Descárgate la app
Gobernuak 450.000 euro jarriko ditu kultur arteko bizikidetza sustatzen duten proiektuentzat
2020ko ekainaren 10a
Gobernuak 450.000 euro jarriko ditu kultur arteko bizikidetza sustatzen duten proiektuentzat
Nafarroako Gobernuak, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 450.000 euro jarriko ditu kultur arteko bizikidetza sustatzeko, toki-erakundeei eta gizarte-erakundeei zuzendutako laguntza-deialdiaren arabera. Deialdia dagoeneko NAOn argitaratu da, eta proposamenak aurkezteko epea ekainaren 29an amaituko da.
Deialdia erregulatzen duten oinarrietan ezarritako moduan, toki-erakundeen eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeen proiektuak diruz lagunduko dira, baldin eta horien helburua kulturen arteko bizikidetza sustatzea eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzea bada.
Zehazki, bizikidetzako eta sentsibilizazioko proiektuentzat izango dira diru-laguntzak, 2020. urtekoak. Laguntzak, batetik, gizarte-erakundeentzat izango dira, eta 300.000 euro emango zaizkie, eta, bestetik, toki-erakundeentzat, 150.000 eurora bitarteko laguntzekin.
Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak deialdia aurrez aurkeztu zien erakunde sozialei nahiz toki-erakundeei. Topaketa horretan, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) koordinatutako 20 toki-erakunde baino gehiagok diru-laguntzekiko interesa erakutsi zuten.
Pertsona ahulenentzako arreta
Diru-laguntzen deialdia 9/2020 Foru Aginduaren bitartez onartu zen maiatzaren 13an. Oinarrien arabera, diruz lagundutako proiektuen helburua “eremu komunitarioko kulturen arteko bizikidetza-espazioak sortzea izango da edota kultura arteko sustapenerako eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko sentsibilizazio-ekintzak garatzea”.
Proiektuak herri ezberdinetako biztanleria migratzailearentzat zein bertakoentzat izango dira. Horrez gain, “arreta berezia eskainiko zaie ahulenei; hots, emakumeei, haurrei eta nerabeei”.
Bizikidetzako diagnostikoak eta planak nahiz sentsibilizazioko ekintza puntualak aurkeztu ahal izango dira; hala nola, foroak, eztabaidak, topaketak eta ekitaldiak, baldin eta horien helburu nagusia elkar hobeto ezagutzea eta biltzeko espazioak sortzea bada. Deialditik kanpo geratzen dira eraikuntza-lanen eta/edo birgaitze-lanen gaineko proiektuak.
Diru-laguntzak ekintza-motaren arabera
Toki-erakundeei eta erakunde sozialei zuzendutako zenbatekoa aurkeztutako proiektu-motaren arabera ere zatitzen da. Erakunde sozialentzako atalean, 210.000 euro erabiliko dira kultur arteko bizikidetza hobetzeko programak finantzatzeko, esku-hartze komunitarioko ekintzen bitartez. 90.000 euro, aldiz, sentsibilizatzeko eta bizikidetza sustatzeko ekintzak finantzatzeko erabiliko dira migrazioen, babesen eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren eremuan.
Toki-erakundeen proiektuei dagokienez, 90.000 eurorekin kultur arteko bizikidetzako diagnostikoak eta jarduera-planak egitea finantzatuko da, eta 60.000 euro sentsibilizatzeko ekintza puntualak diruz laguntzeko erabiliko dira.
Urtea amaitu aurretik egin beharko dira
Proiektu bakoitzeko gehienez 40.000 euroko diru-laguntza emango da kultur arteko bizikidetza hobetzeko programetarako, erakunde sozialek antolatuta, esku-hartze komunitarioko ekintzen bitartez. Sentsibilizatzeko eta bizikidetza sustatzeko ekintza puntualen kasuan, berriz, diru-laguntza gehienez 10.000 eurokoa izango da.
Toki-erakundeei dagokienean, diagnostiko eta planentzat gehienez 15.000 euroko laguntza emango da; ekintza puntualek, aldiz, 3.000 eurora bitarteko diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte.
Jarduera guztiak Nafarroan egin beharko dira, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren irizpideekin eta aurtengo abenduaren 18a baino lehen.