Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak premiazko neurriei buruzko Foru Lege Dekretu berri bat onartu du COVID-19ko osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko
2020ko apirilaren 29a
Nafarroako Gobernuak premiazko neurriei buruzko Foru Lege Dekretu berri bat onartu du COVID-19ko osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Foru Lege Dekretu berri bat onartu du, koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriei buruzkoa. Besteak beste, enpresen eta kooperatiben likideziari zuzenean egiten dio mesede, osasun- eta kultura-produktuen BEZa aldatzen du, eta nekazaritzako autonomoei aparteko laguntzak ematen dizkie.
Horren helburu nagusia da ehun produktiboa eta soziala babestea eta laguntzea, inpaktua gutxiagotu eta, behin osasun-alarma amaituta, jarduera ahalik eta azkarren berreskuratzea lortzeko. Eta hori guztia alde batera utzi gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ere ezinbesteko finantzaketa behar duela krisiari aurre egiteko.
Halaber, nabarmendu behar da Foru Lege Dekretu berria Parlamentuko alderdi politiko guztiekin kontrastatu dela eta guztien oniritzia lortu duela.
Onartutako neurrien artean, jarraian zehazten direnak azpimarratu behar dira:
Arlo fiskala eta zerga-eremua
Lehenik eta behin, zerga-araudia egungo egoeretara egokitu da, ordaintzeko betebehar jakin batzuk murriztuaz; ordainketa-betebehar horiek ez dira zergapekoaren jarduera ekonomikoaren zuzeneko adierazleetan oinarritzen, baizik eta jarduera ekonomiko hori garatzeko gaitasunaren zeharkako neurketa-unitateen arabera kalkulatzen dira. Gaitasun hori nabarmen ezberdina da gaur egun, zegozkien kuotak zehaztutakoan hasiera batean kontuan hartutakotik, eta Foru Lege Dekretu honen bitartez egungo egoerara egokitu dira.
Hori dela-eta:
-Merkataritza-establezimendu handiei dagokienez, 2020ko zergaldiari dagokion Zergaren zerga-kuota murriztu egin da, alarma-egoera aitortzearen ondorioz saltokia itxita egongo den denboraren proportzioan. Aurrean adierazitako neurriak gutxi gorabehera 293.000 euroko inpaktua du.
-Halaber, jolas-makinen ustiapenaren gaineko zerga batzuen kuota finkoa murriztu da, nahitaez itxita eduki beharreko denboraren proportzioan, makina horiek instalatuta dauden establezimenduak ixtearen ondorioz. Aipatu neurriak gutxi gorabehera 1.500.000 euroko inpaktua du.
Era berean, Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokionean, ondorengo neurriak adostu dira:
-Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ehuneko zeroko zerga-tasa ezarri da, erakunde publikoak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta ospitaleak hartzaile izanik, ondasun mota horien erkidego barruko entregei, inportazioei eta erosketei aplikatzeko, 2020ko uztailaren 31ra arte, eta hori guztia osasun-materialaren hornidura azkar eta eraginkortasunez egin ahal izateko. Politika fiskaleko neurri honek ezohiko egoeran du eragina, eta, horren bitartez, indarrean egongo den denboraldian ondorio nabarmenak lortu nahi dira, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zerga-tasen egiturari modu iraunkorrean eragiteko asmorik gabe.
-Liburu, egunkari eta aldizkari digitalei aplika dakiekeen BEZaren zerga-tasa ehuneko 4ra murriztu da; aldi berean, liburu fisikoaren eta liburu elektronikoaren artean zerga-tasen arloan dagoen diskriminazioa ezabatu da, horiek eskuratzea errazteko helburuarekin, konfinamendua dela-eta, herritarrek produktu kulturalak eta informaziokoak gehiago eskatu baitituzte.
Azkenik, aipatutakoez gain, beste neurri batzuk hartu dira zerga-arloan:
- Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren likidazioa aldizkakoa ez denez, bi zergak aurkezteko eta ordaintzeko epeen ondorioetarako, zenbaketatik kanpo geratuko da 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko epea.
-Aldi baterako baldintzei eragiten dieten hainbat neurri ezarri dira zenbait onura fiskal eskuratzeko. Alde batetik, 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko aldia ez da zenbatuko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatiko salbuespenari heltzeko epean.
-Urtebetez luzatu da Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean ezarritako epea, aparteko mozkinen berrinbertsioagatiko salbuespenari heltzeko, 2020ko zergaldian berrinbertsio epea amaitzen zaien zergadunentzat; eta 2021eko abenduaren 31ra arte luzatu da inbertsioetarako erreserba berezira bideratutako zenbatekoa gauzatzeko epea, 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean gauzatzeko epea amaitzen zaien zergadunentzat.
-2020ko zergaldian plantillaren batez bestekoei eusteko baldintza ezabatu da, Sozietateen gaineko Zergan enplegua sortzeko araututako kenkaria 2018an eta 2019an aplikatzeko. Modu horretan, ez da eskatuko 2018an eta/edo 2019an sortutako kenkaria erregularizatzea, 2020an enplegua mantendu ez bada, koronabirusak sortutako krisi ekonomikoa dela-eta.
