Descárgate la app
Nafarroako I+G+b sistema suspertzeko talka-plan bat lantzen ari da Gobernua
2020ko ekainaren 2a
Nafarroako I+G+b sistema suspertzeko talka-plan bat lantzen ari da Gobernua
Nafarroako Gobernua, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, COVID19ri aurre egiten eta krisiaren ondorioak arintzen lagunduko duen talka-plan bat lantzen ari da.
Nafarroako Gobernua, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, COVID19ri aurre egiten eta krisiaren ondorioak arintzen lagunduko duen talka-plan bat lantzen ari da.
Ildo horretan, doktorego industrialen deialdiak eta zentroen I+G proiektu kolaboratzaileen laguntzak lehenetsiko ditu Departamentuak, langile kualifikatuak kontratatzea sustatzeko eta Nafarroako I+G+b Sistemako eragileentzat garrantzizkoak diren proiektuen finantzaketa ziurtatzeko helburuarekin.
Horrela azaldu du gaur goizean prentsaurrekoan Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak.
Doktorego industrialak
"Doktorego industrialak 2020" doktoregaiak kontratatzeko laguntzen helburua da doktoretza lortzeko prestatzen ari diren ikertzaileak kontratatzea nahiz enpresen, ikerketa-zentroen eta zentro teknologikoen lehiakortasuna hobetzea, kontrataturiko langileek garatutako ikerketaren bitartez.
Beraz, deialdia ETE edo enpresa handiei, ikerketa-zentroei eta zentro teknologikoei zuzenduta dago, ikerketa-proiektua garatuko duen doktoregaia kontratatzeko. Lan hori Unibertsitate batekin elkarlanean egingo du, eta doktorego-tesia horretan oinarrituko da, erakunde kontratugilearentzat ere interesgarria izango dena.
Eskaerak aurkezteko epea etenda zegoen alarma-egoeran, baina jada ireki da. Eskaera-inprimakiak eskura daitezke laguntzaren fitxan, erakunde interesatuek bete ditzaten.
Lehen aldiz, laguntza ez da minimis erregimenean emango; hots, eskaera egiten duten enpresei jaso beharreko laguntzen 200.000 euro gehienez mugatzen diena (3 urte). Modu horretan, edozein erakundek 90.000 eurora bitarteko laguntza eska dezake, urtean gehienez 30.000 euro, doktoregaiak hartzeko, eta zenbateko horiek batu ahal izango zaizkie enpresek eska ditzaketen beste diru-laguntzei. Laguntza gehigarria emango da baldin eta erakunde onuradunak ikerketa-emaitzak zabaltzen baditu, eta laguntza handiagoa izango da onuradunak doktoregai emakumeak kontratatuz gero.
Deialdia aurkezteko eta erakunde interesatuen zalantzak argitzeko, Berrikuntzako zuzendari nagusia den Agurtzane Martinezek webinar bat egingo du datorren ostiralean, ekainaren 5ean, 10:00etan.
Zentroetako I+G proiektu kolaboratiboentzako laguntzen 2020ko deialdia
Zentroetako I+G proiektu kolaboratiboentzako 2020ko laguntzen bidez, horien bikaintasun-maila handiagoa lortu nahi da, finkatzea erraztuaz eta Nafarroako enpresei ematen dieten zerbitzua hobetuaz, haien arteko eta enpresekiko lankidetza ere indartuta.
Nafarroako I+G+b Sistemako eragileen eskaera kontuan hartuta, proiektuak gehienez 3 urtekoak izango dira, deialdiaren aurreko edizioetako 12 hilabeteren ordez. Kasu horretan, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, zentro teknologikoak eta Nafarroako I+G+b Sistemako eragileen koordinatzailearen irudia izango dira onuradunak.
Lehendik jorratzen ari zen zerbait bazen ere, deialdia funtsezkotzat jotzen da Nafarroa berreskuratzeko; izan ere, zentroentzat garrantzi handiko proiektuak diseinatzea ziurtatzen du hiru urteko denboraldian, Foru Komunitatearentzat inpaktu esanguratsuagoarekin.
Bestelako neurriak
Horrez gain, aste honetan esleituko dira unibertsitate-tituludunak edo Lanbide Heziketako Goi Mailakoak kontratatzeko laguntzak, ikerketa eta teknologiako langile gisa Nafarroako erakunde ezberdinek garatutako I+G+b proiektuetan.
Departamentu honen mende, langileak biltzen ari dira Nasertic-eko Sekuentziatzio Genomikoaren Laborategirako. Ekintza hori Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuaren Estrategiaren barruan kokatzen da, eta Nafarroan azken belaunaldiko ekipoak eta langile zientifikoak eta bioinformatikoak dituen lehen laborategia ezarrita amaituko da, genomak sekuentziatzeko, osasun publikoarekin batera koordinatutako jardueran.
Halaber, pasa den astean esleitu ziren hamaika ikertzaile gazte prestatzeko laguntzak, doktoreen prestakuntza sustatzeko helburua dutenak.
Era berean, Ekipamenduen deialdia aldatzen ari da, ikerketako azpiegiturak egungo egoerara egokitzeko, covid ondorengo arora ekipazioa sartu ahal izate aldera.
Hori guztia batu zaio Nafarroako COVI+G Funtsaren deialdiari; horren bitartez, talde nafarrek gidatutako 8 proiektu finantzatu dira. Proiektu horiek nahiz eta Carlos III.a Osasun Institutuaren balorazio positiboa jaso estatuko deialdiaren esparruan, ezin izan dute berehala erakunde horren finantzaketarik jaso. Deialdi horretako funtsen kargura, taldeek ikertzaileak ere kontratatu ahal izango dituzte.