2020ko maiatzaren 28a

Gobernuak 60.000 euro bideratu ditu lorautseztapeneko nekazaritza- eta ingurumen-laguntzetara

Erlauntz bakoitzeko urteko prima 12 eurotakoa izanen da, 15 eurotakoa ekoizpen ekologikoan

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapenerako eta Ingurumeneko Departamentuaren bitartez, guztira 60.000 euro bideratu ditu polinizaziorako nekazaritza- eta ingurumen-laguntzetarako. Erlauntz bakoitzeko urteko prima 12 eurotakoa izanen da, 15 eurotakoa ekoizpen ekologikoan. 

Deialdiaren ezaugarri guztiak gaur, osteguna, maiatzak 28, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako Ignacio Gil, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpenean jaso dira.

Deialdi honen helburua da erlezaintzaren jarduerak maila egokia izan dezan mantentzea; izan ere, biodibertsitatea zaintzeko ondorio on eta garrantzitsuak ditu, batez ere, erleek egiten duten polinizazioak.

Laguntza hauek minimis araubidearen mende daude eta, 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarrita. Prima jasotzeko eskubidea duten erlauntz kopurua, gehienez ere, 500ekoa izanen da eskatzaile bakoitzeko. Gainera, edozein onuraduni gehienez ere 20.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan. Informazio gehiago izapide fitxan eskura daiteke.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin bat etorriz, espedientea hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoa den prozedura delako. 

Erlezaintza eta biodibertsitatea

Erlezaintza ingurumenean eragin onak dituen nekazaritza jarduera da; izan ere, erleek egiten duten lan polinizatzailea ezinbestekoa da bertako landaredian espezieak behar bezala mantentzeko.

Halaber, tokian-tokiko naturan egiten den polinizazio efektuak eragina du orokorrean ingurumenean eta, batez ere, nekazaritzako ekoizpenean.

Zentzu horretan, nabarmentzekoa da erlezaintzaren jardueraren desagertzeak zein gutxitzeak Nafarroako hainbat tokitako biodibertsitatearen mantenua egokia izateko eragin dezakeen arriskua.