Descárgate la app
Nafarroako ekonomia berpizteko plana iragarri du Chivite Lehendakariak
2020ko apirilaren 17a
Nafarroako ekonomia berpizteko plana iragarri du Chivite Lehendakariak
María Chivite Nafarroako Lehendakariak, gaur eguerdian Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordean eginiko agerraldian, iragarri du berpizte eta berreraikitze ekonomiko eta sozialerako plan bat jarriko dela abian, “agertoki ezezagun” bati aurre egiteko, eta Nafarroari “bultzada emateko, berriztatzeko eta eraberritzeko” aukera emanen duena.
Nafarroako Gobernuko departamentuarteko estrategia-talde bat arduratuko da plana diseinatzeaz, gaur egun Nafarroak berak dituen baliabideak eta ekonomia garatzeko estatutik eta Europatik iritsitako laguntzak berrordenaturik.
Aldi berean, Nafarroako Gobernuak eragile ekonomiko eta sozialekiko elkarrizketa-prozesu bat hasiko du, “nafar gizarteak ekarpena egin dezan plana ahalik eta hoberena izate aldera”, Chivite Lehendakariak azaldu duenez.
Nafarroako Gobernuak plan hori onartzen duenean Parlamentuari igorriko zaio, han eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Foru Gobernuaren aurreikuspena da plana ekainean onartu ahal izatea, osasun-krisiaren gailurra gainditu ondoren, eta ziurtasun ekonomiko eta sozialeko testuinguru batean.