2020ko apirilaren 14a

Lehen altak ematen hasi dira egoitzetatik datozen adinekoentzat prestatutako bitarteko baliabideetan

1.197 PCR proba egin zaizkie egoiliarrei, eta %76ak positibo eman du
Rueda de prensa de la consejera Carmen Maeztu  Irudi galeria

Eskubide Sozialetako Departamentuak prebentzio eta zaintza neurriak areagotzen jarraitzen du desgaituen eta adinekoen zentroetan, orain arte 1.197 PCR proba egin dizkie egoiliarrei, eta %76ak positibo eman du.

Horrela adierazi du Carmen Maeztuk, Eskubide Sozialetako kontseilariak, eta gogoratu du egoitzak “bereziki sentiberak direla pandemia honen aurrean"; halaber, adierazi du “era oso ahalketsuan bada ere, hasi direla emaitza positiboak ikusten”.

Ia 3 astetan, 10 egoitza-zentrotan esku hartu dute, eta 4 zentro berezi prestatu dira: bi Covid-19a dutenentzat (Felix Garrido eta Fiteroko Bainuetxea) eta beste bi negatiboentzat (Lekarozko zentroa eta AC San Fermín Hotela). 164 pertsona eraman dira leku horietara, eta horietako 4 jada itzuli dira jatorriko egoitzara.

Bestalde, kasu positiborik edo susmorik gabeko zentroen kopurua gorantz egiten hasi da, eta desgaitasun zentroetan ere jaisten ari da birusaren eragina.

Egoitzetan adinekoak artatzeko Eskubide Sozialetako Departamentuak milioi 1 euroko inbertsioa egin du lehen hilabete honetan, ekintza ezberdinen bitartez. %50a langileei dagokie. Orain arte 107 pertsona kontratatu ditu Eskubide Sozialetako Departamentuak, eta desgaituak artatzeko 32 zaintzaile eta Hezkuntzako langile beren borondatez sartu dira baliabide ezberdinetan.

Adinekoak artatzeko 4 laguntza-zentro prestatu dira 3 astetan

Ia 3 astetan, 4 zentro prestatu ditu Eskubide Sozialak egoitzei babesa emateko Nafarroako geografiako puntu ezberdinetan, modu horretan, zentroetan espazioak berrantolatzeko eta positiboak behar bezala isolatzeko.

Martxoaren 29an jarri zuen abian lehena, Felix Garrido egoitza, 52 lagunentzako edukierarekin. Egun, 50 okupatuta daude, eta dagoeneko 62 pertsonak eman dute positibo, baina ez dute ospitaleratu beharrik. Horiek 9 egoitzatatik, Nafarroako Ospitale Gunetik eta Garcia Orcoyen Ospitaletik etorritakoak dira. Zentroaren zuzendaria den Gema Urralburuk nabarmendu nahi izan du izugarrizko ahalegina egin dela “batetik bestera eramaterakoan zaintza bermatzeko, familiekiko komunikazioa areagotzeko eta pertsonen borondatea artatzeko, haiekin nola jokatzea nahi dutenaren inguruan”. Horrez gain, zentroko altak nabarmendu ditu, 4 alta orain arte.

Apirilaren 6an, Fiteroko Bainuetxeak bere ateak ireki zituen Erriberako zonarako; egun, 22 pertsona daude, zonako 3 zentrotakoak eta, kasu batean etxetik etorritakoa. Olga Cuairan zuzendariak nabarmendu nahi izan du zonako herriek babes handia eman dutela: “dena eman dute, bereziki Fiterok eta Cintruénigok, baita Udaltzaingoak, Guardia Zibilak ere, eta beste jende asko gure esku jarri da edozer gauza egiteko”. Fiterok ostatu eman die zonako 4 osasun-langileri, etxera ez itzultzea nahiago dutelako pandemiak irauten duen bitartean.

Baliabide horiei gehitu zaie Miserikordia Etxearen ekimena, Burlatako AC San Fermin Hotelarekin, eta ekimen hori Eskubide Sozialetako Departamentuak ere erraztu egin du. Hasiera batean Iruñeko zentro horretako 40 pertsona autonomo eramateko balio izan bazuen ere, bertara eraman dira baita ere Tafallako beste 6 pertsona. Guztiak COVID-19aren negatiboak dira.

Horrez gain, asteburu honetan ireki da Lekarozko Interpretazio Zentroa, Baztango zonari estaldura emate aldera, 48 pertsonarentzako lekuarekin. Dagoeneko 36 iritsi dira Elizondoko egoitzatik.

