2020ko maiatzaren 16a

COVID-19aren hondakinak behar bezala kudeatzeko jarraibideak gogorarazi ditu Gobernuak

Erabili ondoren botatzeko prebentzio-ekipamenduak, hala nola eskularruak eta maskarak, ez dira edonon utzi behar, errefusaren edukiontzian baizik

Igandean, hilak 17, Birziklatzearen Nazioarteko Eguna izanen da; horregatik, eta COVID-19aren krisiaren deseskalatzea hasi den honetan, Nafarroako Gobernuak hondakinak era egokian kudeatzeko jarraibideak oroitarazi nahi ditu, eta herritarrei dei egiten die bereizketa-ohiturak zaintzeko eta hobetzeko, hondakinen gaikako bilketa sustatu eta errefusa gutxitzeko xedez.   

Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoak, zeinaren barruan dauden Foru Gobernua, Nafarroako Hondakinen Partzuergoa, Iruñerriko Mankomunitatea eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, behatu du alarma-egoeraren ondoriozko konfinamenduak etxebizitzetan eratzen den hondakin-kopurua handitzea eragin duela.

SND/271/2020 Aginduari jarraikiz, Bulegoak bere webgunean azaltzen du, xehe-xehe, nolakoa izan behar duen hondakinen kudeaketak COVID-19aren krisiak dirauen bitartean, eta bereziki azpimarratzen du behin erabiltzeko norberaren babeserako ekipamenduei (eskularruak, erabili ondoren botatzeko maskarak) dagokien atala. Horien kopurua biderkatu egin da, eta Bulegoak oroitarazi nahi du ez direla edonon utzi behar, eta modu egokian utzi behar direla errefusaren edukiontzian, edo, Jurramendiko Mankomunitatearen kasuan, materialen edukiontzian.

Era berean, HPEZBBk oroitarazten du koronabirusak kutsatutako pertsonak edo berrogeialdian daudenak bizi diren etxeetako hondakinak errefusaren edukiontzian utzi behar direla, edo materialenean (Jurramendiko Mankomunitatean), ondoren zabortegian deuseztatzeko.

Deseskalatze-egoera berrian, eta epe ertainean erabilera bakarreko eskularru eta maskaren erabilerak seguruenik gora eginen duela aurreikusirik, horiek ere aipaturiko edukiontzietan uzteko gomendioa egiten du HPEZBBk.

UNESCOk 2005etik ospatzen du Birziklatzearen Eguna, herritarrak kontzientziatzeko hondakinak era egokian kudeatzeak ingurumena babesteko duen garrantziaz; horretarako, aintzat hartu behar dira haiek prebenitzeko, gutxitzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko jarraibideak, Nafarroako  Hondakinen Planaren oinarria diren berberak.

Bereizketa hobetzeko eta errefusa gutxitzeko abagunea

Nafarroan, 2018ko datuen arabera, pertsona bakoitzak 1,19 kilogramo hondakin eratu zuen batez beste egunero, hau da, urteko eta pertsonako 436 kilo. Horietatik, %54 (235 kilo pertsonako) zabortegian deuseztaturiko errefusa izan zen.

Haatik, errefusaren edukiontziaren analisiek erakutsi dute hondakinen %85 (200 kilo pertsonako) era desegokian utzitakoak direla. Hondakin (baliabide) horiek aprobetxagarriak lirateke edukiontzi eta gune egokietan utziz gero. Hain zuzen ere, errefusaren edukiontzian dagoenaren %50 (117 kilo pertsonako) materia organikoa da, eta gainerako %35ean (82 kilo pertsonako) ontziak (metala, brika, plastikoa, beira), papera eta kartoia, zura, gailu elektronikoen hondakinak, ehunak eta abar daude.  

Horren haritik, HPEZBBk azpimarratu nahi du “koronabirusaren krisia abagunea izan daitekeela etxebizitzetan hondakinak bereizteko ohiturak hobetzeko,  gaikako bilketa areagotzeko eta ahalik eta errefus gutxien eratzeko”. Azkenik, nafarrei erantzukizunez eta etorkizunean pentsatuz jokatzeko eskatu die, “hori izanen baita bide bakarra birusak eraginiko krisi sanitario eta ekonomikoarekin batera ingurumen-inpaktu bat ez etortzeko, jasaten ari garen klimaren krisia are gehiago larriagotuko duena”.