2020ko maiatzaren 7a

Ia 2.000 familiek COVID-19 krisiaren baitan etxebizitzen alokairua ordaintzeko laguntzak jaso dituzte

1.708 familieei errenta ordaintzeko diru-laguntza %75era igo zaie, 181 EmanZipa eta David programetara atxiki dira, eta gainera, Nasuvisak 60 ordainketa barkatu ditu

Nafarroako Gobernuak, alarma-egoera deklaratu zenetik, alokairuko etxebizitzen parke publiko eta pribatuetako 1.951 familia maizteri erantzun die, errentak ordaintzeko hainbat laguntzekin. Emandakoen artean, 1.708 familia unitateei (familia bakoitzak batazbeste kide bat baino gehiago ditu) erregimen babestuko errentaren %75erainoko diru-laguntza ezarri zaie, EmanZipa eta David programetara atxiki dira beste 181 eta Nasuvinsak izapidetzen dituen etxebizitzen artean 60 errenta-barkamen izan dira.

Jose María Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak zuzendutako Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak pasa den martxoan alokairuzko etxebizitzak eskuragarri izateko laguntza zuzenen politika ezarri zuen COVID-19aren krisiak eragindako egoerari berehalako erantzuna eman, eta zenbait etxetan sortutako galera ekonomikoak arintzeko asmoz.

Onartutako neurrien artean, hauek nabarmentzen dira: alokairu babestuko parkeko familiei edo maizterrei ematen zaizkien diru-laguntzak handitzea, EmanZipa eta David programak zabaltzea etxebizitza librearen alokairuko errentaren zati bat ordaintzeko, eta errenta-salbuespenak edo luzamendu-salbuespenak ematea hilabete hauetan Nasuvinsak kudeatutako etxebizitza publikoetan.

Laguntza horien harira, José M. Aierdi Foru Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitza arloko arduradunak esan duenez, etxebizitza eskuratzea “herritarren eskubideen oinarrizko zutabe bat da, eta horren erantzuna are premiazkoagoa da bizi ditugun egoeretan, gure gizartean dirusarreren mailaren arabera dauden arrailak agerian uzten baitituzte, bai eta etxebizitza alokatzeko egoera bereziki ahulean dauden familiak ere”.

Diru-laguntzak eta salbuespenak

Nafarroako Gobernuak errentamenduak ordaintzeko ematen dituen diru-laguntzak errentaren %75era arte handitu dira, oro har, apiriletik aurrera eta hiru hilabetez, eta guztira 1.708 etxebizitzatara iritsi dira; ordura arte, %25 edo %50 besterik ez zuten jasotzen.

Hala, aurez diru-laguntzaren ehuneko horren onuradun ziren 1.870 familiei batuta, Foru Komunitateko alokairu babestuko parkearen guztizkoa kontabilizatzen duten 5.292 familia-unitateen bi heren —titulartasun publikoko edo pribatuko higiezinetan— aloikairu-errentaren %75eko laguntza jasotzen ari dira funts publikotik.

Hartutako beste neurri batzuen artean, gogoratu behar da Nasuvinsak apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentamenduen ordainketan erabateko salbuespenak aplikatzeko aukera ematen diela errenta-maila nahikoa izateagatik diru-laguntzarik jasotzen ez zuten familiei edo pertsonei, baina orain alarma-egoera ezarri zenetik diru-sarreren galera nabarmena dela-eta, ordainketei aurre egiteko zailtasunak dituztenei. Eskaera hori egiteko epea uztailaren 2ra arte egongo da irekita; orain arte 50 eskaera baino gehiago izapidetu dira.

EmanZipa eta David

Horrekin batera, etxebizitza librearen merkatuan alokairua sustatzeko EmanZipa eta David programek —errentaren %50 hartzen dute— 267 pertsona edo familiari eman dizkiete prestazio berriak azken bi hilabete hauetan, eta horietatik 181 (guztizkoaren ia %70) zuzenean lotuta egon dira COVID-19 krisiaren ondorioz alokairuari aurre egiteko zailtasunekin. Horrela, 152 familia David programan sartu dira eta beste 29 EmanZipan.

Bi kasuetan, Foru Gobernuak onetsitako presako araudiak David eta EmanZipa laguntza-programak ireki dizkie COVID-19 delakoaren ondorioz diru-sarreren mailan eragina izan duten pertsona guztiei, kontuan hartu gabe adina edo adingabeak beren kargura dituzten ala ez. Jasotako eskaera guztietatik% 9 bakarrik ezetsi da, baldintzak ez betetzeagatik, diru-sarreren gehieneko maila gainditzeagatik edo errentamendu kontratua ez aurkezteagatik.

Luzamenduak eskatzea

Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuak, COVID-19 delakoari aurre egiteko premiazko neurriei buruzkoak, xedatzen du alokairuko etxebizitza alokatzen duten enpresa guztiek, hala pribatuek nola publikoek, errenten ordainketan luzamenduak edo barkatzeak eskain ditzaketela krisiak jotako pertsonentzat.

Aipatutako arautegia betez, Nasuvinsak, alokairuko parke publikoan, alokairuaren ordainketa hiru hilabetez galeren kontura barkatzea erabaki du. Horrela, orain arte diru-laguntza jasotzen ez zuten eta %75eko estalduraren onura ez zuten familiek ez dute zorrik hartu beharko.

Errentatzaileei –Nasuvinsa tartean– luzamenduak edo barkatzeak eskatzeko epea hasiera batean maiatzaren 2an amaituko zela iragarri bazen ere, uztailaren 2ra arte egongo da irekita, aste honetan bertan onartu den bezala, alerta-egoera luzatu egin delako.