2020ko apirilaren 15a

Gobernuak hirugarren neurri-sorta onartu du koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko

Besteak beste, honako hauek agertzen dira: laguntza zuzenak autonomoentzat, ikerketa zientifikoa eta teknikoa finantzatzea, gizarte-zerbitzuak finantzatzea edota enpresetan Nafarroako Gobernuak lan-osasunaren koordinazio-lan exekutiboa burutzea
Prentsaurrekoaren bideo osoa Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran hirugarren  Foru Lege Dekretu berri bat onartu du, COVID-19ko osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko neurri sorta berri bat jasotzen duena.

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Foru Lege Dekretu berria onartu du, hirugarrena, eta, bertan, neurri-sorta berri bat jasotzen da COVID-19aren osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko.

Neurri horiek Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak aurkeztu dituzte, Javier Remirez lehendakariordeak ere parte hartu duen prentsaurrekoan.

1.- Zuzeneko laguntzak autonomoentzat

Onartutako Foru Lege Dekretuaren barnean, zuzeneko zenbait laguntza jasotzen dira batez ere autonomoentzat, bakoitzaren egoera partikularrak zehaztearekin batera honako hauek kontuan hartuta: aparteko prestazioa eskuratu ala ez, aurretiko fakturazioa, familia-unitatearen egoera edo ondarearen gaineko gogoeta.

Laguntza hauen helburua da efektu negatibo hauek iragankorrak izatea, ahal dela inpaktu iraunkorrago bat saihestuaz, eta, azken finean, haiek ekonomia berreskuratzea osasun-larrialdia arintzen doan heinean. Gure Foru Komunitatean 47.0000 autonomo baino gehiago daude, eta horietako asko indarrean den Alarma Egoeran zehar baimendu gabeko jardueretan aritzen dira; hala nola, kulturan, jarduera artistikoetan, kirol-arlokoetan, ostalaritzan, merkataritzan, ile-apaindegietan eta hezkuntzan, besteak beste.

Hona hemen aurreikusitako laguntzak:

Alde batetik, 2.200 euroko ezohiko laguntza zuzena eskuratzeko eskubidea izango dute martxoaren 17ko 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuan jarduera bertan behera uzteko ezarritako ezohiko prestazioa aitortuta duten langile autonomoek eta, horren eskubidea sortzeko, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ohiko bizilekua Nafarroako lurraldean izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu bidez alarma-egoera aitortutako egunean.

b) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egunean izatea.

c) Enplegu autonomoa sustatzeko laguntzak ez eskuratuta izatea 2020. urtean.

d) 2018ko ekitaldiko Ondarearen gaineko Zerga dela-eta, zergak ordaintzeko betebeharrik ez izatea, ordaindu beharreko kuotaren emaitzarekin.

e) Autonomoaren familia-unitateko kideen diru-sarreren batuketak (autonomoarenak ere sartuta) ondorengo zenbatekoak ez gainditzea alarma-egoerak irauten duen bitartean:

Oro har, hileko Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa (aurrerantzean, IPREM) halako lau izango da muga.

Muga hori IPREM 0,1 aldiz gehituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko. Ardurapeko seme-alaba bakoitzeko aplika daitekeen igoera IPREM 0,15 aldiz izango da guraso bakarreko familia-unitatearen kasuan.

Muga hori IPREM bider 0,1 gehituko da familia-unitateko kidea den 65 urtetik gorako adineko bakoitzeko.

Familia-unitateko kideren batek ehuneko 33tik gorako desgaitasuna, mendekotasun-egoera edo lan-jarduera bat egiteko ezintasun iraunkorra egiaztatzen duen gaixotasuna badu, aurreikusitako muga IPREM bost aldiz izango da, ardurapeko seme-alaba bakoitzeko metatutako gehikuntzak alde batera utzi gabe.

f) Autonomo gisa altan egotea Gizarte Segurantzari dagokion erregimenean eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, Nafarroako Foru Komunitatean, 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako prestazio hori amaitu eta hurrengo 12 hilabetetan zehar. Altan egoteko betebehar hori betetzen ez bada, hartzaileak itzuli beharko du bete gabeko denboraldiari dagokion laguntzaren zati proportzionala.

Era berean, lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek, beren konturako langile gisa dagokion araubide berezian kokatzea erabaki badute, 2.200 euroko aparteko laguntza zuzena eskuratzeko eskubidea izango dute, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea kenduta, kooperatibistak izateagatik. Modu berean, laguntza honen onuradunak izateko aukera izango dute, baldintza berberetan, sozietate-autonomoek eta merkataritza-sozietateetan edo nortasun juridikorik gabeko erakundeetan lan egiten duten langileek.

