2020ko maiatzaren 25a

Euroeskualdeak 500.000 euro bideratuko ditu kultura, hezkuntza, gazteria, kirola eta eleaniztasuna lantzen dituzten proiektuetarako

Elkarteek, erakundeek, erakunde pribatuek edo autonomoek uztailaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak
camera_alt Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak kultura, hezkuntza, gazteria, kirola eta eleaniztasuna arloetako ekimenetarako aurtengo proiektuen lehen deialdia onartu du. Deialdia elkarte, entitate, erakunde pribatu edo autonomoei zuzenduta dago, eta 2020ko uztailaren 24ko 12: 00ak arte dago zabalik. Eskabideak bide telematikoz aurkez daitezke esteka honetan.

“Euroeskualdeko herritarrak” izeneko deialdiaren helburua da hiru lurraldetako aktore publiko eta pribatuen arteko lankidetza bultzatzea 2014-2020 Plan Estrategikoko funtsezko sektoreak garatzeko eta dinamizatzeko. Deialdiak euskarri ekonomikoa ematen du lankidetza-ekintzak sustatzeko Nouvelle-Aquitaine, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea Eskualdean kokatutako bazkideen artean.

COVID-19aren osasun-krisiak eragindako egungo egoera ikusita, “Euroeskualdeko herritarrak” Proiektuen deialdia maiatzaren 21era arte atzeratu da, martxoan egitea aurreikusita bazegoen ere. Modu horretan, deialdian zenbait aldaketa egin dira mugaz haraindiko normaltasuna berrezartzeko eta denboraldi horretan muga ixteak izandako inpaktua murrizteko helburuarekin: hautatzeko irizpideak malgutu egin dira, aurrekontua 50.000 € gehitu da, eta konfinamendua zabaldu egin da. Besteak beste, pertsona fisikoek (ekintzaileek eta mikroenpresek) baimena dute proiektuko bazkideak izateko, ekintzen zati bat edo guztiak online ekintza bilaka daitezke, proiektua kudeatzeko gastuak kontuan har daitezke eta justifikatzeko agiriak modu desmaterializatuan aurkeztuko dira.

Lehentasunak

Deialdi honetako lehentasunak honela banatzen dira: Kultura - sormena babestea; Hezkuntza, Gazteria eta Herritarrak; Kirola eta Eleaniztasuna. Lehen blokearen asmoa da sortzaile profesionalak gehitzea sektore eta jarduera ezberdinak indartzeko, proiektu berritzaileak sortzea (teknologiarekin lotutakoak ala ez) sormena bultzatzen duten baldintzak sortuaz, eta biztanleen artean kultura eta sormenarekiko interes handiagoa eta jarrera harbera positiboa sustatzea.

Hezkuntzaren blokean, deialdiaren xedea da Euroeskualdeko gazteek elkar ezagutzeko eta elkarreragiteko aukera izatea. Kirolaren blokean, berriz, kirola Euroeskualdeko herritarrei laguntzeko elementu gisa hartzen da. Eta, azkenik, Eleaniztasunaren blokean, hizkuntzaren bidez konektatutako herritarrak lortu nahi dira, elkar komunikatu eta ezagutu ahal izateko, Euroeskualdeko hizkuntzak jakitea sustatze aldera (euskara – gaztelera – frantsesa – okzitaniera).