Descárgate la app
Vianako Printzea Erakundeak ohartarazi du COVID-19ren aurkako desinfektatzaileek kalte konponezinak eragin ditzaketela ondare historikoan
2020ko apirilaren 22a
Vianako Printzea Erakundeak ohartarazi du COVID-19ren aurkako desinfektatzaileek kalte konponezinak eragin ditzaketela ondare historikoan
Nafarroako Gobernuak, Vianako Printzea erakundearen bidez, ohartarazi du COVID-19ren aurrean produktu desinfektatzaileak erabiltzeak kalte konponezinak eragin ditzakeela monumentuetan eta artelanetan, eta, beraz, kutsatutako ondasun eta objektuak kentzea edo zigilatzea gomendatzen du, desinfektatu beharrean.
Foru Komunitateko ondare historiko-artistikoa zaintzeko helburuarekin, Kultura Ministerioak gai horren inguruan ezarritako jarraibideak hedatzen ari da Vianako Printzea Erakundea.
Ildo horretan, erakundeak gomendatu du, edozein jarduera egin aurretik, harremanetan jar daitezela Ondare Historikoaren Zerbitzuko teknikoekin. Horretarako, idatzi mezu bat patrimoniohistorico@navarra.es eta conservación@navarra.es helbideetara edo deitu 676 98 72 00 eta 616 98 52 07 telefono-zenbakietara.
Horrez gain, informazio gehiago eskura daiteke Kultura Ministerioak eta Vianako Printzea Erakundeak ondarea kontserbatzeko eskaintzen dituzten gomendio-gidetan.
Desinfektatzaileen efektua gainazaletan
Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Ataleko burua den Alicia Anchok azaldu duenez, birusak ez die zuzenean eragiten artelanei, “baina higiene eta desinfekzio neurriek efektu oso suntsitzailea izan dezakete eginda dauden material ahuletan”.
Gela, alkohol etilikoa, lixiba, ur oxigenatua edo amoniakoa duten soluzio hidroalkoholikoak dira koronabirusaren aurka erabiltzeko produktu desinfektatzaile eraginkorrenak, xaboiarekin batera, baina material horiek urarekin nahastuta “botere disolbatzaile eta oxidatzaile altua dutenez, materialak, artelanak eta dokumentuak kalte ditzakete konpontzeko aukerarik gabe”, azpimarratu du Anchok.
Ildo horretan, birusak gainazal ezberdinetan gehienez 9 egun irauten duela ziurtatu du erresistentzia handieneko kasuetan. Beraz, haren ustez, “zentzuz aztertu” behar da benetan beharrezkoa den ondasun horiengan desinfekzio masiboak egitea, kontuan izanik, gainera, horietako asko (elizak, museoak, etxe historikoak) herritarrentzat itxita daudela.
“Guztiok jakin badakigu krisi hau igaroko dela, eta gerren, krisien eta era guztietako gorabeheren gainetik mendeetan zehar gurera iritsitako ondare kulturalak munduan zehar egiten dugun bidaiaren lekuko izan behar duela. Herritar gisa, baldintza onenetan transmititzeko eta etorkizuneko belaunaldiei ondare hau bermatzeko betebeharra dugu”, azpimarratu du Alicia Anchok, “kalera irteteko eta gure monumentuak bisitatzeko aukera izaten dugunean, beharbada gomendiorik onena hau izango da: ikusi baina ez ukitu”, gehitzearekin batera.
Eraikin eta ondasun higigarrietarako gomendioak
Eraikinen kanpoaldeari dagokionean, Vianako Printzea Erakundeak behin eta berriro azpimarratzen du “oso kontuz” ibili behar dugula kaleak garbitzerakoan, monumentuen hormak ez kaltetzeko; izan ere, harriak, junturak eta adreiluak deskonposatu egin daitezke epe ertainean eta metalezko elementuak azkar herdoildu. Gauza bera aplika dakieke hiri altzarietako objektuei; hala nola, pergolak, iturriak, lorontziak, eskulturak, e.a.
Barrualdeei dagokienez, eraikina itxita badago, ez dago ezer egin beharrik, kutsatzeko arriskuan egon bada, birusak gainazaletan ez baitu aktibo jarraitzen bederatzi egun baino gehiagotan.
Kutsatuta izatearen susmoa izanez gero, Vianako Printzea Erakundeak gogoratzen du zoladura eta lurzoru zaharrak ezin direla desinfektatzaileekin tratatu; beraz, espazioa itxita eduki ezin bada, teknikariekin kontsultatu behar da desinfektatzeko modurik egokiena aztertzearren.
Lurzoru modernoak ura eta xaboiarekin garbi daitezke, baita ura eta lixiba tapoi batekin ere, erabat ziur bagaude elementu zaharren gainera ez dela zipriztinik eroriko. Putzuak egitea edo lurra bustita uztea saihestu behar da, horrek hezetasun-maila areagotzen baitu eta materialek nozitzen baitute, lizuna eta oxidazioak agertzeko aukera izatearekin batera.
Azkenik, ondare higigarriari erreparatuta, artelan bat, elementu historiko bat edo dokumentu bat ezin da desinfektatu. Espazioa erabiltzen bada eta elementuren bat patogenoa izateko arriskuan egon bada, egokiena da objektua berrogeialdian jartzea, 9 egunez inor ez sartzeko moduko leku batean, eta lan hori eskularruekin eta maskararekin behar bezala babestuta egingo da.
Objektuak pisua eta/edo tamainarengatik erretiratu ezin badira, hesi bat jarriko dugu kutsatutako elementuarekin pertsonek kontakturik izan ez dezaten; halaber, Ondare Historikoaren Zerbitzuarekin harremanetan jarriko gara, teknikari batek elementu bakoitza garbitzeko aukeren inguruko aholkuak emate aldera, materialen eta kontserbazio-egoeraren arabera.
Ondarearen segurtasuna
Azkenik, Vianako Printzea Erakundearentzat garrantzitsua da alarma-egoeran ondare historikoa lapurreten eta bandalismoaren aurka babesteko neurriak areagotzea, bereziki eraikina itxita badago.
Modu horretan, tarteka ikuskatzea joatea gomendatzen du, babesteko behar bezalako neurri pertsonalak hartuta (maskara eta eskularruak), eta, ohiz kanpoko zerbait ikusiz gero, Segurtasuneko Indar eta Kidegoei jakinaraztea.