2020ko maiatzaren 25a

Astelehen honetatik aurrera, posible da desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetara bisitak egitea

Adinekoen zentroetan, salbuespenezko kasuetan, bisitak mantenduko dira, eta egoitzen ingurunetik kontaktu bisuala erraztuko da.

Deseskalatzearen II. fasean, Nafarroako Gobernuko Osasun eta Eskubide Sozialetako  departamentuek, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN-NOPLOI) irizpide teknikoa kontuan hartuta, prozedura bat adostu dute, astelehenetik aurrera, gainbegiratutako zein tutoretzapeko etxebizitzetan eta egoitza-zentroetan bizi diren desgaituei bisitak egiteko.

Betiere bisitak egin ahal izango dira COVID-19aren kasu berretsirik edo berrogeialdian dauden egoiliarrik ez badago, azken horiek sintomak izan dituen edo gaixotasun hori diagnostikatu zaion pertsonaren batekin harreman estuan egoteagatik. Bisitak egiteko, aldez aurretiko hitzordua hartu beharko da.

Adinekoen egoitzetara bisitak egiteari dagokionean, salbuespenezko kasuetan baimentzen jarraituko da; hala nola, bizitzaren amaiera, egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboa arintzea edo pertsonaren egoera psikoafektiboaren narriadura larriko egoeretan, egoitzako teknikarien irizpidearen arabera.

Halaber, sarrera baimendu gabe, familiei egoitzara joaten utzi ahal izango zaie egoiliarrekin kontaktu bisuala edo ahozkoa egin ahal izateko. Kasu horretan, nahitaez bete beharko dira mugikortasun eta distantziamendu fisikoaren gaineko araudiak, langile eta egoiliarrekikoak nahiz gainerako familiekikoak. Horretarako, egoitzek aldez aurretiko ziten sistema ezarriko dute, jende-pilaketak saihestearren.

Hemendik datorren astera egoera epidemiologikoaren bilakaera nolakoa den ikusita, ekainaren 1etik aurrera, adinekoen zentroetan bisitak egin ahal izateko aukera aztertuko da, kutsatzeko arriskua gutxiagotzeko eta egoiliarren, senitartekoen eta zaintzaileen segurtasuna zaintzeko egokitzat jotako baldintzak beteaz.

Bisita guztiak adostutako prozeduraren arabera egin ahal izango dira eta arrisku-mailara egokitutako babes-ekipamenduekin, senitartekoei zein egoiliarrei dagokienez.

Desgaitasuna duten pertsonen zentroak: komunikazio-bide alternatiboak eta higiene eta distantziamendu neurriak bete beharko dira

Bisiten protokoloan hainbat prebentzio-neurri ezartzen dira bisitak irauten duen bitarterako nahiz ondorenerako; hala nola, eskuak desinfektatzea eta tenperatura hartzea, bisitariek zein egoiliarrek maskara kirurgikoa nahitaez erabiltzea edota bi metroko segurtasun-tartea errespetatzea, kontaktu fisikorik izan gabe.

Beste gomendioen artean, pertsonari zuzenean etxetik etortzeko eskatzen zaio, jende asko dabilen beste lekuetatik etortzen bada, kutsatzeko arriskua handiagoa izateagatik.

Era berean, bisitak erregistratzeko sistema ezarriko da, eta espazio espezifikoak prestatuko dira bisitak egiteko, sartzeko eta irteteko argi eta garbi adierazitako zirkuituekin.

Prebentzio-neurriei eustea posible ikusten den kasuetan, familiei bisita egiten utziko zaie zentrotik kanpoko espazioetan (egoiliarrekin paseatzea), gehienez ere kilometro bateko distantziarekin eta denbora jakin batekin.

Zentroek ordutegiak egokituko dituzte ahalik eta bisita gehien egiteko; beraz, beste jarduera batzuetarako erabiltzen diren irizpide berberak aplikatuta, bisitak ez dira ordutegi-tarte batzuen mende egongo. Bisitak 30 minutu eta ordubete artekoak izango dira, egoiliarren kopuruaren eta zentroaren antolakuntza-gaitasunaren arabera. Gainera, bisita bakoitzeko pertsona bakarra baimenduko da.

Desgaitasuna duten pertsonen zentroetan egoiliarrak gaurtik aurrera bisitatzen edota laster adinekoak bisitatzen hasten badira, bisita horiek konfinamenduan zehar komunikatzeko erabilitako beste bideen (deiak, bideodeiak, gutunak, besteak beste) osagarriak izango dira, familiarekiko kontaktuan egoteko eta une honetan beharrezkoak diren murrizketak konpentsatzeko.

Bestalde, egoiliarrekin kontaktuan egoteak esan nahi du kutsatzeko arrisku gehiago dagoela; hortaz, ezinbestekoa da neurri higienikoak zorrotz betetzea eta agerraldi bat agertzeko aukeraren aurrean kontingentzia-plana ezartzea. Zentroek jada badute plan hori, eta, horren arabera, isolatzeko unitate espezifikoa izango dute, plaza-kopuruaren eta espazio fisikoen ezaugarrien arabera dimentsionatua.