2020ko apirilaren 30a

Nafarroako Gobernuak COVID-19ko krisiaren aurrean gizarte laguntza guztiak biltzen dituen bilatzailea eskaintzen du

Errealitate Sozialaren Behatokiaren webgune berrituak tresna bat eskaintzen du langabeziaren, diru-sarreren murrizketaren, etxebizitzaren edo premien eta oinarrizko horniduren arloko laguntzak zein prestazioak ezagutzeko.

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak, Errealitate Sozialaren Behatokiaren bidez, bilatzaile bat jarri du martxan, COVID-19ko krisiari aurre egiteko Nafarroan martxan jarritako laguntza zein prestazio sozialak kontsultatzeko aukera ematen duena.

Laguntzen bilatzailean, gizarte-zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloan Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak onartu dituzten prestazio ezberdinak eta araudi-aldaketak bateratzen dira, pandemiaren ondorio sozialei aurre egite aldera.

Behatokiaren web orrialdean (https://www.observatoriorealidadsocial.es/) dagoen aplikatiboaren helburua da herritarrei, gizarte-zerbitzuetako, enpleguko eta etxebizitzako profesionalei eta Nafarroako hirugarren sektoreko erakundeei Foru Komunitatean dauden laguntza eta prestazio ekonomiko guztietarako sarbidea erraztea. Bilatzailea aldizka eguneratzen joango da, eta foru nahiz estatu mailan onartzen diren laguntza berriak pixkanaka sartuko dira.

Aplikazioari esker, azkar eta erraz aurkitu daitezke langabeziaren, diru-sarreren murrizketaren, etxebizitzaren edo oinarrizko premien eta horniduren arloetan aktibatu diren laguntza, prestazio edo luzamendu guztiak. Halaber, kontsultak egiteko aukera ematen du bilaketa-iragazki ezberdinen bidez edota testu librearekin. Behin interesatzen den laguntza bilatuta, erabiltzaileak horietako bakoitzaren ezaugarri espezifikoei buruzko informazioa ikusi, inprimatu edo esportatu ahal izango du.

Web gunea soilik informazioa emateko da. Laguntzak eskatzeko eta izapidetzeko edota betekizunei, epeei edo baldintzei buruzko informazio gehigarria eskatzeko, horietako bakoitzaren organo kudeatzaileek abian jarritako kanalak erabili behar dira.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren web gunea berritzea

Aplikazioa argitaratu da Errealitate Sozialaren Behatokiak bere web orrialdea goitik behera berritzeko egindako lanaren barruan; modu horretan, berrikuntza teknologiko altua du. Web guneak gardentasunaren helburua betetzen du Eskubide Sozialeko Departamentuaren datuak argitaratu baititu, orain arte Nafarroako herritarrek ezagutzen ez zituztenak.

Web gunea berria da autonomian eta Europa mailan, Eskubide Sozialen arloan kalitatezko informazio dokumentalaren zerbitzua batzen baitu, Errealitate Sozialaren Behatokiak erabiltzen dituen adierazle eta datu ezberdinak ezagutzera ematearekin batera, ikerketa sozialerako eta erabakiak hartzeko funtsezkoak izanik. Dokumentazio Zentroa nahiz ikuspegi konparatuaren bidezko analisia eta datuen bistaratze grafikoa elkarren osagarri diren tresnak dira, eta lotura handiko helburuak dituzte. Informazio erabilgarria eman nahi die Eskubide Sozialak erabiltzen dituzten pertsonei, profesionalei, biztanleriari oro har eta horiekin zerikusia duten erakunde publiko eta pribatuei.

Web gunea bisualki optimizatuagoa da Mozilla, Chrome eta Explorer Edge nabigatzaileetarako, eta orain eduki hauek ditu:

- Gizarte Zerbitzuen, EnpleguarenEtxebizitzaren eta Demografiaren arloko Datu Bankua eta adierazleak, mapa, grafiko eta taulen bidezko bistaratze grafikoarekin. Adierazleak gaitzen dira erabiltzaile bakoitzak interesatzen zaion informazioa ateratzeko, datuak konparatzeko, bilakaera-grafikoak ikusteko eta abarretarako moduan. Berritze-lan honetan berrikuntza nagusia Demografiaren inguruko blokea da, informazioa oso bisualki ematen baitu Nafarroako biztanleriaren egituraren, migrazio-mugimenduen, proiekzio demografikoen eta abarren inguruan. Era horretan, esate baterako, biztanleriaren piramideak ad hoc sortu daitezke udalerriz udalerri, Nafarroako lurralde-mapak ezarri daitezke azaldutako errealitate demografiko ezberdinei buruzko datu absolutu edo portzentualetan dauden aldeekin, beste Autonomia Erkidegoekin aldera daitezke, e.a.

- Errealitate Sozialaren Behatokiak sortutako azterketa eta ikerketa ezberdinak honako arlo hauetan: enplegua, mendekotasuna, desgaitasuna, desberdintasuna eta gizarteratzea, haurtzaroa eta familia, inmigrazioa, adineko pertsonak eta etxebizitza. Azterketa horiek Eskubide Sozialetako Departamentuak argitaratutako gainerako dokumentaziotik bereizten dira.

- Hemeroteka bat Errealitate Sozialaren Behatokiaren albisteekin; bertan, ESBeren lanek Nafarroako eta Estatuko komunikabide nagusietan izandako oihartzuna jasotzen da. Albisteen hautaketa egunero eguneratzen da, eta albisteen testu osoetara sartzeko aukera ematen du, jabetza intelektualaren inguruan aplika daitezkeen arauak errespetatuaz.

- ‘Dokumentazio Zentroa’, Eskubide Sozialetako liburutegi birtuala, 240.000 bat erreferentzia dituena, eta gehienen kasuan testu osoa eskuratzeko aukerarekin. Sistemari esker, erreferentziak automatikoki esportatu daitezke, aurretik ezarritako bilaketa-irizpideen eta iragazkien arabera.

- Agenda; bertan, aurreikusitako jardunaldi, tailer eta ekitaldiei buruzko informazioa ez ezik (aldez aurretik izena emateko aukerarekin), Behatokiak azken urteetan egindakoei buruzko informazioa ere agertzen da (horren inguruan bildutako aurkezpen eta informazio guztiak ikus daitezke).

https://navarlan.es/es/, enplegu-aukerei eta profesionalen eskaintzaren proiekzioei eta 2030era bitarteko eskaintzaren eta eskariaren arteko balizko desorekei buruzko informazioa aurki daiteke, hedapen-eskariaren eta ordezkapen-eskariaren batuketatik ateratako enplegu-aukerak alderatzeko aukerarekin.

- Lau hilabetez behin ateratzen den Joerak Buletina, Eskubide Sozialeko Departamentuaren gaiak jorratzen dituena.

Beste funtzio baten bitartez, herritarrek, web gune honetan, Behatokiari zuzenean eska diezaiokete Nafarroako eskubide sozialekin zerikusia duten datuei buruzko orrian aurkitzen ez duten informazioa.

Errealitate Sozialaren Behatokia

Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak, Eskubide Sozialetako Departamentura atxikitakoak, urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren arabera, ikerketa aplikatuko arlo materialaren barruan, gizarte-zerbitzuen eta enpleguaren politika publikoen plangintza eta ebaluazioa nahiz eraldaketa sozialeko prozesuen eta arazo sozialen analisia burutzen ditu.