COVID-19k Nafarroako adinekoen egoitzetan duen eragina inguruko biztanle guztien artean erregistratutakoaren antzekoa da
COVID-19k Nafarroako adinekoen egoitzetan duen eragina bat dator zentroak dauden eremuetako gainerako biztanleekin. Hala ondorioztatzen da Eskubide Sozialetako Departamentuaren mendeko Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako txosten batetik, COVID-19k Komunitateko adinekoen egoitzetan duen eraginari buruzkoa.
COVID-19k Nafarroako adinekoen egoitzetan duen eragina bat dator zentroak dauden eremuetako gainerako biztanleekin. Hala ondorioztatzen da Eskubide Sozialetako Departamentuaren mendeko Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako txosten batetik, COVID-19k Komunitateko adinekoen egoitzetan duen eraginari buruzkoa.
Txostena gaur goizean aurkeztu dute Eskubide Sozialetako kontseilaria den Mª Carmen Maeztuk Rafael Sanchez Ostizekin, Erakunde Asistentzialen Nafarroako Elkarteko (AENA) ordezkariarekin, eta Eduardo Mateorekin, LARESko ordezkariarekin, eskainitako prentsaurrekoan. Bi elkarte horiek Nafarroako egoitza-sektoreko gehiengoa hartzen dute; hau da, guztira 64 zentro.
Ildo horretan, biztanlerian kasu positiboen eraginik handiena Iruñean, Tafallan eta Tuteran eta Ipar-ekialdeko Zonan izan da. Bat dator egoitzetako eragin handienarekin, nahiz eta kasu horretan Tafalla Iruñaren aurretik eta Ipar-ekialdeko Zona Tuteraren aurretik egon. Heriotza-tasari dagokionean, zonarik zigortuena Tafalla izan da, COVID-19a bidezko heriotzen %12arekin egoiliarren artean; jarraian, Iruña eta Iruñerria daude, %9,5arekin, eta, gero, Tutera eta Ipar-ekialdeko Zona. Aldiz, Lizarra eta Ipar-mendebaldeko Zona eragin gutxieneko zonak izan dira biztanleriarengan oro har eta baita egoitza-zentroetan ere.
Adinekoen egoitzetako datuak hobetzen doaz egunez egun, gaixotasunaren gailurrean baino %90 kasu gutxiagorekin. Alta epidemologikoak 900 pertsonatik gorakoak dira dagoeneko, eta soilik 7 positibo daude ospitaleratuta; beste 89, berriz, egoitzetan bertan artatzen ari dira. Pasa den ostegunean, azken 4 pertsona atera ziren Fiteroko Bainuetxetik; beraz, jada ez dago adinekorik prestatutako bitarteko baliabideetan, eta dauden zentroen %72tan (71tik 51) ez dago kasurik.
Zentroen tamaina
Behatokiaren txostenean, ondorio horrez gain, esan daiteke ezin dela korrelazio garbirik ezarri zentroen tamainaren eta pandemiaren eraginaren artean. Gainera, tamaina ertaineko zentroek txikienek baino kasu gutxiago izan dituzte. Horrez gain, egoitza handien taldearen barnean, 175 plazatik gorakoek 100 eta 175 plaza artekoetan kokatutakoek baino portzentaje txikiagoa izan dute.
Horrela berresten dute datuek. Denbora horretan, 175 plazatik gorako zentroetan bizi ziren pertsonen %9,4 hil egin da, eta 100 eta 175 plaza arteko zentroetan zenbatekoa %10,2koa izan da; egoitza txikiagoetan, aldiz, 50 plazatik beherako zentroetan %5,3 hil dira eta %3,6 50 eta 99 arteko plazak dituzten zentroetan. Gauza bera baiezta daiteke kutsatze-kasuen inguruan ere.
