2020ko maiatzaren 21a

Zohikaztegien papera azpimarratu du Nafarroak Natura 2000 Sarearen Europako Egunean, planetako sare ekologiko handiena

Klima-aldaketaren testuinguruan, ekosistema garrantzitsu horiek lurreko karbonoaren% 30 biltegiratzen dute.
Belateko zohikaztegia
camera_alt Belateko zohikaztegia  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Natura 2000 Sarearen Europako Egunaren edizio berri batean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bereziki azpimarratzen du ingurune zohikaztegien eginkizuna, lurreko karbonoaren % 30 biltegiratzen duten funtsezko ekosistema gisa. Hori, CO2 hustubide gisa egiten duten lana dela eta, garrantzi berezia du klima-aldaketaren testuinguruan.

Gaur, maiatzak 21, Natura 2000 Sarearen  eguna da; hau da, Europar Batasunean biodibertsitatea kontserbatzeko eremuen sarearena, Europan mehatxatuenak diren espezieak eta habitatak babesteko, eta, aldi berean, planetako sare ekologiko handienaren eguna. Nafarroako lurraldearen %27a sarean sartuta dago, eta 281 hektarea eta balio ekologiko garrantzitsuko 40 espazio natural baino gehiago ditu.

Habitat Zuzentarauaren arabera ezarritako Kontserbazio Bereziko Eremuek (KBE) eta Hegaztiak Zuzentarauaren arabera Hegaztientzat izendatutako Babes Bereziko Eremuek (HBBE) osatzen dute. Sarearen helburua da Europan espezien eta habitat moten biziraupena ziurtatzea epe luzera, biodibertsitatearen galera gerarazten lagunduaz.

Natura Sarekoa izanik, biodibertsitatea babesteko eta kontserbatzeko ekintzen artean, aurten LIFE Tremedal proiektuaren (2012-2020) lana nabarmendu behar da; bertan Departamentuak eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoak (GAN-NIK) parte hartzen dute, eta proiektuaren helburua da Nafarroako lurraldeko zohikaztegi eta zohikatz ingurune garrantzitsuenak kontserbatzea eta berritzea.

Zohikaztegiak, funtsezkoak biodibertsitaterako eta paleoingurumeneko informaziorako

Zohikaztegiak putzuz betetako lurzoruak dituzten lur-eremuak dira, tenperatura baxua izan ohi dute eta ur azidoak eta elikagai gutxikoak; ondorioz, baldintza ekologiko oso bereziak izateagatik, materia organikoa deskonposatzeko prozesuak mugatuak dira, eta, beraz, zohikatz eran pilatzen da. Baldintza horiek berak espezientzat mugatzaileak direnez, zenbait landare eta animalia bereziki egokituta aurkitzen dira eta batzuetan babestutako espezieak; hori dela-eta, biodibertsitatea kontserbatzeko garrantzi berezikotzat jotzen dira.

Zohikaztegietako biltegi organikoetan, kontserbazio-egoera onean dauden landare-hondakin fosilen kontzentrazio handiak aurkitzen dira; hortaz, inguru horietako landarediari, klimari eta paisaiari buruzko paleoingurumen azterketak egiteko informazio-iturri nagusietariko bat da duela milaka urtetik hona. Sedimentu fosil horien azterketa erreminta nagusietako bat izatera iritsi da landaredia berreraikitzeko glaziazio kuaternarioetatik gaur egunera arte.

Zohikaztegien azalerarik handiena Europako eta Amerikako iparraldean aurkitzen da, lurraldeko eremu zabaletan. Hego aldera, gero eta gutxiago daude baina, tamaina txikikoak izan arren, bertako espezien dibertsitate handia dago, iparraldeko zohikaztegiak izotzarekin estalita egon baitziren glazioazioetan zehar. Modu horretan, espezien benetako gordailuak dira, eta, beraz, garrantzitsua da horiek aztertzea eta aldaketa-klimatikoaren baldintzetan eta berotegi-efektuko gasen isurpenei dagokienean zer-nolako portaera duten ezagutzea, ezinbestekoa baita Europako kontinenteko beste zohikaztegi batzuek nola erantzun dezaketen ulertzeko.

Nafarroan, duten garrantziarengatik ondorengoak aipa daitezke: batetik, Arxuriko zohikaztegia (Ibainetako Zelai), Baztanen, kontserbazio-egoera bikainean aurkitzen dena eta Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoan jasotako loreen espezie ugari dituena; eta, bestetik,  Belateko portua, Nafarroako zohikatz biltegi garrantzitsuenetarikoa duena, ia 4 metroko sakonerarekin.

Mari Jose Iriarteren online hitzaldia LIFE Tremedal-ean

Natura 2000 Sarearen Europako Egunaren edizioa dela-eta, Mari José Iriartek LIFE Tremedal proiektuaren web gunean online aurkeztuko du alderdi horiek guztiak bilduko dituen txostena, Nafarroako zohikaztegien egoera eta balioak zehaztearekin batera. Iriarte Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria da eta Ikerbasqueko kidea, azken urteetan Nafarroan egindako paleoingurumen arloko azterketa gehienen arduraduna.

Halaber, COVID-19ak eragindako egoerak baimentzen duenean, zohikaztegi horiek bisitatu nahi dira azterketa horien aurkikuntza nagusiak in situ ezagutzeko.

Pasa den mendeko 80ko hamarkadaren amaierara bitarte, paleoklimatiko eta paleoingurumeneko azterketa gutxi zeuden Nafarroan, baina azken 30 urtetan metodo eta teknologia berriak lantzen joan dira alor horietan aurrera egin ahal izateko, ikerketa historikoak egungo ingurumenaren ezagutzekin ere lotuaz. Azken urteetan, zohikatzen biltegi organikoetan lortutako erregistroak aztertzen ari dira, eskualde-mailan informazioa eduki ahal izateko.