Descárgate la app
Toki Administrazioak ohiko galdera eta erantzunen gida bat egin du toki-erakundeentzat
2020ko apirilaren 14a
Toki Administrazioak gida bat prestatu du toki-erakundeentzat ohiko galdera eta erantzunekin
David Crespo Villa Javierreko koordinatzailea eta Fernando Mendoza Nafarroako Hondakinen Partzuergoko gerentea Tuterako jantoki sozialari dohaintzan emandako materialarekin.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritzak gida bat egin du alarma-egoera dela-eta toki-korporazioetatik haien jardueren eta zerbitzuen inguruan jasotzen dituen galdera eta erantzun ohikoenekin.
Bilkura telematikoak egitea legez baliozkoa al da? Nola kudeatu administrazio-epeen etenaldia? Epeen etenaldiak badu eraginik toki-zergen ordainketan? Udalak ERTEa aurkez diezaieke bertako langileei? Zeintzuk dira Udal baten funtsezko zerbitzuak COVID-19aren krisi-garaian? Horiek dira Lurralde Kohesiorako Departamentuak azken asteetan jasotako zenbait gai, eta, era horretan, gida bat egin dute toki-erakundeei aholkularitza juridikoa eskaintzeko asmoarekin.
Dokumentua jada banatu da Nafarroako Mankomunitate, Udal eta Kontzejuetan. Bertan 30 galdera ohikoenen erantzuna jasotzen da, eduki batik bat juridikoarekin, herrien eguneroko errealitateari alarma-egoera eta pandemiari aurre egiteko larrialdiko neurriak aplikatzean.
Esate baterako, aipatzen da “legezkotasun maila ematen zaiola toki-erakundeetan bilkurak telematikoki egiteari, osasun-arloko larrialdi-egoeretan”, baina, hori bai, “kideen segurtasun teknologikoa eta parte-hartze politikoa eta akordioen bozketa bermatu behar dira”. Berme hori edo beharrezko baliabideak ez badaude, erakundeak osoko bilkura ez egitea erabaki beharko du.
Halaber, esaten da epeen etenaldiak ez duela zergen ordainketan eraginik izango, nahiz eta apirilaren 30era arte denboraldia luzatu zorra martxoaren 14a baino lehen jakinarazita bazegoen eta maiatzaren 20ra bitarte data horren barnean jakinarazi ez bazen.
Horrez gain, toki-erakundeek hainbat kontsulta egin dituzte administrazio-kontratazioaren eta kontratuak etetearen ondorioen inguruan.
Langileei dagokienean, lan-kontratuen eteteak edo lanaldiaren murrizketak ez zaizkie aplikatuko herri administrazioek enplegatutako pertsonei.
Udalek eta kontzejuek eman beharreko funtsezko zerbitzuei dagokienez, berriz, erakunde bakoitzak zehaztuko du alkatetza-ebazpenaren bitartez zeintzuk duten izaera hori. Hala ere, funtsezkotzat jo daitezke uren hornidura eta saneamendua, adinekoentzako eta mendekoentzako gizarte-zerbitzuak, osasun-arlokoak, argiteria publikoa, hiriko hondakin solidoen bilketa, hilerriak, udaltzainak, su-hiltzaileak eta babes zibila, batez ere.
Ontziak eta poltsak Villa Javier jangela sozialerako
Bestalde, Tuterako Villa Javier jangela sozialak 24.000 poltsa eta ontzi berrerabilgarri jaso ditu azken egunetan Hondakinen Kontsortzioaren eskutik, janariak banatzen jarraitzeko. Erakunde sozialak aurrez aurreko zerbitzua itxi egin behar izan zuen, baina premia-maila handieneko pertsonei elikagaiak ematen jarraitu du.
Hondakinen Kontsortzioa Nafarroako Gobernuak eta zerbitzuen 15 mankomunitatek osatzen dute, eta Villa Javier jangelak bertara jo zuen janariak banatzeko ontziak eta poltsak behar zituelako. Mankomunitatearen barruko erakunde guztiek elkartasunez erantzun diote eskaera honi: Alto Araxes, Bidausi, Baztango Udala, Bortziriak, Esca Salazar, Irati, Mairaga, Malerreka, Mendialdea, Montejurra, Goi Erribera, Erribera, Sakana, Zangoza eta Valdizarbe. Kontsortzioak koordinatuta, 12.000 ontzi konpostagarri eta 12.000 poltsa berrerabilgarri eman dituzte, eta kopurua gehitu daiteke jangela sozialaren premien arabera.
Kontsortzioaren kudeatzailea den Fernando Mendozak ondorengoa nabarmendu du: “ezbairik gabe ekimen sozial hori babestu dugu daukagun materialarekin, ostalaritzako eta jatetxeetako lokaletan dagoen janaria alferrik ez galtze aldera”. Halaber, eskerrak eman ditu “Mankomunitateko erakunde guztiek emandako erantzun solidarioarengatik, alderdi soziala, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa landu baitituzte”.
Villa Javier irabazi asmorik gabeko erakundea da, Erriberako boluntarioek osatzen dutena, pobreziaren eta desberdintasunen aurka lan egiteko. Jangela-zerbitzua eskaintzen die ahultasun-egoera bereziak direla-eta (ekonomikoak, psikikoak, administratiboak,…) elikadura orekatua eta osasungarria erregularki eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonei.
Adin txikikoak dituzten familiei dagokienean, elikagaiak ematen zaizkie ‘El Capacico’ izeneko autozerbitzuaren bitartez, oinarrizko gizarte-zerbitzuek koordinatuta, jangelan artatuak izan ordez etxean janaria prestatu dezaten.
COVID-19a dela-eta alarma-egoera dekretatu zenetik, jangelako zerbitzu presentziala bertan behera geratu da, eta prestatutako janaria erabili eta botatzeko ontzi eta poltsetan banatzen da. Gosaria, bazkaria eta afaria batera banatzen dira eguerdi aldera.