COVID-19aren erradiografia adinekoen egoitzetan
Txostenean, halaber, pandemiak maiatzaren 15era bitarte izandako bilakaeraren argazkia agertzen da. Egun horretara bitarte, 1.266 positibo egon dira, Nafarroan guztira dauden 5.835 plazaren %21,7. Dena den, egun, positibo kopurua 96ra jaitsi da, eta horietatik soilik 7 daude ospitaleratuta; beraz, %90eko jaitsiera gertatu da pandemiak gailur altuena izan zuenetik (apirilak 13). Aldi berean, alta epidemiologikoak ere gehitu egin dira azken asteetan; hots, une honetan 901 pertsona zenbatu daitezke.
Bestalde, maiatzaren 15era bitarte hildako pertsonen artean, 260 berretsi dira eta beste 163 berretsi gabeko sintoma bateragarriekin izan dira. Horiei azken 15egunetan hildako beste 12 batu behar zaizkie.
Talde profesionalei dagokienean, COVID-19ak eragindako bajak plantillaren %24,1era iritsi dira, 3.073 pertsonatik 740; 1.191 lagunek Iruñeko eta Iruñerriko zentroetan egiten dute lan. Azken asteetan, bajan dauden pertsonen kopurua nabarmen jaitsi da, eta egun 120 daude; hau da, plantilla osoaren ia %4a.
Ikuskapena
Gaur aurkeztutako txostena Eskubide Sozialetako Departamentuak pandemian zehar egindako guztiaren ikuskapenaren lehen hurbilketa bat da. “Ikuskaritza honek –adierazi du kontseilariak- aukera emango du adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzen egoera, COVID-19aren krisian zehar egin dituzten jarduerak eta intzidentzia handiagoa edo txikiagoa eragin duten baldintzak zehatz-mehatz ezagutzeko. Halaber, kategorizazioa identifikatuko du arrisku-mailaren arabera”.
Ikuskaritzak emandako datuak aintzat hartuta, hobetzeko proposamenak eta gomendioak egingo dira. Era berean, alerta goiztiarrak zehaztu ahal izateaz gain, etorkizunean antzeko krisien efektuak arintzeko aplikatu beharreko hobekuntzak proposatuko dira.
“Gure arrakasta eta porrotetatik ikasi behar dugu, halabeharrez gertatuko den hurrengo pandemiarako hobeto prestatuta egoteko. Hori hildakoak ondratzeko modua ere izango da”, amaitu du Maeztu kontseilariak. Modu berean, eskerrak eman dizkie egoitzetako profesionalei azken hilabeteetako “inplikazioarengatik, konpromisoarengatik, sentsibilitatearengatik eta egin duten lanarengatik gure adinekoak ondo egoten ahalegintzeko, baldintza hain konplexuetan, eta zentroetan COVID-19a kontrolatzeko eta lehengoratzeko egindako ahalegin guztiarengatik”.
Kontseilariak eta sektoreko ordezkariek konfiantza-mezua ere helarazi nahi izan dute, zentroetan gertatutakoa jardunbide txarrarekin lotzen duen ideia okerraren aurrean; horrela, adinekoak zaintzeaz arduratzen diren pertsonen profesionaltasuna defendatu du, zentroen funtzionamendu egokia ziurtatzeko administrazio publikoak duen paperaz gain. “Etengabe harremanetan egon gara erakunde eta zentroekin, modu koordinatuan egin dugu lan, eta testuinguruaren arabera beharrezko erabakiak hartu ditugu elkarrekin. Ez da beti erraza izan, orientatzeko aurrekaririk ez edukitzeagatik. Baina, nire ustez, une bakoitzean egokiena egin dugu”, adierazi du.
Konfiantza sektorearengan
Ildo horretan, kontseilaria eta egoitza-sektorea ordezkatzen duten erakundeak kezkatuta agertu dira sektorearen irudiak izan zezakeen narriadurarengatik eta egoitza batzuen estigmatizazio-arriskuarengatik, baina argi utzi dute irudi negatibo hori ez datorrela bat inola ere errealitatearekin.
