Descárgate la app
Oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko Gobernuak toki-erakundeei egingo dien ekarpena 2 milioi inguru handituko da
2020ko maiatzaren 13a
Oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko Gobernuak toki-erakundeei egingo dien ekarpena 2 milioi inguru handituko da
Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, akordio bat onartu du zeinaren bidez, oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa-sistema arautzen dituen foru dekretuaren proiektu bat aintzat hartuko den. Ondoren, Nafarroako Kontseiluari igorriko diote testua, hark eman beharreko irizpena eman dezan.
Hona hemen dekretu-proiektu honen berritasun nagusiak: Foru Exekutiboak toki-erakundeei egingo dien ekarpena oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko 2 milioi euro inguru handiagoa izango da, eta egungo sistemaren (2013az geroztik indarrean dena) ordez, bidezkoagoa den beste bat jarriko da, oinarrizko gizarte-zerbitzu guztietan gutxienekoak bermatzeko eta oinarrizko zona bakoitzeko premia espezifikoak kontuan hartzeko. Lanaldiei dagokienez, berriz, 153,47ko igoera egingo da, egungo 474,78tik 628,25 egunera.
Neurri horien helburua da gizarte-zerbitzuen kalitatea eta bertara jotzen duten pertsonen arreta hobetzea. COVID-19ak eragindako krisiak agerian utzi du gizarte-zerbitzuak funtsezkoak direla herritarrentzat, adinekoak eta oro har zaurgarriak zaintzeko eta artatzeko eta elikadura edo gutxieneko diru-sarrerak bezalako oinarrizko premiei erantzuteko ezinbestekoak diren gutxieneko baliabideak bermatzeko. Modu horretan, gizarte-zerbitzuak indartzea herritarrentzako funtsezko zerbitzuak indartzea da eta COVID-19ak eragindako krisiari hobeto aurre egin ahal izatea orain eta etorkizun hurbilean.
Foru-dekretuko proiektu hau behin betiko idazteko burututako parte-hartze prozesuan zehar, adostasun handia lortu da; izan ere, Gizarte Ongizateko Nafarroako Kontseiluaren oniritzia jaso zuen, hainbat gizarte-eragileren ordezkaritzarekin, eta Toki Araubidearen Foru Batzordearena ere bai, eta hor Nafarroako Gobernua eta toki-administrazioak biltzen dira.
Arau berriak dio 2020ko urtarriletik aurrera sartuko dela indarrean; beraz, onarpen-datak ez du eragotziko finantzaketa-sistema berria 2020 urte osorako aplikatzea.
Finantzaketaren igoera
2020. urterako proposamen berriaren irizpideen arabera, oinarrizko gizarte-zerbitzuen kostua 28 milioi euro baino gehixeagokoa izango da, eta horietatik 18 milioi baino pixka bat gehiago Nafarroako Gobernuak finantzatuko ditu eta gainerakoa toki-erakundeek. Beraz, iazko urtetik hona, 2 milioi euro inguru gehitu da.
2019. urtean, oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko 14,50 milioi euro jarri zituen Nafarroako Gobernuak, eta horiei laguntzako langileen diru-laguntzei dagokien zenbatekoa gehitu behar zaie Enplegu Sozial Babestuaren Programaren eta Prebentzio, Droga eta Adikzioen Planaren urteko deialdiaren bitartez nahiz gizarteratzeko eta/edo larrialdien prozesuetarako laguntzak emateko deialdiaren bidez.
Bestalde, egungo araudiarekin, 2019an guztira 474,78 lanaldi profesional finantzatu dira. Proposamen berriak, ordea, guztira 628,25 lanaldi finantzatzen uzten du.
Finantzaketan 153,47 lanaldi gehituko dira: 108,03 jada kontratatuak dira, eta horien kostua orain arte toki-erakundeek hartzen dute beren gain; eta toki-erakundeek kontratazio berrirako behar dituzten 45,44 lanaldi, proposamenak ezarri bezala, oinarrizko talde profesionalak betetzeko.
