2020ko ekainaren 18a

Irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta enpresek 130.000 euroko laguntza-lerroa eskuratu ahal izango dute berdintasunaren eta kontziliazioaren arloko proiektuak egiteko

Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du laguntzen deialdia, eta eskaerak egiteko epea ekainaren 29an amaituko da

Nafarroako Gobernuak 130.000 euroko laguntza lerro bat ireki du berdintasunaren eta kontziliazioaren arloko proiektuak martxan jartzeko. Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu ditu deialdiaren oinarriak, irabazi asmorik gabeko erakundeei eta enpresei zuzenduta, eta ekainaren 29ra arteko epea izango dute diru laguntzen eskaerak aurkezteko.

Bi kategoria ezberdin daude. Alde batetik, 70.00 euro aurreikusi dira erakundeen eta enpresen berdintasun-planetan jasotako ekintzak kanpoko zerbitzuek gauzatzeko. Bestetik, berriz, Foru Exekutiboak 60.000 euro jarriko ditu kontziliazioaren edo genero-berdintasunaren arloan metodologiak ezartzeko, garatzeko eta aplikatzeko.

Lehen kasuari dagokionean, laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte helbide soziala edo lantokia Nafarroan duten erakunde eta enpresek, baldin eta 25 eta 150 langile arteko plantilla badute. Era berean, berdintasun-plan bat izan beharko dute, azken bost urtetan egindakoa edo berraktibatua. Lerro honen bitartez, berdintasun-planean aurreikusitako ekintzak gauzatzeko erakundeari edo enpresari laguntzea xede duten proiektuentzat emango da diru-laguntza, plangintzatik hasi eta ebaluaziora bitarte, neurriak gauzatzeko eta segimendua egiteko laguntzatik igaroaz. Proiektua berdintasunean prestatutako langileak dituen kanpoko laguntza-zerbitzu edo aholkularitza tekniko batek egin behar du aurtengo urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartean. Erakundeek eta enpresek gutxienez 40 orduko laguntza-zerbitzua kontratatu beharko dute.

Bestalde, metodologiak ezartzera eta garatzera bideratutako laguntza-lerroa irabazi asmorik gabeko erakundeentzat izango da soilik. Horiek helbide soziala Foru Komunitatean eduki behar dute eta berdintasun-arloan prestatutako langileak ere bai, gutxienez 120 orduko prestakuntzarekin. Eskatzaileek diruz lagundu nahi den metodologiaren titulartasuna izan behar dute, eta Nafarroan kokatutako erakunde, enpresa edo lan-zentroetan gauzatu beharko da aurtengo urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean.

Eskaeren aurkezpena

Diru-laguntzak eskuratu nahi dituzten erakundeek eta enpresek eskaerak ekainaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dituzte telematikoki, Nafarroako Gobernuaren web orrialdeko Izapideen Katalogoko fitxaren bitartez.

Eskaerekin batera eskatutako dokumentazioa aurkeztuko da, eskuratu nahi den modalitate bakoitzaren arabera.

Laguntzak norgehiagoka bidez emango dira; beraz, eskaerak alderatu egingo dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarrietan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.