2020ko maiatzaren 3a

Nafarroak hiru minutuko isilunea egin du koronabirusaren biktimen omenez

María Chivite Lehendakaria buru, elkarretaratzea egin da Nafarroako Jauregiaren aitzinean
Homenaje a las víctimas del coronavirus en Navarra  Irudi galeria

Nafarroak omenaldia eskaini die gaur eguerdian COVID-19 pandemiaren biktimei, hiru minutuko isilunea eginez. María Chivite Lehendakaria buru, elkarretaratzea egin da 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren aitzinean.  

Omenaldirako deialdia Foru Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, eta Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak egin dute elkarrekin. Halaber, erakunde horiek herritarrei dei egin diete ekimenarekin bat egiteko, leiho eta balkoietan isilik egonik.   

Chivite Lehendakariaz gain, elkarretaratzean parte hartu dute Javier Remírez eta José Mari Aierdi lehendakariordeek, eta Elma Saiz, Eduardo Santos, Santos Induráin, Ana Ollo eta Itziar Gómez kontseilariek. 

Apirilaren 29an eginiko lansaioan, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu zuen, zeinean, pandemiak eraginiko “krisi humano, sanitario, sozial eta ekonomikoko egoera honetan nafar herritarrekiko konpromisoa eta gertutasuna” adierazteaz gain, hildakoen “senide eta adiskideei, begirune handienaz, onginahia, atsekabea eta dolumina” helarazi baitzizkien.       

Adierazpenaren bitartez, krisiaren ondorioen aurka borrokan ari direnen lan “etengabe eta adoretsua” eskertu zuten, eta aitortza egin zieten herritarren ahalegin kolektiboari, gizalegezko erantzukizunari eta elkartasunari. Era berean, herritarroi dei egin zieten hiru minutuko isilunearekin bat egitera, “pandemia honen biktimak oroitu eta memorian ohore egiteko”.