2020ko apirilaren 23a

Osasun Departamentuak Vianako Printzea zentroko kontsulta espezializatuak eta jarduera kirurgikoa berreskuratu ditu atzeraezinak edo arrisku txikikoak diren gaixoentzako

Prebentzio-neurriak hartuko dira pazienteen eta profesionalen segurtasuna bermatzeko
collections Irudi galeria

Osasunbidea pandemiaren aurreko jarduerari pixkanaka berrekiten hasi da aste honetan, Vianako Printze Zentroan hogei bat espezialitatetako kanpo kontsultak eta ebakuntza kirurgikoak berriro hastearekin batera, atzeraezinak eta arrisku txikikoak diren gaixoen kasuan.

Horrez gain, COVID-19a ez diren gaixotasunetarako ospitaleratzeko gaitasuna berreskuratzen ari da, jada 577 ohe libre baitituzte, eta proba osagarrien eta eguneko ospitaleen eskaintza (ez premiazkoa, ez lehentasunezkoa) pixkanaka gehitzen joatea aurreikusten da, azken kasu horietan, osasun-krisia izanagatik, jarduerarekin aurrera jarraitu bada ere. Laster, Lehen Arreta ere normaltasunera itzuliko da, eta, jada asteburu honetan, ez da ezohiko jarduerarik egingo Iruñerriko osasun-zentroetan.

Birusa ez transmititze aldera, prebentziorako neurrien programa bat diseinatu da, gaixoen eta profesionalen segurtasuna bermatzeko osasun-jardueran zehar.

COVID-19a dela-eta ezarritako ezohiko neurriak jaisten hasteko bideari ekiteko une hau hautatzerakoan, eragina izan du kurba epidemiologikoaren beheranzko joera egonkortu dela baieztatzeak edota COVID-19a ez den patologien azaleratzea detektatzeak Larrialdi Zerbitzuetan; ondorioz, eskariaren aldaketa horri erantzuna emateko neurriak hartzea gomendatzen da. Edonola ere, pandemiaren bilakaera behatzen eta monitorizatzen joango da, joera aldatuta arreta eskaintzeko modu murriztaileagoetara itzultzea beharrezkoa gertatuta ere.

Plangintza honetan, espezialitate bakoitzeko talde medikoen parte-hartzea eta adostasuna izaten ahalegindu gara, Lehen Arretarekin ere koordinatuta, horrela behar duten gaixoen segimendua elkarrekin egiteko edota arlo bateko eta besteko profesionalen arteko kontsulta ez presentzialaren eredua indartzeko.

Kanpo kontsultak

Asteazkenean, apirilak 22, aurrez aurreko jarduera berreskuratu da Vianako Printzea Kontsulta Zentroan, eraikinak ohiko erabilera duela gutxi berreskuratu ondoren, COVID gaixoak artatzeko erabilia izan eta gero. Dena den, gogoratu behar da aurrez aurreko jarduera atzeraezinarekin aurrera jarraitu dutela pasa den asteetan NOGeko beste espazio batzuetan, Olivento Kondea, San Martin edo Ubarmin zentroak barne.

Jarduerari berriro heldu zaio hogei bat espezialitatetan, eta horiei gainerakoak gehitzen joango zaizkie pixkanaka-pixkanaka, kasu batzuetan jarduera kirurgikoaren normalkuntzara egokituta. Fase honi hasiera emateko, zerbitzuek lehentasunezkotzat jotako gaixoak artatuko dira, arreta presentzialaren onura banaka neurtutako balorazioaren arabera. Hala ere, azken asteotan hartutako esperientziari esker, arreta ez presentziala ere indartzen jarraitu behar dela uste da.

Prebentzio-neurriak

Arreta-garaian gaixoen nahiz profesionalen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Nafarroako Ospitale Guneak gaixotasunen transmisioa prebenitzeko neurri ezberdinak onartu ditu. Lehenik eta behin, zentroko espazioak konfiguratzeaz gain, hitzorduak emateko ordutegiak banatu egin dira, eremu komunetan pertsonak batera ahalik eta gutxien egoteko.

Halaber, kontrol-puntu bat jarri da zentrorako sarreretan, eta, bertan, maskara emango zaie gaixoei edota haien laguntzaileei, baldin eta ez badute. Puntu horretan bertan, erabiltzaileek eskuak garbitu beharko dituzte nahitaez soluzio hidroalkoholikoarekin. Gainera, gel hidroalkoholikoa emateko tresnak egongo dira itxarongeletan. Leku horietan, profesional bat egongo da erabiltzaileek distantzia sozial egokia dutela ikusteko, eta igogailuak edo eskailerak erabili ondoren eta beharrezkoa izan daitekeen egoeretan eskuak garbitzeko adieraziko die. Era berean, itxaro-eremuetako hainbat eserleku ezin direla erabili adierazi da, beharrezko segurtasun-distantziari eutsi ahal izateko, eta behe solairuko eserlekuak ere erabiltzaileak elkarren aurrean ez jartzeko moduan kokatu dira. Kontsulten zentrotik irtetean ere eskuak derrigorrez garbitu beharko dira.

Profesionalen babesari dagokionean, kontsulta bakoitzean gel hidroalkoholikoa egongo da, eurek eskuak maiz garbitu ahal izateko eta baita gaixoek eta haien laguntzaileek ere, kontsultara sartzeko unean eta egoerak horrela aholkatzen duen guztietan.

