”, gehitu du Lehendakariak, eta, horrela, hildako 500 pertsona baino gehiago eta konfinamendu-hilabeteetan osasun-profesionalek, enpresek eta gizarteak egindako “izugarrizko” ahalegina gogoratu nahi izan ditu. “Ez dugu egoera hain dramatikoa berriro bizi nahi. Eta ez dugu ahaztu behar ondorioak bizitzen jarraituko dugula hilabete askotan, osatzea tamaina handiko erronka izango baita”, amaitu du.
“Metro eta erdi, zure konpromisoaren neurriak aldatu gabe jarraitzen du”
Gaur aurkeztutako ekintzak Nafarroako Gobernuak abian jarritako ‘Bi metro, zure konpromisoaren neurria’ kanpainaren barnean sartzen dira, eta orain goiburu berria jarri diote, ‘Metro eta erdi, zure konpromisoaren neurriak aldatu gabe jarraitzen du’, elkarrekin bizi ez diren pertsonen arteko gomendio bezala gutxieneko 1,5 metroko distantzia ezartzen duen araudi berriaren arabera.
Goiburu berria gaurtik (astelehena) aurrera ikus ahal izango da karteletan, prentsan, hedabide digitaletan, irratian, telebistan eta tokiko aldizkarietan. Halaber, Nafarroako Gobernuaren sare sozialetan (Twitter, Facebook eta Youtube) zirkulazioan ibiliko da etiketa hauekin: #MetroYMedio eta #LaMedidaDeTuCompromisoNoCambia; eta #MetroEtaErdi eta #ZureKonpromisoarenNeurriaEzDaAldatzen.
Nafarroako Jauregitik aparte, mezua ikusgai egongo da pankarta handietan Nafarroako Ospitale Guneko A eta B eraikinetan, Nafarroako Parlamentuan, Gobernuak Nafarroan duen Delegazioan, Iruñeko eta Erriberriko Udaletxeetan eta Tuterako Foruen Plazako Erlojuaren Etxean. Halaber, ekimenarekin bat egin dute berrogeita hamar bat toki-erakundek, eta tamaina txikiagoko kartelak ezarriko dituzte, zehazki, leku hauetan: Lizarra, Eguesibar, Barañain, Burlata, Zizur Nagusia, Aranguren, Antsoain, Tafalla, Berriozar, Atarrabia, Noain (Elortzibar), Corella, Cintruénigo, Baztan, Altsasu, Berriobeiti, Uharte, San Adrián, Azkoien, Zangoza, Lodosa, Viana, Castejón, Murchante, Beriáin, Orkoien, Erriberri, Zizur, Cascante, Azagra, Ribaforada, Bera, Mendavia, Milagro, Cortes, Leitza, Marcilla, Villafranca, Gares, Caparroso, Andosilla, Lesaka, Esteribar, Agoitz, Carcastillo, Fustiñana eta Etxarri Aranatz.
Kanpainarekin bereziki arreta berezia eskaini nahi zaio biztanleria gazteari. Modu horretan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak zenbait ekintza zehatz bultzatu ditu Instagram kontuaren bitartez. Storie, galeriako argitalpen eta babestutako posten bitartez, eguneroko egoera ezberdinetan metro eta erdiko tartea nola mantendu erakusteko irudiak zabalduko dira.
Horrez gain, #Metroetaerdi #Metroetaerdizurekonpromisoarenneurria goiburuarekin, gazteak beren irudiak edo bideoak bidaltzera animatuko dira, senitartekoen eta lagunen artean metro eta erdiko distantzia nola kalkulatzen duten erakusteko. Parte hartzen duten pertsona guztiek, gaurtik hasi eta uztailaren 15era bitarte, doako sarrera jasoko dute Iruñako Eskualdeko Golem zinemara edo Tuterako Ocinera joateko, irailaren 15era bitarte trukatzeko aukerarekin.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak 700 sarrera banatzea aurreikusten du eta mezu horiek 80.000 gazterengana iristea lortzea Instagram bitartez.
Osasun-mailako gomendioak
‘Normaltasun berriaren’ aurrean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) herritarrei gogoratu nahi die garrantzitsua dela oinarrizko neurriak mantentzen jarraitzea COVID-19aren aurrean; alegia, gutxieneko 1,5 metroko distantzia mantentzea, maskara erabiltzea eta eskuak garbitzea. Modu horretan, berragertzeak prebenitu eta pandemiari eustea lortu nahi da.