Halaber, martxoaren 17ko 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuko 17. artikuluan jarduera uzteagatik ezarritako aparteko prestazioa hartu ez duten langile autonomoek 700 euroko ezohiko laguntza zuzena eskuratzeko eskubidea izango dute baldin eta, a), b), c), d) eta e) letretan ezarritakoak eta aurrean adierazitakoak betetzeaz gain, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

a) Autonomo gisa uneoro altan egotea Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean edo Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitatean eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Jarduera ez uztea baina egiaztatzea laguntza eskatzen den hilabetearen aurreko hilabete naturalean fakturazioa gutxienez ehuneko 30 murriztu dela aurreko seihileko naturaleko fakturazioaren batez bestekoarekin alderatuta.

Aurrean adierazitako 700 euroko laguntza zuzena 800 eurora bitarte gehitu ahal izango da autonomoaren familia-unitateko kideen diru-sarreren batuketak (laguntzaren eskatzailearenak barne) ondorengo zenbatekoak gainditzen ez baditu alarma-egoerak irauten duen bitartean:

Oro har, hileko Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa (aurrerantzean, IPREM) halako hiru izango da muga.

Muga hori IPREM 0,1 aldiz gehituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko. Ardurapeko seme-alaba bakoitzeko aplika daitekeen igoera IPREM 0,15 aldiz izango da guraso bakarreko familia-unitatearen kasuan.

Muga hori IPREM bider 0,1 gehituko da familia-unitateko kidea den 65 urtetik gorako adineko bakoitzeko.

Familia-unitateko kideren batek ehuneko 33tik gorako desgaitasuna, mendekotasun-egoera edo lan-jarduera bat egiteko ezintasun iraunkorra egiaztatzen duen gaixotasuna badu, aurreikusitako muga IPREM lau aldiz izango da, ardurapeko seme-alaba bakoitzeko metatutako gehikuntzak alde batera utzi gabe.

Aurrean adierazitako ezohiko zuzeneko laguntzak eskatu ahal izango dira Foru Lege Dekretuaren testuan adierazitako baldintzetan alarma-egoera amaitu eta hurrengo hilabeteko azken egunera bitarte.

Azkenik, adierazi aurrean aurreikusitako ezohiko zuzeneko laguntzak bateragarriak izango direla beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik eratorritako beste edozein diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabiderekin, izan eskualdekoak, estatukoak, Europar Batasunekoak edota nazioarteko erakundetakoak, betiere laguntzen zenbateko osoak ez badu gainditzen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan finkatutako intentsitate-muga, edo, bestela, 2019. urtean eskatzaileak izandako hileko batez besteko fakturazioa.

2.- Ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren finantzaketa

Nafarroako Gobernuak finantzaketa edo baterako finantzaketa baimenduko du, hala badagokio, COVID19 eta SARS-CoV-2 esparruetan ikerketa-proposamenak ebaluatzeaz arduratzen den Komite Zientifikoaren aldeko balorazioa jaso duten proposamenek finantzaketarik jaso ez badute edo Carlos III.a Osasun Institutuaren aldetik partzialki jaso badute COVID19 - FUNTSAREN kargura ikerketa-proiektuak finantzatzeko deituriko laguntzetan.

3.- Gizarte Politiken arloko neurriak

Oinarrizko gizarte-zerbitzuak dituzten toki-erakundeen finantzaketa: oinarrizko gizarte-zerbitzuen finantzaketa eta programei dagokienez, Gizarte Zerbitzuen Foru Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen maiatzaren 22ko 32/2013 Foru Dekretuan aurreikusten da zerbitzu horren titularrak diren toki-erakundeei finantzaketa ordaintzea Foru Administrazioaren kargura eta lau epetan.

Une honetan bigarrena ateratzeko dago; beraz, osasun-krisia dela-eta erakunde horientzat likidezia bermatzeko eta horrekin biztanleriaren sektore ahulak berehala artatu ahal izateko, unitate kudeatzaileak aurreko ekitaldiko memoriak baliozkotu behar izatearen indarreko betekizunetik salbuesten da.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen ezohiko finantzaketa: COVID-19aren epidemiak eta horri aurre egiteko hartutako neurriek premia sozialak sortu dituzte biztanleria ahulenaren kasuan, berehala ebatzi beharrekoak; ondorioz, araudi horri erreparatuta, toki-erakundeek neurriak ezarri behar dituzte horien estaldura ahalik eta azkarren bermatzeko.

