Descárgate la app
Nafarroak ekonomia suspertzeko Estatu Ituna eta adingabeen irteera ahalbidetuko duen alarma-egoeraren luzapena sustazen du
2020ko apirilaren 19a
Nafarroak ekonomia suspertzeko Estatu Ituna eta adingabeen irteera ahalbidetuko duen alarma-egoeraren luzapena sustazen du
Nafarroako Foru Komunitateak “aktiboki” hartuko du parte Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko Presidenteak ekonomia suspertzeko proposatu duen Estatu-itunean, “lankidetzatik eta kooperaziotik”, María Chivite Nafarroako lehendakariak igande honetan adierazi duenez, alarma-egoeraren luzapena ere sustatu duen agerraldi batean, luzapen honetan adingabeak kanpora atera ahal izango dira, egoera kontrolatuan.
Bere aldetik, eta María Chivitek iragan ortziralean Nafarroako Parlamentuan iragarri zuen bezala, Foru Erkidegoa ekonomikoki eta sozialki berreraiki eta berpizteko plan bat diseinatzen ari da Gobernua honezkero. Ekimen horretan aintzat hartuak izanen dira eragile sozial, politiko eta ekonomikoen ekarpenak.
Chivite Lehendakariak, halaber, babesa adierazi dio Sánchez Presidentearen asmoari, “krisi honen ondorioz indartuko den eta bere xedeak eta baloreak beti gogoan izanen dituen Europa soziala lortzeko; balore horien artean dago ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta Estatu kideen arteko elkartasuna sendotzea”.
María Chivitek Nafarroaren babesa helarazi dio Gobernu zentralari, koronabirusaren osasun-krisia gainditze aldera inposaturiko konfinamendu-neurriak urratsez urrats leuntzeko estrategiari dagokionez. Erabakiak epidemiologiaren eremuko irizpideen arabera hartuko dira, baita osasun-sistemaren ahalmenaren eta maila lokalean pandemiak duen bilakabidea behatzeko gaitasunaren arabera ere; era horretan lortuko da neurriak leuntzea, “betetzen diten irizpide bakarrak lurraldetasunarenak izan gabe”.
Era berean, Lehendakariak azpimarratu du zein garrantzitsua den Lehen Mailako Arreta, “giltzarria izan dena osasun-fase larrienean, eta are gehiago izanen dena normaltasuna berreskuratu ahala”. Etapa horretako gakoak, María Chivitek esan duenez, “kasu berrien detekzio goiztiarra, kutsatuen bakartzea eta gaixoei eginiko jarraipen zehatza izanen dira”
Azkenik, Nafarroako Lehendakariak eskatu du Gobernu zentralak adinekoentzako deskonfinamendu-plan bat presta dezala, segurtasun-baldintzak beteko dituena, “bakartze soziala muturreko neurria baita, pandemiaren aitzinatzea geldiarazteko eraginkorra dela frogatu dena, baina bertzelako arazoak sor ditzakeena bukaerako epemuga zehatzik aurreikusten ez bada”.