Prebentzio-neurri nagusia izaten jarraitzen du distantzia fisikoak, maskara behar bezala erabiltzearekin lotuta, distantzia hori mantendu ezin denean. Izan ere, infekzioa pertsonatik pertsonara transmititzen da batez ere, eta kutsakortasuna arnas bideetan dagoen birus-kopuruaren eta botatzen diren kantitatearen araberakoa da.
NOPLOIk adierazi du tanta gutxiago botatzen direla hitz egitean oihu egitean baino, eta askoz ere gehiago eztula edo doministiku egitean. Gainera, badirudi transmisioa gehiago gerta daitekeela aurrez aurre egotean, ondoan ibiltzerakoan baino, eta gogoratu behar da sintomarik gabeko pertsona batzuek birusa kutsa dezaketela.
Infekzioa gertatzeko, NOPLOIk azpimarratzen duenaren arabera, harreman zuzena beharko luke infektatutako pertsona baten arnas jariakinen eta beste pertsona baten mukosen (sudurra, ahoa, begiak) artean, eta hori pertsonen arteko kontaktua estua eta hurbila denean gertatzen da; hau da, 1,5 metro baino gutxiagoko distantzian.
Tabernak, terrazak eta jatetxeak
Taberna, terraza eta jatetxeetan garrantzitsua da mahaien artean eta mahai bera okupatzen dutenen artean (soilik elkarrekin bizi direnak egon daitezke 1,5 metro baino gutxiagoko distantzian) eta lokaleko langileekin ere segurtasun-distantzia mantentzea.
Litekeena da transmititzeko aukera gehiago izatea leku itxietan leku irekietan baino, are gehiago jende asko eta aireztapen gutxi dagoenean eta egonaldia luzeagoa denean. Hori dela-eta, espazio irekiak edo aire librekoak hautatzea gomendatzen da, karga birala diluitzea errazten dutenak; denbora luzez ez egotea; eta aldi berean jende gutxirekin egotea (hainbat alditan geratzea gomendatzen da, lagunen, senitartekoen eta abarren talde handiak banatuaz, taldeak txikiagoak izan daitezen).
Zuzeneko transmisio horrez gain, baliteke eskuen bitartez kutsatzea, infektatutako pertsonak hitz egitean, eztula edo doministiku egitean botatzen dituen tantak zuzenean eskuetara iristen badira. Hortaz, eskuak ez ukitzea eta agurtzeko bostekorik, musurik edo besarkadarik ez ematea gomendatzen da.
Maskara derrigorrezkoa da gutxieneko distantzia bermatzen ez den kasuetan
Maskararen erabilerari dagokionean, derrigorrezkoa izaten jarraitzen du bide publikoan, aire libreko espazioetan eta erabilera publikoko edo publikoari irekitako edozein espazio itxitan, betiere segurtasun-tartea mantentzea ezinezkoa bada.
Halaber, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da aireko garraioan, itsasokoan (ez kamarotean edo distantzia mantendu daitekeenean), autobusean edo trenean edota bidaiarien garraio publiko eta pribatu osagarrietan 9 plazara bitarteko ibilgailuetan, gidatzen duena barne, bidaiariak etxe berean bizi ez badira.
Taberna, terraza eta jatetxeetan, kontsumitzerakoan kentzea gomendatzen da, etengabe kentzen eta jartzen ibili gabe.
Bestalde, zeharka eta birusa zabaltzeko modu nagusia dela sinesten ez bada ere, tanta horiek geratu diren objektuak edo azalerak ukitzean gerta daiteke. Transmititzeko beste mekanismo hori saihesteko, garrantzitsua da eskuak ondo eta maiz garbitzea edo gel hidroalkoholiko bat erabiltzea etxetik irten aurretik, etxera itzultzean, ostalaritzako establezimendu batean kontsumitu aurretik edo handik ateratzean.
COVID-19a gehiago aztertzen eta horren inguruan gehiago jakiten goazen heinean, prebentzio-neurriak sakontzen joan dira. Horrela, kontua da norberak bere burua babestea eta gainerako pertsonak ere babestea.