Descárgate la app
Alarma-egoerak ez du natura geldiarazten
2020ko ekainaren 15a
Alarma-egoerak ez du natura geldiarazten
COVID-19aren ondorioz ezarritako alarma-egoerak ez du natura geldiarazi. Horregatik, Nafarroako Gobernuko Basozainek biodibertsitatea babesteko lanekin jarraitu dute, salbuespenezko egoera hori luzatzen ari den urtaroetan zehar.
COVID-19aren ondorioz ezarritako alarma-egoerak ez du natura geldiarazi. Horregatik, Nafarroako Gobernuko Basozainek biodibertsitatea babesteko lanekin jarraitu dute, salbuespenezko egoera hori luzatzen ari den urtaroetan zehar.
Alarma-egoerak hiru fase izan ditu: martxoaren 14an, neguaren amaieran, hasi zen; udaberri osoan mantendu da; eta, ekainaren 21ean, udaldiaren hasieran, amaituko da. Hiru hilabete pasatxo hauetan, dena geratu da. Naturak, ordea, bere erritmoa jarraitu du, eta une jakinetan biodibertsitatea mantentzeko lanak burutu behar izan dira.
11 mugaketa eta 112 basozain
Nafarroako Gobernuko Basozainen taldeak, 11 mugaketen artean 122 basozain biltzen dituenak, ingurumena babesteko lanak burutu ditu.
Ziklo naturalen jarraipena ugalketaren bidez lortzen da, eta, hain zuzen ere, sasoi honetan gertatzen da, uztaldiekin bat etorriz. Apirilean eta maiatzean, mirotzek zerealetan jartzen dute habia, eta horregatik da garrantzitsua uztaldia baino lehen zehaztea non duten kokalekua. Beraz, Biodibertsitatearen Zerbitzuak zuzenduta, hesi txikiez inguratu dituzte habiak, handik aste batzuetara txitek oskola apurtuz arrautzetatik atera eta hegan egin dezaten.
Ur-eremuan, aldiz, izokin gazteak atera behar dira ubideetatik, askotan zentral hidroelektrikoen kanaletan sartzen direlako. Izokinek arriskurik ez izateko eta haien populazioa mantentzeko oso garrantzitsua da basozainen lana; izan ere, Biodibertsitatearen Zerbitzuak zuzenduta, izokinak eskuz ateratzen dituzte ibaietatik.
Animaliak jasotzea
Beste zeregin garrantzitsuetako bat ingurumeneko larrialdiei erantzutea da; hala nola zauritutako animaliak jasotzea eta suak itzaltzen eta isurketak kontrolatzen laguntzea. Horrelakoak dira alarma-egoeran burutu diren zereginak, gerorako utz ezin daitezkeenak. Mugaketen datuen arabera, zauritutako edo hildako animaliak jasotzeko 329 intzidentzia erregistratu dira guztira. Ildo horretatik, gogoratu behar da animalia bat zauriturik ikusiz gero, 112 telefono-zenbakira deitu behar dela, erreskaterako protokoloa martxan jar dadin.
Liztor asiarra, adibidez, neguan ez da habian egoten, eta orain da tranpak jartzeko unerik aproposena. Nafarroako Basozainek udaberri honetan 100 tranpa baino gehiago jarri dituzte, eta, haiei esker, 164 liztotzar asiar harrapatu dituzte.
Basoek ere beren martxa jarraitu dute. Basogintza eta Ehiza Zerbitzuak sasoi honetan ohikoak diren lanak burutu eta alarma-egoeran ezinbesteko jardueratzat jo diren baso-ustiapenak martxan mantendu ditu. Horrez gain, tokiko erakunde asko egurrezko sortak salmentan jartzeko zain daude.
Alarma-egoeratik eratorritako jarduerak
Basozainek naturaren zikloari dagozkion jarduerez gainera, alarma-egoeratik eratorritako lanak burutu behar izan dituzte; alegia, konfinamenduari buruzko araudia betearaztea eta herritarrei informazioa eta arreta ematea, naturaguneetan bereziki.
Hain zuzen ere, naturaguneetan arau-hausteak ekiditeko, alarma-egoeraren hasieran araudia betetzeari eman zioten lehentasuna.
Ildo horretatik, zainketa- eta heziketa-lanak burutu dituzte, unean-unean onartutako eta debekatutako jardueren berri emanez, arauak betetzea zeinen garrantzitsua den azpimarratuz eta beharrezko kasuetan salaketak eginez. Horrez gain, pertsonen bilgune bihur zitezkeen piknikguneak eta beste gune batzuk zigilatu zituzten.