Nafarroako Gobernuak, berriz, jarduera horretan esku hartu behar du gizarte-zerbitzuen titularrak diren toki-erakundeei finantzaketa-laguntza emanaz.

Berme hori eskaini beharraren ondorioz, Nafarroako Gobernuak emandako ezohiko finantzaketa aurreikustea ezinbestekoa da helburu horretarako erabili dadin, eta, ondoren, justifikatua izatea oinarrizko gizarte-zerbitzuen finantzaketa arruntaren esparruan.

Laguntza Koordinazio Exekutiboa Hirugarren Adinekoen Egoitzetan: Egoera berri honetan osasun-kudeaketari aurre egite aldera, beharrezko da Laguntza Koordinazio Exekutiboaz arduratuko den irudia sortzea, profil profesional egokiko langileen laguntza teknikoekin, egoitzetan dauden adinekoen osasun-arreta antola dezan, Lehen Arretako Taldeetako profesionalei nahiz laguntzako langileei dagokienean.

4.- Nafarroako Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzu guztien Koordinazio Exekutiboa

Nafarroako Gobernua, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuaren bitartez, Nafarroako Prebentzio-zerbitzu guztien (propioak eta besterenak) koordinazio exekutiboaz arduratuko da, COVID-19arekin lotuta.

Atzotik hasita lanera itzuli dira bereziki eraikuntzaren eta industriaren sektoreak; hots, Nafarroan 1.612 eta 2.209 enpresa, hurrenez hurren. Modu horretan, Nafarroako enpresa horiek guztiak gainbegiratzeko, Nafarroako enpresei zerbitzua ematen dieten prebentzio-baliabide guztiak, propioak nahiz besterenak, behar dira. 

Pandemiaren salbuespenezko egoerak eta lan-jardueraren normalkuntzak prebentzio-zerbitzuen eta gizarte-segurantzako mutualitate laguntzaileetako prebentzio-teknikarien esku-hartze zentralizatua eskatzen dute, enpresetan lanera modu seguruan itzultzea bermatzeko.

Halaber, Prebentzio Zerbitzurik ez duten eta lan autonomoa egiten duten enpresek eta autonomoek Lan Osasunaren Zerbitzuko (NOPLOI) teknikarien eta Gizarte Segurantzako Mutua laguntzaileen aholkularitza izango dute.

5.- Bestelako premiazko neurriak

Horrez gain, aipaturiko foru lege-dekretuaren barnean, beste zenbait neurri onartu dira, kontratazio publiko, dohaintzen kudeaketa eta diru-laguntzen arloko neurrien inguruan, besteak beste.

-Arintasuna kontratazio publikoan: kudeatzaile publikoei beharrezko erremintak emango zaizkie gaixotasunari aurre egiteko beharrezko ondasunak eskuratzeko prozedurak azkartze aldera, aldatzen doan eta lehiakortasun handia duen merkatuan. Horretarako, kontratuen prezioa ordaintzea baimentzen da, osorik edo partzialki, kontratistak prestazioa egin aurretik, betiere ezinbestekoa bada merkatuaren egoeraren arabera.

-Partikularrek Administrazioari egindako dohaintzen kudeaketa: herritarrek eta enpresek COVID-19ari aurre egiteko diru-kopuruak eskudirutan emateko interesa agertu dute; modu horretan, sistema azkarrago bat ezarri da, ohiko prozeduraren ordezkoa, diru-sarrera egitean dohaintza onartzeko ebazpena aldez aurretik izapidetzea eta, ondoren, dohaintza-emaileari ordaintzeko ordainketa-gutuna bidaltzea saiheste aldera.

-Diru-laguntzen arloko neurriak. Gainera, foru lege-dekretuan diru-laguntzen arloko neurriak ere jasotzen dira. Ildo horretan, Gobernuak honela adierazi du: “osasun-arloko krisi-garai honetan, Nafarroan diruz lagundutako jarduerak eta zerbitzuak bertan behera ez uzteko beharrezko mekanismoak ezarri behar dira. Horretarako, kontzertuetan eta diru-laguntzetan malgutasun-baldintzak bermatu behar zaizkie erakunde guztiei”.

Neurrietariko baten arabera, sektore publikoko erakundeek izapidetzen dituzten prozedura guztiak etengo dira. Ildo horretan, Exekutiboaren ustez, baita ere eten egingo da diruz lagundutako jarduerak egiteko epea, eta alarma-egoera amaitzean berriro abiatuko dira. Era berean, epe osoa luzatuko da gutxienez denboraldi horretan, diruz lagundutako jarduera-proiektua gauzatzeko behar adinekoa dela bermatzeko.