“Zentro eta profesionalekiko konfiantza-mezua helarazi nahi dugu eta lasaitasun-mezua herritarrentzat. Nafarroan gertatutakoa ez da ohiz kanpokoa, beste hiri eta herrialde askotan ere gertatu baita. Gogoratu mundu-mailako pandemiaren aurrean gaudela”, adierazi du Maeztuk.
Bestalde, Rafael Sánchez Ostizek, ANEAren ordezkari gisa (ANEAk Nafarroako egoitza-plazen %50 inguru biltzen du), esker hitzak eskaini dizkie egoiliarrei eta haien familiei: “Erresilientzia erakutsi dute gaixotasuna gerarazteko ezarri behar izan diren neurri zorrotzen aurrean. Halaber, langileen dedikazioa eta ahalegin pertsonala azpimarratu ditu, “eska daitekeenaren gainetik, ezohiko egoera honetan artatutako pertsonei ahalik eta bizi-kalitate onena emateko”. “Zentro bakar batek ere ez ditu giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak eskatu adinekoen egoitzekin grinatu den osasun-krisiari aurre egiteko. Eskubide Sozialetako Departamentuarekiko komunikazioa eta koordinazioa etengabea izan da”, amaitu du.
LARES elkarteak 37 egoitza ditu Foru Komunitateko puntu ezberdinetan, eta Eduardo Mateo ordezkariak honela esan du: “ez dago garbi birusaren portaera zergatik izan den desberdina egoitza-zentroetan”. “Gure zentroetan lan egiteko sistemak antzeko patroiak jarraitzen ditu. Denak murgilduta daude pertsonarengan oinarritutako zaintza-eredua ezartzen, Nafarroako Gobernuak ezarritako langile-ratioak aplikatzen dituzte, langileak kualifikatzeko eta prestatzeko proiektu berdinak dituzte, baina kutsaduraren eragina desberdina izan da. Gauza bera esan dezakegu zentroen tamainari dagokionean”, adierazi du, txostenaren ondorioekin bat etorriz. “Hala ere, elementu komun bat eduki dugu; hau da, lan-eredua, gizatasunetik, maitasunetik eta etengabeko komunikaziotik jorratua. Entzutea, errutina eta ohitura osasungarriak izatea eta nolabaiteko normaltasuna ezinbestekoak izan dira”, adierazi du.
Alde guztien iritziz, lanean eta sektorea sortzen jarraitu behar da. Bestalde, errekonozimendu, oroitzapen eta maitasun hitzak eskaini dizkiete hil diren pertsona guztiei eta haien familiei.
2037. urtean, Nafarroako biztanleriaren %25a 65 urtetik gorakoa izango da
Errealitate Sozialaren Behatokiaren txostenean beste datu batzuk ere ikertzen dira; hau da, foru-lurraldean biztanleriaren zahartze-egoera islatzen dutenak. Azken hamarkadan, Nafarroan biztanleriaren zahartzea 2,2 puntu igo da eta horrela jarraituko du INEk biztanleriaren proiekzioen inguruan egindako azterketen arabera, 2037an Nafarroako biztanleen %25a 65 urtetik gorakoa izango baita.
Halaber, gain-zahartzearen fenomenoa areagotuko da (80 urtera iristen diren pertsonak, 65 urte dituztenekin alderatuta). Gain-zahartzearen indizea 2010. urtean %31,9koa zen Nafarroan eta 2019an %32,2ra iritsi da, Espainiako batez bestekoaren (%31,6) gainetik.
2037. urtean, 70.000 pertsona inguruk 80 urte baino gehiago izango dituzte, eta 750 bat ehun urtetik gorakoak izango dira Nafarroan.
Fenomeno hori kontuan izan behar da politika publikoen plangintzan eta ezarpenean, ondorio sozio-ekonomiko eta kultural garrantzitsuengatik. Halaber, gauza bera gertatzen da mendekotasunaren arretan. Departamentuak hilero web gunean argitaratzen dituen datuen arabera, 2019ko abenduan 80 eta 94 urte arteko adin-tartea Nafarroako mendeko biztanleria osoaren %54,5ekoa da.