Gobernuak baimena eman dio NUPeri datorren ikasturtean Enologia Berritzaileko Unibertsitate arteko Masterra ezartzeko

Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean eginen da, 2010-2011 ikasturtetik ematen baitu
2020ko maiatzaren 27a

Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, akordio bat onetsi du zeinaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) baimena ematen dio datorren ikasturtean, Enologia Berritzaileko Unibertsitate arteko Masterra ezartzeko. Espezializazio akademiko hori, 2010-11 ikasturtetik ematen duen   Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan irakatsiko dute. Horrela, orain arte Foru Komunitatean ez dagoen unibertsitate-adarra eskainiko da.

NUPek instalazioak, planta pilotuak eta finka esperimentalak eta material enologikoa jarriko ditu prestakuntza berri honetarako, eta, horrela, zati bat praktikoagoa izateko aukera emango du.

Masterrak enologoaren profil profesionalaren ikuspegi eguneratua ematen du, upeltegiko jardueren koordinatzaile bezala duen egitekoa bereziki baloratuaz. Diziplina arteko ikuspegi hori medio, masterra interesgarria izan daiteke aurretik kualifikazio oso ezberdinak dituzten ikasleentzat, eta ez bereziki nekazaritzarekin loturikoak.

2 urteko iraupenarekin eta 60 ECTS krediturekin, unibertsitate bakoitzak bere espedienteak eta tituluak kudeatuko ditu eta 15 ikasle onartu ikasturte bakoitzeko. NUPen, Nekazaritza Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Eskola Teknikoan emango da; bertan, ikasgelez, mintegiez eta laborategiez gain, negutegiak eta 2 hektareako mahastiak daude.

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea oso dinamikoa izaten ari da azken aldian. Herrialde ekoizle berrietako ardoak agertzeak, mahastizaintzako teknika berriek eta merkaturatzeko eta marketingerako estrategia berritzaileek zalantzan jartzen ari dira eremu ekoizleek eta markek historikoki lortu duten estatusa. Hori dela-eta, beharrezkoa da goi mailako profesional espezializatuak edukitzea, ardoaren ekoizpenaren eta upeltegien kudeaketa komertzialaren negozio-arlo ezberdinen gainean ikuspegi integrala dutenak.