2020ko ekainaren 18a

Ehiza-zaindariak kontratatzeko, kalteak prebenitzeko eta ehiza-espezieen habitata hobetzeko laguntzen deialdia egin da

Nafarroako ehiztarien elkarteei eta tokiko erakundeei zuzenduta daude, eta 263.000 euro dira guztira

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bitartez, 263.000 euroko laguntzen deialdia egin du, alde batetik, ehiztarien elkarteentzat ehiza-zaindariak kontratatzeko zein habitatak hobetzeko (223.000 euro) eta, bestetik, Nafarroako toki-erakundeentzat, ehiza-espezieek eragindako kalteak prebenitzeko (40.000 euro).

Horrela jasotzen da Ingurumeneko zuzendari nagusiak emandako ebazpen banatan eta jada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoetan. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 15ean amaitzen da.

Ehiztarien toki-elkarteentzako laguntzen helburua da ehiza-zaindariak kontratatzetik eta espezie zinegetikoen habitataren kalteak prebenitzeko eta hobetzeko jardueretatik eratorritako gastuen portzentaje bat ordaintzea, 2020. urteari begira.

Bestalde, toki-erakundeentzako laguntza-lerroa aurtengo berrikuntza da, zenbait espezie zinegetikok nekazaritzako eta basoetako habitatetan eragiten dituzten kalteak gutxiagotzeko eta horien arriskua murrizteko nahiz horietako habitaten harrera-gaitasuna hobetzeko.

223.000 euroko laguntza ehiztarien elkarteentzat

Ehiztarien toki-elkarteentzako laguntzen deialdia aurten berriro egin da, COVID-19aren osasun-krisiaren ondoren salbuespenezko egoera bizi arren; izan ere, nekazaritza bezalako interes orokorreko funtsezko jarduera bultzatzen esku hartzen duten agenteak dira.

Modu horretan, laguntzak eskaintzen dira barrutietan zaintzaileak egotea sustatzeko, eta, ondorioz, baliabide zinegetikoak behar bezala kudeatzeko. Aldi berean, zenbait ehiza-espeziek eragindako kalteak gutxitzera bideratutako ekintzetarako laguntzak eskaintzen ditu edota basoa hornitzeak eta nekazaritza-matrizea sinplifikatzeak modu negatiboan kaltetutako beste espezie batzuen habitatak hartzeko gaitasuna hobetzera bideratutako laguntzak.

Ehiza-zaindariaren irudia jarduera zinegetikoaren iraunkortasunari eusteko erremintatzat jotzen da, bereziki Nafarroan, jarduera hori basafaunaren populazioetan oinarritzen baita. Zaintzaile horiek, besteak beste, ekosistemak eta basafauna ezagutu behar dituzte, eta duten prestakuntzak titularrek egindako ehizaren kudeaketaren babes teknikoa bermatu behar du.

Laguntza hauen onuradunak izan daitezke ehiztarien toki-elkarteak, baldin eta ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

-Ehiza-zaintzaileen laguntzetarako, hiru baldintza bete behar dituzte: zaintzaileak Nafarroako Ehiza Zaindariaren titulua izatea, deialdiaren denboraldirako kontratatutako zerbitzuak 1.000 eurotik gorakoak izatea (soldata gordina) eskaera bakoitzeko eta zaindaria gaitasunik gabe ez egotea ehizarekin lotutako jarduerak egiteko deialdi honek irauten duen bitartean.

-Habitataren kalteak prebenitzeko eta habitata hobetzeko laguntzetarako, onartutako exekuzio materialaren aurrekontua 1.000 eurotik gorakoa izatea (BEZ sartu gabe).

Bi laguntza-lerroak 103.000 euroko eta 120.000 euroko aurrekontu-zuzkidura dute, hurrenez hurren; azken hori iaz baino 30.000 euro gehiagokoa da.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bitartez.

Toki-erakundeentzako laguntza berriak

Berrikuntza gisa, kanpaina honetan toki-erakundeentzako beste laguntza-lerro bat atera da, espezie zinegetikoek nekazaritzan eta abeltzaintzan sortzen duten kalte-arriskua murrizteko asmoarekin. Laguntza horietarako 40.000 euroko aurrekontu-partida bat ezarri da.

Laguntza hori eskuratu ahal izango dute eskaera aurkezteko unean haien tokiko barrutien kudeaketaz arduratzen diren toki-erakundeek.

Besteak beste, honako hauen inguruko gastuetarako diru-laguntzak emango dira: laboreak babesteko sareen kostu materiala, funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren edozein osagai barne; babesteko hodien edo antzeko sistemen kostu materiala; eta laboreak babesteko artzain elektrikoen kostu materiala.

2020. urtean zehar onartutako gastuen aurrekontuekin alderatuta, diru-laguntzaren ehunekoak aldatu egiten dira laguntza-lerroen arabera. Eskaera guztiek baremazio eta norgehiagoka prozedura izango dute, eta laguntza ekonomikoak lehentasun-hurrenkeran emango dira, harik eta aurrekontu-lerro bakoitza agortu arte.

Kasu horretan, eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Baso eta Ehiza Zerbitzura zuzendu beharko dira eta Departamentu horren Erregistroan aurkeztu beharko dira (Gonzalez Tablas kalea, 9, Iruña). Halaber, legeak aurreikusitako edozein leku eta modutan aurkeztu ahal izango dira.