Descárgate la app
Nafarroako Gobernua test azkarrak egiten ari da Foruzaingoari, Su-hiltzaileei eta Babes Zibilari, hots, Barneko funtsezko langileei
2020ko maiatzaren 6a
Nafarroako Gobernua test azkarrak egiten ari da Foruzaingoari, Su-hiltzaileei eta Babes Zibilari, hots, Barneko funtsezko langileei
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Barneko Zuzendaritza Nagusiko funtsezko langileei antigorputzak antzemateko test azkarrak egiten ari direla jakin du; hain zuzen ere, jada hasita daude testak egiten, eta datozen egunetan amaituko dute.
Foru Exekutiboak funtsezko langileen babesa lehenesten jarraitzen du COVID-19aren aurkako borrokan egon daitezkeen kutsatzeak detektatzearren. Osasun-arloko profesionalei eta soziosanitarioei probak egin zaizkie, eta, orain, larrialdietako langileei egingo zaizkie. Hemendik egun batzuetara amaituko dute Foruzaingo, Su-hiltzaile eta Babes Zibileko langile guztiei test azkarrak egiten, SOS Nafarroa-112koak eta boluntarioen taldeetakoak barne.
Barneko Zuzendaritza Nagusiak, Osasun Departamentuarekin koordinatuta, funtsezko langileei test azkarrak egitea kudeatu du, talde horien barnean arrisku-taldeei lehentasuna emanaz eta langileen %100ari eginaz. Probak REFENAn horretarako prestatutako instalazioetan egiten ari dira.
Neurri horren azken helburua da kutsatzeko aukerak ahalik eta gehien gutxitzea. Orain arte, PCR proba egin zaie larrialdietako funtsezko langileei sintomak dituzten kasuetan, eta, orain, test azkarra egin zaie oro har sintomarik gabeko langile guztiei.
Orain arte, test azkarra egin zaie 1.019 foruzaini, Suhiltzaileen Zerbitzuko 343 suhiltzaileri eta 15 baso-suhiltzaileri. Foruzaingoan egindako 1.079 test azkarretatik, 15ek emaitza positiboa eman dute (kopuru osoaren %1,3). Pertsona horiei, ondoren, PCR proba egin zitzaien, eta positiboa izan zen 3 kasutan; hots, kopuru osoaren %0,27a. Barneko funtsezko langileei apirilaren 24an hasi ziren probak egiten REFENAren instalazioetan.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak, Barneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, krisi honetan zehar, ordezko ostatua eman die Foruzaingoari eta Suhiltzaileei, etxera itzuli nahi ez zuten agenteentzat, etxekoak ez kutsatzearren.
Hasiera batetik, Barneko Zuzendaritza Nagusiarentzat funtsezkoa izan da bere taldeak babesteko neurriak lantzea: Foruzaingoa, Suhiltzaileak eta Babes Zibila. Modu horretan, horien arteko kutsatze-portzentajea Estatuko baxuenetarikoa da, PCR positiboa duten kasuen tasak %1en azpikoak izanik.
Test azkarrak udaltzain, Guardia Zibil eta Polizia Nazionalarentzat
Era berean, Barneko Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) elkarlanean, Nafarroan lan egiten duten udaltzain guztiei test azkarrak egitea kudeatzen eta koordinatzen ari da; hots, gutxi gorabehera 900 pertsonako taldea osatzen dute.
Asteazken honetan hasi dira probak egiten REFENAren instalazioetan. Lehenik eta behin, probak egingo zaizkie Iruñeko Udaltzaingoko agenteei, langile gehiena dituena izateagatik (450 inguru); ondoren, eta NUKFrekin adostuta, probak udalerrietako ordena alfabetikoaren arabera egiten jarraituko da, kudeaketa ordenatua izan dadin eta ezarritako irizpideak jarrai daitezen. Erriberako zonako udaltzainen probak Tuterako Sofia Erregina Ospitalean zentralizatuko dira.
Horrez gain, Barneko Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernu Ordezkaritzarekin elkarlanean eta modu koordinatuan, Nafarroako Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko agente guztiei ere test azkarrak egiteko lanak kudeatzen eta koordinatzen ari da (2.000 agente baino gehiago). Bi polizia-kidegori probak egiten datozen egunetan hasiko dira.