Indarrean sartzen denetik hiru urteko epea aurreikusi da toki-erakundeek beren biztanleria-zatiari dagokion talde profesionalean ezarritako figura profesionalak izan ditzaten.
Nafarroako Gobernuaren eta toki-erakundeen arteko akordioa gauzatzeko, urte anitzeko hitzarmenak sinatuko dituzte, eta ekarpenaren zenbatekoa urtero kalkulatuko da.
Dekretu-proiektuak dakartzan hobekuntzak
Finantzaketa-sistema berriaren bidez hobetu nahi den gaietako bat da oinarrizko gizarte-zerbitzuek beren lana egiteko beharrezko talde profesionalak izatea. Aldi berean, orain arte finantzaketa-sistematik kanpo geratzen ziren eta diru-laguntzen urteko beste deialdi batzuen mende zeuden taldeen zati bat egonkortzea bermatuko da.
Dekretu-proiektuak dakarren beste berritasun bat da toki-erakunde guztiek finantzaketaren zati bat gizarte-larrialdiko egoerak estaltzeko eta/edo gizarteratze-prozesuak babesteko erabili ahal izango dutela bermatzea.
Hemendik aurrera, finantzaketa izan dezaketen kostuak hiru eremutan egituratzen dira: egiturazko kostuak, espezifikoak eta Etxez Etxeko Laguntzako Udal Zerbitzuek mendeko pertsonak artatzetik eratorritako kostuak.
Egiturazko kostuak izango dira gizarte-zerbitzuek esleituta dituzten funtzioak garatzeko beharrezkoak direnak; hala nola, oinarrizko talde profesionala, funtzionamendu-gastuak eta lurralde-sakabanaketak eragindakoak. Horretarako, biztanleria 10 zatitan geruzatzen da, eta bakoitzerako oinarrizko talde profesionala zein izango litzatekeen zehazten da.
Talde profesionalei dagokienean, gizarte-lanaren, gizarte-hezkuntzaren, administrazioko langileen eta familia-lanaren esparruko profilak bermatzearen aldeko apustua egiten da gizarte-zerbitzu guztietan, ratioa areagotuz; modu horretan, ezbairik gabe, herritarrak artatzeko kalitatea hobetuko da.
Nafarroako Gobernuak oinarrizko talde profesionalen kostuaren %50a finantzatuko du, eta portzentaje hori %80ra bitartekoa izan ahal izango da "jarduera berezikotzat" jotzen diren zonetan (5.000 biztanletik beherako oinarrizko eremuak).
Funtzionamenduaren gastuak
Funtzionamendu-gastuei erreparatuta, horien zenbatekoa oinarrizko talde profesionaleko langileen kostuaren %10aren baliokidea izango da.
Funtzionamendu-gastuak ez ezik, sakabanaketa geografikotik eratorritakoak ere Nafarroako Gobernuak finantzatuko ditu oso-osorik.
Oinarrizko zona bakoitzeko ezaugarri sozialekin eta arretarekin loturiko kostu espezifikoei dagokienean, modu ekitatiboan haztatutako zazpi adierazle hartuko dira kontuan: hiru tokiko errealitatearekin loturikoak (enplegu-eskatzaileak, 65 urteko edo hortik gorako biztanleak eta 18 urtetik beherakoak) eta lau oinarrizko gizarte-zerbitzuek artatutako biztanleriaren ingurukoak (hori medio artatutako pertsonak, mendekotasuna ofizialki aitortuta duten pertsonak, arrisku-egoeran edo babesgabetasun-egoeran artatutako adingabeak eta bermatutako errenta jasotzen duten pertsonen familia-unitateak). Kontzeptu honen finantzaketa bere gain hartuko du Nafarroako Gobernuak oso-osorik.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak finantzatuko du etxez etxeko udal arreta-zerbitzuek mendekotasuna ofizialki aitortuta duten pertsonei emandako arretaren kostu osoa, Mendekotasunaren inguruko Legeak eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuen inguruko Foru Legeak ezartzen duten moduan.