Profesionalek maskara kirurgikoa jantzita izango dute arreta osoan zehar. Era berean, eskularruak erabiliko dituzte mukosak, osorik ez dagoen larruazala edo fluido biologikoak ukitzen dituztenean. Gainera, aerosolak eskatzen dituzten prozedurak egin behar badira, norbera babesteko ekipamendu egokia erabili beharko da: FFP2 maskara, eskularruak, betaurrekoak edo pantaila eta bata iragazgaitza.

Ebakuntza kirurgikoak

Apirilaren 21etik (asteartea) aurrera abian da programaturiko jarduera kirurgikoa, ebakuntza atzeratzeak pronostikoa okerrera eramango lukeen gaixoen kasuan. Halaber, patologia atzeratzeko modukoa duten gaixoen kasuan ere lanean hasi dira, egungo egoeran arrisku gutxiko gaixotzat hartzeagatik. Hori lortzeko, komorbilitate txikiko gaixoak izan behar dira, ebakuntza ez oso kaltegarriak egin behar zaizkienak, KHA erregimenean opera daitezkeenak edo egonaldi laburreko ospitaleratzea behar dutenak. Gainera, ebakuntzarako abisua ematen zaion unean, gaixoak ebakuntza egin baino 48 ordu lehenago joan behar du NOGera, PCR proba egiteko koronabirusa detektatze aldera. Azkenik, ebakuntza egiteko, beharrezkoa da gaixoak sintomarik ez izatea eta PCRaren emaitza negatiboa izatea. Horrez gain, emakumeei PCRa egiten zaie erditzearen aurretiko arretan, zesareatan eta programaturiko bertsioetan, eta haurdun sintomatiko edo susmagarriei ere egiten zaie.

Ospitaleratzea

Apirilaren hasieraz geroztik, ospitaleratzearen modalitate ezberdinak etengabe jaisten joan dira, altak ospitaleratzeak baino gehiago izanik; modu horretan, COVID-19  gaixoak artatzera bideratutako hainbat unitatek pandemia agertu aurretiko erabilera berreskuratu eta ohiko patologien gaixoak hartu ahal izan dituzte.

Ildo horretan, NOGean, gaur egun, COVID-19 gaixoak ospitaleratzeko Virgen del Camino Ospital zaharreko eraikin nagusiko hirugarrenetik seigarrenera bitarteko solairuak, Amatasuneko hirugarrena, H pabiloiko laugarrena eta Eko bigarrena erabiltzen dira; hau da, guztira 224 ohe daude (osoaren %28); aldiz, COVID-19 ez diren gaixoentzat, 577 ohe daude. Gogoratu behar da, gaixotasuna gehien zabaldu zen unean, COVID gaixoentzat, aipatutakoez gain, HVCko bigarren Orokorra, E pabiloiko behe eta lehen solairuak eta Hko bigarrena erabili zirela nahiz Vianako Printzea Kontsulten Zentroko behe solairua, ospitaleratzearen aurretiko igarobide bezala. COVID ez diren gaixoak artatzera igaroko diren profesionalek, lehen koronabirusaren infekziodun gaixoak artatu badituzte, birusa detektatzeko baheketa sistematikoaren programan lehenetsiko dira, eta pixkanaka-pixkanaka hor profesional guztiak sartuko dira.

Proba osagarriak

Proba osagarriei dagokienean, jarduera pixkanaka gehitzen joatea aurreikusten da, eta azkarrago egingo da Neurofisiologia bezalako espezialitateetan eta Erradiodiagnostikoko proba batzuetan, premiazkoak edo lehentasunezkoak ez diren lehentasunekin, horiek jada aste hauetan zehar ere egiten joan baitira. Pixkanaka, arreta gehituko da, baita ere, endoskopietan, ekokardiografian eta gammagrafietan. COVID bidezko infekzio posible bat transmititzeagatik edo gaixotasunak pazientearen tratamenduan izan dezakeen eraginagatik arriskutzat jotzen diren probetan, aurrez PCR bidezko proba diagnostiko bat egitea aurreikusten da.

Eguneko ospitaleak

NOGeko eguneko ospitaleetako jardueraren zati handi bat egin da pandemian zehar, bereziki Onkologia Medikoan eta Erradioterapian, Hematologian, Hemodialisian eta jardueraren beste zati handi bat Eguneko Ospitale Balioaniztuneko espezialitateetan. Azken horrek ez ezik, Eguneko Ospitale Kronikoek ere eskaintza pixkanaka gehitzen joatea aurreikusten dute datozen egunetan.

Horrez gain, protokolo bat prestatzen ari dira PCR diagnostikoa egiteko zenbait eguneko ospitaletan tratamendua egiten hasi behar duten gaixoei. Modu horretan, gaixoen eta profesionalen osasuna zaintzeko xede berarekin, Hemodialisian baheketak egingo dira aldizka, sintomarik gabeko kasu posibleak ahalik eta azkarren detektatze aldera.

Osasun-zentroetako ezohiko jarduera asteburuan amaituko da

Antsoain, Azpilagaña, Barañáin II, Ermitagaña eta Mendillorri osasun-zentroak pandemia hasi zenetik irekita egon ziren asteburuetan, arnasa-prozesu akutuko (eztula, arnasestua edo sukarra) gaixoak artatzeko aldez aurretiko hitzorduarekin, baina asteburu honetan jada itxita egongo dira. Erabaki hori hartu da koronabirusaren pandemiaren eraginean jaitsiera esanguratsua eta etengabea delako. Hemendik aurrera, arnasa-patologiako gaixo berriek osasun-aholkura (948 290 290) edo 112ra deitu beharko dute.

Bestalde, osasun-etxeek, orain arte egiten ari diren moduan, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten gaixoen segimendua egiten jarraitu beharko dute.