Bestalde, Eskubide Sozialetako Departamentuak 10 zentrotan esku hartu du. Maeztu kontseilariak adierazi moduan, esku-hartzeak ez du esan nahi Departamentuak "agintea bere gain hartzen duenik", modu ezberdinetan babesten duela baizik; hau da, espazioak berrantolatzeko aholkuak emanaz, egoiliarrak leku batetik bestera eramanaz edota langileak kontratatzea erraztuaz bajak estaltzeko edo zuzendaritzari babesa emateko.

Asteburu honetatik aurrera, zentro horietan lan egin eta etxera itzuli nahi ez duten langile soziosanitarioek eska dezakete Osasun Departamentuak osasun-langileentzat jarritako hoteletan egoteko aukera izatea.

Azkenik, aipatzekoa da PCR probak egin zaizkiela Tuterako La Milagrosako egoitzako langileei, zentroetan egoiliarrekin batera egon diren lankideei txanda egiten zietelako. Kasu guztietan, proba negatiboa izan da.

COVID-19aren eragina adinekoen egoitzetan

Asteartetik, apirilaren 7tik, hona, Nafarroa Ministerioak ezarritako araua jarraitzen ari da, autonomia erkidego guztien artean informazioaren bilketa homogeneizatzeko.

Datuen arabera, adinekoen egoitza-zentroetan atzo 783 kasu positibo berretsi ziren, 5.835 laguneko kopuru osoaren gainean. Horietatik guztietatik 62 ospitalean daude eta 721 egoitzan bertan. Era berean, 150 lagunek aurkeztu dituzte COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak. Une honetan, 4.000 pertsona inguruko plantillatik 453 profesional daude bajan.

Bestalde, zentroek atzora bitarte emandako datuen arabera, adinekoen egoitzetan martxoaren 8az geroztik 419 pertsona hil dira, eta horietatik 127 lagunek positibo eman zuten PCR proban. Halaber, aipatzekoa da zentroen arabera hildako beste 156 pertsonak COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak zituztela. Ministeriora eramandako datu horiek gobernu irekiaren atarira ere eraman dira, eta eguneratzen joango dira, gai honen inguruan erabateko gardentasunez jokatzeko.

Egiaztatu daitekeen moduan, azken bi egunetan, igoera esanguratsua izan da zenbait egoitza soilik berretsitako kasuak ematen ari zirelako eta ez sintoma bateragarriekin baina PCR positiborik gabe hildakoenak. Halaber, baieztatu gabeko sintomak dituzten kasuak jaisten ari dira, egindako proben kopuruak gora egin ahala.

Datu positibo gisa, nabarmendu behar da gehitzen ari dela Nafarroan COVID-19aren baieztatutako kasurik edo susmorik ez duten adineko egoitzen kopurua, eta %52,1ekoa dela.

Eragina desgaituen zentroetan

Desgaitasuneko 49 zentrori dagokienean, kasuen eragina txikiagoa da, eta egoera hobetzen ari da. Baieztatuko positiboak jaisten ari dira: guztira 83 pertsona daude 1.025 plazaren gainean. Horietatik 12 ospitaleratuta daude, eta 71 egoitzetan aurkitzen dira. Era berean, beste 4 pertsonak sintoma bateragarriak dituzte baina baieztatu gabe daude. Martxoaren 8az geroztik hildako pertsonei dagokienean, 6 hil dira eta guztiak COVID-19a baieztatuta. Sektore honetan, bajan daude 88 profesional. Halaber, adierazi behar da gero eta gehiago direla kasu positiborik edo susmagarririk ez duten zentroak; hots, %75,5.

Maeztu kontseilariak itxaropen-mezua bidali nahi izan du egoera gogorra izan arren: “Koronabirusaren aurkako benetako antidotoa lankidetza eta konfiantza dira; horiek gabe ezingo dugu epidemia gerarazi”, adierazi du.

“Jakin badakigu egoitzetan dauden pertsonak ahulenak direla osasun-krisiaren aurrean. Atzo Europako datuak ezagutu genituen, eta krisi honetan hildako pertsonen %50 inguru zentro horietan bizi ziren. Gure eskura dauden neurri guztiak hartzen ari dira adinekoen eta desgaituen osasuna eta ongizatea zaintzeko, eta itxaropenez ikusten dugu adineko gehienek gaixotasun honetatik sendatzea ere lortzen dutela”.