Descárgate la app
Nafarroak 2021ean aterpe eta nazioarteko babeserako programak kudeatzea espero du
2020ko ekainaren 9a
Nafarroak 2021ean aterpe eta nazioarteko babeserako programak kudeatzea espero du
Nafarroako Gobernuak 2021ean zehar aterpe eta babeserako programak kudeatzeko konfiantza du. Hala nabarmendu du gaur Patricia Ruiz de Iríziarrek, Migrazio Politiketako zuzendari orokorrak, CEAR eta Gurutze Gorriko erakundeekin izandako lan bileran. Bi erakunde horiek kudeatzen dituzte egun, Estatuarekin duten hitzarmenari esker, aipatutako bi programak.
Foru Gobernuaren xedea gestio hori Nafarroaren eskumenekoa izatea da, pertsona horientzako harrera-eredu propioa ezartzeko, Estatuak finkatzen dituen oinarrizko zerbitzuak baztertu gabe.
“Eskumen-aldaketa bat da, azken batean, nahiz eta kudeaketa besterik ez transferitu”, azaldu du Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak, Ruiz de Irízarrek. “Horregatik, eta denbora beharko bada ere, ahalik eta gehien murriztu nahi ditugu epeak, eta asmo horretan bat gatoz Migrazioetako Estatu Idazkaritzarekin”, azpimarratu du.
Kudeaketa transferitzeko aurreko prestakuntza
Transferentzia ahalik eta lasterren gauzatzea aldez aurreko prestakuntzaren bidez ere erraztu daiteke. Hori izan da astearte honetako bileraren helburua, zeinetara Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak CEAR eta Nafarroako Gurutze Gorria deitu baitituen. Gaur egun, bi erakunde horiek ematen dute aterpea eskatzen dutenentzako harrera-zerbitzua, oraindik ere Estatuak kudeatzen duena.
Gaurko bileran programak eta gaur egun duten garapena aztertu dira, eta lan-aurreikuspen bat ezarri da eredu autonomikoa ezartzeko.
Harrerako Protokolo Integralaren berrikuspena
Azpimarratzekoa da 2019-2023 Legegintzaldi Programako Akordioan ezarrita zegoela Nafarroan errefuxiatuei harrera egiteko Protokolo Integrala (2018koa) ebaluatzeko aukera. Protokoloaren berrikuste hori “aurten eginen da, protokoloa landu zuen talde motorrarekin batera, zeinarekin aste honetan bertan bilera eginen baitugu”, nabarmendu du Ruiz de Irízarrek.
Plana ebaluatzeko lanak Estatuarekin aldebiko kudeaketa garatzen den bitartean eginen dira. Hala, “kudeaketa transferitzen denean martxan jarriko diren mekanismo guztien antolaketan aurrera eginen da, lehenbailehen gestioa egiten hasi ahal izateko”, adierazi du Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak.