Lan Osasunaren zerbitzuak obrak eta enpresak ikuskatzen ari da, COVID-19ren aurrean baldintza seguruak bermatzeko

Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak astero galdera-sorta bat osatzeko eskatu die enpresetako prebentzio-zerbitzuei, neurrien betetze-mailaren berri emateko
2020ko maiatzaren 4a

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuak (NOPLOI) Iruñerriko industrialdeetako 40 obra eta 84 enpresa bisitatu ditu dagoeneko, COVID-19ko pandemiaren aurrean hartutako segurtasun neurriak betetzen diren egiaztatzeko. Ikuskapenak datozen asteetan egiten jarraituko dute.

Ez-betetze larrien kasuan, NOPLOIk zehapenak proposatuko dizkio osasun-agintaritzari, Osasun Publikoaren Lege Orokorrean jasotako tipifikazioaren arabera (33/2011ko Legea).

Segimendua hobetzeko, eraikuntzako eta industriako enpresetako Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuei (LAPZ) obrak eta enpresak bisitatzeko eskaera ere egin die Lan Zerbitzuak. Helburua da LAPZek informazioa bildu eta pandemiaren aurrean hartutako segurtasun-neurriak betetzearen gaineko galdetegia betetzea. Modu horretan, Zerbitzuak astelehen honetatik (maiatzak 4) aurrera asteroko txosten horiek jasoko ditu egungo egoera aztertu eta neurriak betetzea eskatzearren.

Funtsezkoena plantillen osasuna zaintzea da

Sektore ekonomiko horiek apirilaren 13an itzuli ziren lanera, Espainiako Gobernuak geratzeko agindu ondoren, eta, berriro lanean haste horretan, gaur lokalekin eta establezimenduekin gertatzen den moduan, lehentasuna du plantillen osasuna zaintzeak eta produkzio-ehunari eta ehun sozialari babesa ematea inpaktua gutxitzearren. Gauza da, behin osasun-alarma amaituta, jarduera ahalik eta azkarren normalizatzea.

NOPLOIko teknikariek egindako bisitetan, Iruñerriko 40 eraikuntza-obra, AHTren zati bat eta Tutera eskualdeko obrak ikuskatzea izan da xedea. Horiez gain, Iruñerriko industria-poligonoetako 84 enpresa bisitatu dituzte. Ausaz hautatuta ez egon arren, eta, beraz, gure lurraldeko enpresen errealitatearen adierazgarri ez izan arren, NOPLOIk era horretan haztatu zituen lanera itzultzeko segurtasun-baldintzak, behaketak eginaz, dokumentuak berrikusiaz eta elkarrizketak burutuaz.

Obretan garbiketa hobetzea

Bisita horiei esker, hobe daitezkeen puntuen diagnostikoa egin ahal izan da. Industriaren sektorean, bisitatutako enpresak 50 pertsonatik beherako plantillakoak dira, eta denen artean guztira 1.500 langile dituzte. Enpresa horietan, oro har, langileen osasuna zaintzera bideratutako antolakuntza-neurriak hartu dituztela ikusi da.

Eraikuntzaren sektorean, ordea, alderdi horiek hobetu beharra dagoela antzeman da. Obretan, komun edo aldagela gehiago eta irekita eduki behar dira, makina mugikorrak eta ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko prozedura gehiago behar dira bisitatutako obra gehienetan; erabilera komuneko eremuak ere gehiago garbitu eta desinfektatu behar dira, eta norbera babesteko ekipamenduak (NBE) egokiago erabili behar dira.

Lan Osasunak hartutako urrats berri horiekin oker horiek zuzentzeaz gain, pandemia hedatzea galarazteko gizartearen ahalegina bultzatu nahi da.

Adostutako dokumentuak

Egindako bisitak eta egiteke daudenak Nafarroako prebentzio-zerbitzu guztien koordinazio exekutiboaren barruan sartzen dira (zuzendaritza eta kudeaketa), 3/2020 Foru Lege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako moduan, eta NOPLOIren Lan Osasuneko Zerbitzuari esleitzen diote lanera itzultzeko osasun-baldintzak gainbegiratzea.

Aurretik, Foru Exekutiboak, NOPLOIren Laneko Osasun Zerbitzu berari esleitu zion eraikuntza-obretan eta izaera industrialeko enpresetan lanera seguru itzultzeko laguntza eta kontrola burutzea. NOPLOIk, lehendabizi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari eta, gero, Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluko kideak diren agente enpresarialei eta sindikatuei proposatu zien plantillen prebentzio- eta babes-irizpideak jasotzen dituzten dokumentu bana.

Agente sozioekonomikoek egindako ekarpenak jaso ondoren, behin betiko dokumentuak Nafarroako jarduera ekonomikoko sektore horietako enpresa guztietara bidali ziren Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutuen bidez. Agiriak Lan Osasunaren Zerbitzuaren web orrialdean kontsulta daitezke.