Descárgate la app
Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta
2020ko maiatzaren 13a
Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzionala onartu du datorren igandean, maiatzak 17, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta.
Gainera, maiatzaren 15etik 17ra bitartean, Carlos III.aren etorbideko Nafarroako Jauregiaren fatxadan horri buruzko bi olana egongo dira, bata gazteleraz eta bestea euskaraz.
Adierazpenean ondorengo testua agertzen da:
“Aurten 30 urte beteko dira Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Orokorrak 1990. urtean buruko gaixotasunen zerrendatik homosexualitatea atera zuenetik. Hori dela-eta, maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko du Nafarroako Gobernuak; alegia, lesbofobiaren, homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako eguna. Egun horretan, lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen aurkako edozein diskriminazio-mota borrokatzeko eta gainditzeko dugun konpromisoa berrituko dugu.
LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako 8/2017 Foru Legea onartzea aurrerapen garrantzitsua izan da gure Komunitatearentzat, baina badira erantzun beharreko erronkak, LGTBI+ pertsonek benetako berdintasuna eta berdintasun eraginkorra izan dezaten. Ildo horretan, lanean jarraitu behar da Nafarroa pertsona guztiak errespetatzen dituen lurraldea eta gizarte anitzekoa izateko eta LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten diskriminazio-modu ezberdinak errotik kentzeko.
Aitortu behar da egindako bide guztia ezingo zela egin LGTBI+ kolektiboek egindako lanik gabe; izan ere, ekarpen izugarria egin dute sexu- eta genero-aniztasuna aitortzeko eta sentsibilizatu eta zabaltzeko. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu gizarte gisa.
Egungo egoeran, inoiz baino garrantzitsuagoa da aurrera jarraitzea edozein jarrera edo portaera LGTBIfobiko ezabatzeko; horrela, deia egin nahi dugu pertsona guztiek, banaka nahiz taldean, konpromisoa har dezaten era horretako portaerak salatzeko, LGTBI+ pertsonen giza eskubideak erasotzen baitira, eta, azken finean, gure gizartea pobretzen baitute.
Ondorioz, egun honetan, Nafarroako Gobernuak LGTBI+ politikekiko konpromisoa adierazi nahi du, sexu eta genero-aniztasunaren aldeko konpromisoa eta lesbiana, gay, transexual, transgenero eta intersexualen aurkako diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkakoa”.