2020ko apirilaren 24a

SEPEren prestazioen eta subsidioen onarpena sms bidez jakinaraziko du Enpleguak

15.000 bidaliko dira datozen egunetan, eta bidalketa berriak egingo dira eskaerak izapidetzen diren heinean

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak – Nafar Lansarek (NEZ-NL) datozen bi hilabeteetan testu-mezuak (sms) igorriko dizkie Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) langabezia bidezko prestazioak eta subsidioak onartu dizkien pertsonei. Prestazioaren inguruko datuak kontsultatu nahi dituzten pertsonek SEPEren web orrialde ofizialera jo behar dute.

Sms-ak bidaltzen ostegun honetan hasi dira, eta apirilean 15.000 bat pertsonari jakinaraziko zaie. Ekainera bitarte jarraituko da, eskaerak izapidetzen doazen arabera.

NEZ-NLk aldi baterako hartu du bere gain jakinarazpena egitea SEPErekin duen lankidetzaren barnean, COVID-19aren osasun-krisiaren bilakaera dela-eta aurre egiten ari zaion ezohiko egoeraren aurrean. “Enplegu-zerbitzu publikoen arteko lankidetza indartu behar dugu, langileen eta enpresen premietarako une erabakigarria baita”, berretsi du Eskubide Sozialetako kontseilaria den Carmen Maeztuk; Departamentu horren mendekoa da Nafarroako Enplegu Zerbitzua. 

Mugimenduen murrizketa-egoera dela-eta, SEPEk telefono bidez jakinarazten die herritarrei prestazioak onartu zaizkiela, eta, ERTEen kasuan (enpleguaren aldi baterako erregulazioko espedienteak), aitorpen hori "ofizioz" egiten du enpresa bakoitzak aurkeztutako eskaera kolektiboarekin.

Jakinarazpenari dagokionez, SEPEk aldi baterako bertan behera utzi du posta bidezko jakinarazpenen bidalketa; beraz, berrikuntza gisa, hasierako jakinarazpena sms bidez egiten ari da. Posta-zerbitzua berreskuratzen denean, jakinarazpenak bide horretatik bidaliko dira.

Kontsultak

Onuradunek beren prestazioari buruzko informazioa eskura dezakete SEPEren web orrialdean. Datuetara sartzeko, NAN elektronikoarekin edo Ziurtagiri Digitalarekin identifikatu beharko du, eta, hori ez badu, “kontraste-datuak” erabili beharko ditu. Azken kasu horretan, IFZ, telefonoa, Bankuko IBANaren azken 10 kodeak soilik eta segurtasun-atal bat (zenbait letra eta zenbaki) bete behar dira. Ez da beharrezkoa eskaera-eguna jartzea.

Prestazioa kontsultatzeko web orrialdean sartzeko beste bide hauek erabil daitezke:

1.- Sartu https://sede.sepe.gob.es helbidean, “Prozedurak eta Zerbitzuak” atalean, hautatu “Pertsonak” eta, gero, “Kontsultatu zure prestazioari buruzko datuak eta ordainagiria”.

2.- Sartu bilatzaile batean; idatzi “Sepe Prestazioaren Kontsultak Egoitza elektronikoa”. Joan proposatutako orrialdera; ziurtatu SEPEren web ofiziala dela (https-rekin hasten da).