-2020ko maiatzaren 30era arte luzatu da, zerga-prozeduren gehieneko iraupenerako, alegazioak aurkezteko, errekerimenduei erantzuteko edo errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak jartzeko zenbatzen ez den denboraldia. Halaber, 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko aldia ez da kontuan hartuko preskripzio- edo iraungitze-epeetarako.
Ezohiko laguntzak nekazaritzako eta kultur arloko autonomoentzat
Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege Dekretuak zehazten zuen zer baldintzatan izan dezaketen langile autonomoek bertan aurreikusitako aparteko laguntza zuzenak jasotzeko eskubidea, laguntza horiek jasotzeko eskatutako baldintzen zenbait alderdi zehatz zehaztearekin batera.
Hala ere, 3/2020 Foru Lege Dekretuaren hasierako erredakzioan muga batzuk agertzen dira; hala nola, JEZean alta nahitaez ematea, eta, horren ondorioz, landako autonomoek (nekazaritza, basogintza, abeltzaintza, zati batean) ezin dute foru-laguntza eskuratu. Alegia, nekazaritza, basogintza eta abeltzaintzaren zati handi bat ez daude JEZ mende.
Bigarren muga aurreko seihileko naturaleko fakturazioaren batez bestekoari buruzkoa da, eta nekazaritzako langile autonomoek urtaro-izaerako produkzioak egiten dituzten kasuan, ez da sartzen prestazioa eskatzen den produkzio-kanpainaren aurreko hilabeteetako batez besteko fakturazioaren erreferentzia, aurreko urteko kanpainako hilabete berberekin alderatuta.
Hori guztia dela-eta, hasierako erredakzioa aldatuko da langile autonomoentzako laguntza honetan sartzeko aurrean aipatutako nekazaritzako langileek neurri horri heldu ahal izateko beharrezkoak diren aurreikuspenak; laguntza Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak kudeatzen du.
Era berean, aldaketa honekin laguntzak eskuratzea erraztuko zaie merkataritzako ordezkariei.
Bestalde, kulturaren sektorean, 2009ko EJSNren kodeetan jasotako jarduerak garatzen dituzten langile autonomoak ere sartuko dira: 5912, 5915, 5916, 5920 eta 9001 eta 9004 artean, biak barne. Kasu horietan, prestazioa eskatu aurreko hilabete naturalean, fakturazioa ehuneko 30 murriztu beharko da, aurreko 12 hilabetetan egindakoarekin alderatuta.
Hona hemen hartzen dituen jarduerak:
5912: postprodukzio zinematografikoko jarduerak, bideokoak eta telebistako programetakoak.
5915: produkzio zinematografikoko eta bideoko jarduerak.
5916: telebistako programen produkzioko jarduerak:
5920: soinua grabatzeko eta musika editatzeko jarduerak.
9001: arte eszenikoak.
9002: arte eszenikoen jarduera osagarriak.
9003: arte eta literatura sorkuntza.
9004: ikuskizun-aretoen kudeaketa.
Osasun Departamentuaren Asistentzia Exekutiboaren Koordinazioaren gaikuntza zabaltzea desgaitasuneko egoitza-zentroetara, zentro psikogeriatrikoetara eta antzeko zentroetara
Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege Dekretuaren bitartez, Osasuneko kontseilaria gaitu zen Hirugarren Adinekoen Egoitzetan Asistentzia Exekutiboaren Koordinazioko arduraduna izendatzeko eta koordinazio horri laguntzeko eginkizunak egokitzat jotako profesionalen esku uzteko.
Baina, esperientziak erakutsi du gaikuntza hori desgaitasuneko (fisikoa eta psikikoa) egoitza-zentroetara, zentro psikogeriatrikoetara eta antzeko zentroetara zabaldu behar dela; zentro horietan ere osasun-laguntza ematen zaie arlo horietako egoiliarrei, eta COVID-19a kutsatzeko hirugarren adinekoen eremuan izan daitezkeen arazo berberak gerta daitezke, denak egoitza-zentro soziosanitarioak izateagatik.
Hori dela-eta, egoitza-zentro soziosanitarioetan pandemia hobeto kudeatzearren, zentzu horretan aldatu da aipatu artikulua.
Kooperatiben inguruko neurriak
Ekonomiaren doikuntza errazteko eta enplegua babesteko neurri gisa, komeni da ezohiko eta premiazko neurria hartzea; hau da, Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatutako kooperatiben Hezkuntza eta Sustapen Funtsaren erabilera/xedea aldi baterako malgutzea.
Beraz, aipatu alarma-egoera indarrean den bitartean eta 2020ko abenduaren 31ra bitarte, funts hori bideratu ahal izango da, osorik edo partzialki, finantzaketa-baliabide bezala, kooperatibari likidezia emateko funtzionatzeko behar duen kasuan edota COVID-19aren osasun-krisia geldiarazten laguntzeko edo horren ondorioak arintzeko edozein jarduera egiteko, ekintza propioen bitartez edo beste erakunde batzuei, izan publikoak edo pribatuak, dohaintzak eginez.
.