Descárgate la app
Foru Gobernuak "Bi metro, ideia bat" espazioa sortu du COVID-19ren deseskaladarako trantsizioan herritarren parte-hartzea sustatzeko
2020ko maiatzaren 13a
Foru Gobernuak "Bi metro, ideia bat" espazioa sortu du COVID-19ren deseskaladarako trantsizioan herritarren parte-hartzea sustatzeko
COVID-19ren deseskaladaranzko trantsizioan, foru gobernuak Nafarroako gizarte osoaren lankidetza aktiboa izan nahi du, eta, horretarako, Gobernu Irekiaren webgunean "bi metro, ideia bat" espazioa sortu du, eta asteazken honetatik aurrera zabalduko da herritarrek fase desberdinetan osasunaren, ekonomiaren edo gizartearen arloan egiten dituzten proposamen eta ekimen guztietara, besteak beste.
Nafarroako gizarteari ahotsa ematearren, Osasun Departamentuak Osasun Ministerioarekin batera kudeatu beharreko trantsizio-fasearekin loturiko ideiak Trantsiziorako Batzordeari helaraziko zaizkio. Aholku eta proposamenen organo hori sektore ezberdinetan erreferenteak diren hamabost pertsonak osatuko dute, eta deseskalatze-prozesua gidatuko duen funtsezko tresnetako bat izango da. Batzorde horren burua Nafarroako Lehendakaria, Maria Chivite, da, eta Osasun kontseilaria den Santos Indurainek eta Osasuneko zuzendari nagusia den Carlos Artundok hartzen dute parte.
Nafarroan Trantsiziorako Batzordea oinarrizko elementua da fase bakoitzean proposaturiko neurriak eta denborak aztertzeko nahiz erreferentziazko espazioetatik ekarpenak egiteko.
Gizartea deseskalatzerako trantsizio-prozesuan sartuta, Nafarroako Gobernuak herritarren parte-hartzearekiko konpromisoa indartu du, Gardentasunaren, informazio publikoa eskuratzearen eta gobernu onaren inguruko Foru Legeari jarraiki. Lege horren helburuetariko bat da, ezagutzaren bidez, herritarren parte-hartzea eta lankidetza sustatzea eta erraztea gai publikoetan.
Parte hartzeko deia
Herritarren proposamenak bideratuko dituen espazio honetan, "Bi metro, ideia bat" garatuko da, eta alde batetik, beste pertsonekin bi metrotik gorako distantzia izateko osasun-gomendioa egingo da, eta, bestetik, normaltasun berrirako trantsizioan parte-hartzearen eta partekatutako ideien balioa nabarmenduko da.
Gune honetan parte hartzeko, inprimaki erraz bat bete behar da esteka honetan, eta proposamena web gunean erregistratu eta ikusteko moduan geratuko da. Parte-hartzearen unitateak ekarpen guztiak aztertu eta Trantsiziorako Batzordera, eta, behar izanez gero, dagozkien unitateetara bidaliko ditu.
Trantsizio-etapari buruzko informazioa Gobernu Irekiaren web gunean
Gobernu Irekiaren web gunean, normaltasun berrirako trantsizio-etapari buruzko informazio guztia eskaintzen da bloke ezberdinetan multzokatuta:
Zehazki, trantsiziorako planaren atalean, plana bera, adierazleak, fase bakoitzean baimendutako eta baimendu gabeko jarduerak eta orientaziozko kronograma agertzen dira. Halaber, trantsizioan zehar emandako arauak eta jarraibideak ikus daitezke.
Era berean, fase ezberdinetan antolatutako galderak eta erantzunak jasotzen dira (gaur egun, zero fasea eta bat fasea zehazten dira). Horrez gain, Trantsiziorako Batzordeari buruzko informazioa aurki daiteke, zer den, zeintzuk diren osagaiak edota herritarrengandik jasotako ekarpenak kontuan hartzeko, besteak beste.
Azkenik, Nafarroak deseskalatze-faseetan bizi duen trantsizio-egoerari buruzko informazioa ez ezik, COVID-19aren pandemiaren bilakaera-egoerari buruzkoa ere ematen da. Azken kasu horretan, ‘Gardentasuna eta Bilakaera’ orrialde osora bideratzen da, bertan, egoera, inpaktua, araudia, hartutako neurriak eta gomendio orokorrei buruzko informazio eguneratua baitago.